UDAKO SERIEA. Hego Sudan, independentziatik hamar urtera (II). Gerra ostera.

Iraganeko zauriak, berriz odoletan

Estatu sortu berriaren esperantzak azkar zapuztu ziren. Independentzia aldarrikatu eta bi urtera, SPLM zatituta zegoen, eta gerra zibila piztu zen dinken eta nuerren artean. 400.000 hildako eta lau milioi desplazatu eragin zituen 2013tik 2018ra.

Soldaduak besterik ez Bentiu herrian, Batasuna estatuan. Herritar guztiek alde egin zuten gerra heldu zenean. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Aho batez independentziaren alde bozkatu eta bi urteren buruan, 2013an, gerraren atarian zegoen berriz Hego Sudan, SPLM Sudango Herria Askatzeko Mugimenduak ordurako barnean zituen gatazka, mesfidantza eta banaketen eraginez. Estatuaren arduretan parte hartzeak onura ugari zekarzkien agintariei: petrolioaren irabaziak batetik —bake akordio orokorraren ondoren—, eta nazioarteko laguntzen azpikontratuak, negozio aukerak eta abarrak bestetik. Baina liderren arteko lehia eta borroka isilek elkarlana zapuzten zuten gobernuaren barruan, eta tribuen arteko bereizkeriak eta ustelkeria bultzatzen zituzten neurrigabe.

Aldiz, herritarren artean hezkuntza eta gaitasunak hedatu edo sortzeari zegokionez, eta gizarte zerbitzuen alorrean, Hego Sudanek ez zuen aurkitzen aurrerabide garbirik. Elikaduraren segurtasunik ezaz eta behar humanitarioez NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziak eta gobernuz kanpoko erakundeak arduratzen ziren, giza eskubideen aurrean zuloa sakontzen ari zirela ez balekite bezala, eta gizarte eragileen kritikak ere gutxituz joan ziren atxiloketen eta hilketen astinduz.

Salva Kiir presidenteak, trantsizioko konstituzioari helduz betiere, botere gehiago bereganatu zituen SPLMren barruan, haren buruzagitzaren kontrako oposizioa eraginkorragoa bilakatu zenean. John Garangen SPLMren garaian eragilerik boteretsuenak ziren bor dinken eliteak—dinken arteko hegoaldeko taldea— eta nuerren lider bihurtutako Riek Machar presidenteordea ahalegindu egin ziren elkarrengana hurbiltzen, iraganeko liskarrak gaindituz; SPLMren barruan erreformak eskatu, eta Salva Kiirren alternatiba bat proposatu zuten, 2015eko balizko hauteskunde orokorrei begira.

Jubako deklarazioaren ondoren (2006), nuerren armada eta politikariak gobernuko alderdian barneratu zirenetik, 2008ko alderdiaren kongresutik gutxienez, Riek Machar zain zegoen bere hautagaitza noiz aurkeztu ahal izango zuen, eta 2013aren hasieran erabakia hartuta zuen. Hala ere, Salva Kiirrek beharrezkoa zatekeen erreforma blokeatu zuen, gerrilarien artean konnotazio garrantzitsua duen diziplinaren izenean, eta urte hartako uztailean, Riek Machar eta beste hogei ministro gobernutik kanporatu zituen, azalpen gehiago eman gabe.

Abenduaren 6an, alderdiaren batzarraren aurretik, Riek Macharrek, beste hainbat politikariz inguratuta, prentsaurreko gogor bat egin zuen Salva Kiirren jokaera salatu eta SPLM demokratizatzeko galdatuz. Esan zuen, era berean, nabari zela Hego Sudango buruzagitzan NCP Kongresu Nazionalaren Alderdia infiltratu zela. Abenduaren 15eko gauean, berriz, Salva Kiirrek estatu-kolpe saiakera bat leporatu zion Riek Macharri. Haren ondoan agertutako politikariak atxilotu egin zituzten, eta Riek Macharrek ihes egin zuen Jubatik. Gau hartan, SPLM bitan zatituta geratu zen.

Biharamunean, tiroketak eta hilketak zabaldu ziren Jubara lan eta etorkizun bila iritsitako nuer familien auzoetan. Armadako komandante nuerrek matxinadarekin bat egin ahala, gatazka ziztu bizian bilakatu zen gatazka etniko, eta aurretik ere elikaduraren segurtasunik ezagatik gordina zen egoera humanitarioa are gehiago okertu zen.

Adiskidetu, nor-norekin

2014ko urtarrilaren bukaerarako, desplazatuak 700.000 ziren, eta beste 100.000, mugaz kanpo alde eginak. NBEren laguntza humanitariorako buru Valerie Amosek halaxe azaldu zion kazetari taldeari. Gerra zibila saihesteko, berradiskidetzea bultzatu nahian zebilen NBE, eta kazetari batek zera galdetu zuen: «Nor-norekin adiskidetu nahi duzue, presidenteak konstituzioaren aurkako estatu-kolpe saiakera bat izan dela dioenean?». Toby Lanzerrek, NBEren izenean, zera erantzun zion: «Hegosudandarrak adiskidetzea da kontua, ez nik nor-norekin adiskidetu nahi dudan. Hau da, Hego Sudango eragile guztiek, maila guztietan, aitortu behar dute elkarrekin lan egin behar dutela etorkizuna bermatzeko».

Laguntza humanitarioaren gaitasunak gainezka egin zuen aurreikusi gabeko desplazatu uholde harekin. Adjumanin, Ugandako iparraldean prestatutako harrera zentro batera ehunka emakume eta haur iristen ziren egunero, gizonak gudalekuetan galdu ondoren, eta gaixotasunek jota eta oinarrizko behar itzelekin bazeuden ere, eguzkipean zain zeuden; «mantarik ere ez lo egiteko», zioen Jongleytik iritsitako Debora Akuaim dinkak. Urik ere ez zegoen aski. Bitartean, gutxienekoa baino gutxiago eman behar zuten dohaintza emaileen funtsen zain jarraitzen zuen UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak.

2014ko urtarrilean, Juban jarraitzen zuten nuer guztiak aireportuaren ondoko UNMISSen eremuan babestuta zeuden—NBEk igorritako soldaduen eremuan—, eta gabeziak izugarriak ziren han ere, baina ez zuten inongo gogorik etxera itzultzeko. Afrika ekialdeko erbestera ihes egiteko bitartekoak izan zituzten nuerrek, berriz, genozidioa salatzen zuten, Juban etxez etxe hil zituztela esanez eta 1991n nuerren SSDF taldeak bor dinken aurka egindako krimenak gogoraraziz Salva Kiirrek hilketen bezperan egindako irrati adierazpenak aipatuz. Nuerrak eta dinkak, batuta, ez ziren hegosudandarren erdiak ere, baina haien arteko konponezinak gerra ekarri zuen, eta, iraganeko bizimoduari eutsiz, armadak eta miliziak sortzeari ekin zioten tokian tokiko leinuek eta gizataldeek, eraginkortasun politikoa lortzeko. Iraganeko zauriak odoletan ziren ostera.

Ugandako armadak SPLA ofizialaren alde egin zuen berehala, Afrikako Batasunaren oniritzia ere itxaron gabe, eta IGAD Gobernu Arteko Garapenerako Agintaritza Addis Abebako elkarrizketak sustatzen saiatu zen. UPDF Ugandako armadak gudalekuetan emandako abantailarekin, baina, SPLA Sudango Herria Askatzeko Armada ofizialak Jubatik iparraldera bultzatu zuen matxinoen armada zuria —gero Oposizioko SPLA deitua izango zena—. 2014ko urtarrilaren 12an, Batasuna estatuko Bentiu hiriburua—gehiengo nuerra du— hartu zuen SPLA ofizialak.

Soldaduen poza, herri hutsa

Azkarki aurrera egiten zutela erakusteko, SPLAko militarrek kazetari talde bat eraman zuten hegazkinez Bentiura, azken segadek utzitako gorpuak oraindik ere eguzkipean usteltzen ari zirela, baina, horrek baino gehiago, bi gauzak harritu zuten kazetari hau: petrolio gordinaren milioika upel ematen duen lurralde hori zenbateraino azpigaratuta zegoen, eta soldadu taldeak bozkarioz batetik bestera zebiltzan arren hiriko etxe, denda eta banku xumeak zeharo hustuta zeudela eta bertako biztanle guztiek ihes egin zutela.

SPLAk Jongleyko Bor hiria hartu nahi zuen jarraian, hegoaldetik eta iparraldetik ere eraso eginez. Aitzinatze militar azkarrak sakoneko adiskidetzea ez ote zuen atzeratzen pentsatuz, su-etena agendan ote zegoen galdetu nion James Mai SPLAko komandante nagusiari, eta honela erantzun zuen hark: «Ez dago. Agendari buruz Addis Abeban ari dira hitz egiten; guk ez dakigu zertaz ari diren hizketan».

Bentiutik Malakalera, Goi Niloko hiriburura eraman zuen armadak kazetari taldea; hango erdigunea ere azkar konkistatu zuten, baina han ere, biztanleriaren desplazamenduen ordainarekin. Nuerrak UMMISSen kanpalekuen ondoan pilatzen ziren babes bila eta laguntzaren zain, eta gaztetxo asko, nuerrak bereziki, armada zuriaren matxinadak harrapatzen zituen. Horren aurrean, Simon Kun Goi Niloko gobernadoreak zioen gerraren bitartez ez zela ezer lortuko eta azkenean denek galduko zutela. Hiria suntsitua eta arpilatua zegoen harrezkero, baina okerrena etortzekoa zen oraindik, Bentiu eta Malakal, beste hainbat leku bezala, aldiroko gudalekuak izan baitziren. 2013tik 2018ra arte iraun zuten Hego Sudango borrokek, eta, kalkulurik ilunenen arabera, 400.000 pertsonak galdu zuten bizitza, eta desplazatuen kopurua lau milioira iritsi zen.

Borrokek Borreko dinken artean eragindako hondamendia dokumentatzea zen kazetarien ardura 2014ko urtarril hartan, baina oinazea erakusteko aukera errazik ez zegoen, horretan saiatzeari matxinoen aldeko ezkutuko lana baitzeritzoten. Borretik Jubara egunero soldadu zaurituak iristen zirela egiaztatu ahal izan zuen kazetari honek, ospitale militarreko zuzendaria zen jeneralaren ahotik. Ospitalea grabatzeko baimena eman zuen hark. Baina, tupustean, Defentsa ministroa agertu zen han. Zaurituei dinkeraz animoak ematera zetorrelakoan. Kazetaririk gabe eta presaka bezala alde egin zuenean, soldadu talde batek kazetari hau atxilotu zuen, eta Jubako kanpoaldean inteligentzia agentziak zuen eraikin batera eraman.

Tresna eta disko guztiak harrapatu eta kendu, eta, orduetako itxaronaldiaren ondoren, «armada desmoralizatzeko asmoa» leporatu zioten kazetari honi. 24 ordu Hego Sudandik alde egiteko; alferrik izan ziren kazetariaren eta haren lagunen ahalegin guztiak goitik iritsitako aginduaren aurka. Ordu luzeen ondoren, azken erabakia jakinarazi zion gizonak zera gaineratu zion: hegosudandarren laguna izan ez balitz kartzelara eramango zuketela.

Bakearen haziak

Bi asteren buruan berriz itzultzeko aukera izan nuen, ordea, Canterburyko gotzaina iritsi zelarik Jubara. Adiskidetzearen haziak ereiteko ordua zela zioen Eliza anglikanoko gotzainak, Hego Sudanen duen indarra baliatzearren, barkamenaren sustraiak botatzen hasteko. Baina gerrak aurrera jarraitzen zuen; eta Addis Abebako elkarrizketen bilerek, batzuetan, minutuak ere ez zuten irauten. Gerrak goratutako ahotsek baino egiazkotasun eta zilegitasun handiagoa zuten isilarazitako ahotsek. Izan ere, gerrak ezinezko bihurtzen zuen ustelkeriaren aurkako lana, eta estatu komuna inoren onurarako suntsitzen ari zen, gainera, hainbeste milaka hildakoren ondoren.

Bakea behar zuten, ez behin-behinekoa, baizik eta iraunkorra. Horretarako, «paper zati batean barik, bihotzetan inprimatzea da behar duguna», zioen Victor Kerik, 2005ean sortutako egunkari bateko zuzendariak. Militarrak nagusitu zirelarik, gizarte zibilak isilean egin behar zuen bere lana, nahiz eta inork baino zintzoago islatu hegosudandarren sakoneko nahia. Deng Rehanek, gizarte zibilaren aliantza baten izenean, nazioarteko komunitateari neutraltasuna eskatzen zion, eta herritarrei, pazientzia, etorkizuneko agintariak aukeratzeko 2015eko hauteskundeak egin ahal izango baziren. «Gizarte zibilak bere burua hezteko aukera behar du, eta garaia da». Ustelkeriaren aurkako epaitegiak behar zirela zioen, eta horretarako beharrezkoa zela herritarren batasuna, «banaketa nagusituko balitz ez baikenuke aukerarik izango eskubideez hitz egiteko ere». Elkarlanaren haziak ernaltzen ahalegintzen zen gizarte zibila, baina urteak beharko ziren sustraiak egiterako.

Bihar: Elkarrizketa Nazionala eta bakerako akordioa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.