BAKARRIZKETA

Spotify eta txanponaren bi aldeak

HAYOUNG JEON/EFE.
aitor biain
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Spotify streaming bidezko musika zerbitzuak inoiz baino erabiltzaile gehiago ditu, baina dirua galdu eta galdu ari da.

1. Garai onak dira streaming bidezko musika zerbitzuarentzat? Hala dirudi; jendea musika egarriz dago, eta zuzeneko kontzertuen faltan, Internet bidez entzun beste aukerarik ez dute askok; Spotifyn, besteak beste.

2. Pandemia lagungarri izan zaio plataformari, beraz? Bai, Suediako erraldoiak inoiz baino erabiltzaile gehiago izan baititu 2020an: 345 milioi erabiltzaile aktibo denera. Aurreko urtean baino %27 gehiago da hori. Aurreikuspenak gainditu ditu, eta lehiakide dituen beste plataformak baino gehiago ditu orain. Gainera, horietatik 155 milioi lagun dira harpidedunak, alegia, musika online entzutegatik ordaintzen dutenak.

3. Nola, baina, gainerakoek ez dute ordaintzen? Ez. Aspaldiko eztabaida da Spotifyren doako zerbitzua. Musikari eta ekoizle asko aurka azaldu izan dira, baina enpresa tematuta dago mantentzeaz, uste baitu doako zerbitzuak ordainpeko harpidetzak sustatzen dituela.

4. Diru sarreretan nabarituko du enpresak orduan? Tira, iaz 7.880 milioi euroren diru sarrerak izan zituen enpresak, 2019an baino %16,5 gehiago. Eta horietatik 7.135 milioi euro dira Premium harpidetzaren bidez eskuratutakoak. Harpidetzak igo egin dira, gainera: aurreko urtean baino %24 harpidedun gehiago ditu orain plataformak. Horrez gain, publizitateari esker irabazitakoa ere iaz baino %29 handitu du aurten. Doako zerbitzuari publizitateari esker ateratzen baitio errentagarritasuna.

5. Baina zergatik diozu txanponaren bi aldeena, orduan? B aldeari ere begiratu behar zaiolako halakoetan. Ez kaseteen B aldeari, kontuz, negozioaren B aldeari baizik: gastuei, alegia. Eta hor datuak ez dirudi horren onak direnik.

6. Zergatik?Badirudi datu on horiek guztiak ez direla nahikoa Spotifyrentzat, ez baitio utzidirua galtzeari. Denera, 581 milioi euroren galerak izan ditu enpresak 2020an. Iazko kopurua halako hiru, beraz.

7. Zertan gastatzen du diru gehien, bada? Spotifyk dirutza ordaindu behar izaten die artistei eta ekoiztetxeei egile eskubideengatik. Iaz, esaterako, 5.865 milioi euro ordaindu zizkien. Gainera, erabiltzaile bakoitzeko batez besteko diru sarrera ere %8 apaldu da azken urtean: 4,26 euro da egun. Izan ere, entzule berrien bila Errusian eta Indian ere hedatu du zerbitzua, eta harpidedun berriak erakartzeko deskontuak eskaini ditu hainbat herrialdetan.

8. Gastuak handitzen badira, diru sarrerak ere handitu beharko dira, ezta? Hala da; oinarrizkoa da hori. Urrian dagoeneko harpidetzaren prezioa igo zuen zazpi herrialdetako familia eskaintzetan. Eta iragarri du beste horrenbeste egingo duela Europan, Hego Amerikan eta Kanadan. Euro bat garestituko da hileko kuota: 15,99 euroraino. Erabiltzaile bakoitzaren harpidetza hileko 10 euro da hemen.

9. Aizu, eta zer musika entzuten da munduan? Reggaetona eta trapa, batez ere. Bad Bunny Puerto Ricoko abeslaria izan baitzen 2020an Spotifyn gehien entzun zen artista; 8.300 milioi erreprodukzio baino gehiago izan zituen munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.