BAKARRIZKETA

Kamera ezkutuak jar daitezke langileak zelatatzeko

BERRIA.
xabier martin
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
1. Nork dio beharginak beren lanpostuan daudenean kamerak jar daitezkeela haiek zelatatzeko? Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du legezkoa dela kamera ezkutuak jartzea langileen jarduna zelatatzeko.

2. Baina zer diozu? Hori ez da-eta legezkoa. Ez da legezkoa ez bada lapurreta egiten dutela frogatzeko neurri bat. Lopez Ribaldaauzia goi auzitegira iritsi da, eta, beharginaren intimitatearen alde egin beharrean, bere aurreko ebazpen batean atzera egin, eta enpresariak haien delituak frogatzeko daukan eskubidearen alde egin du.

3. Zer da Lopez Ribalda auzia? Bartzelonako supermerkatu batean gertatutako lapurreta eta kaleratze batzuen auzia. Kutxetan jarduten zuten bost behargin ohik Europara eraman dituzte beren kaleratzeak, nahiz eta onartu lapurretan ibili zirela. Enpresak kamerak jarri zituen lantokiaren sarreran eta irteeran, eta haien berri eman zuen; baina ez zuen ezer esan supermerkatuaren beste hainbat lekutan jarritakoei buruz.

4. Baina zergatik hainbeste kamera? Salmenten eta gaien arteko desoreka nabarmenak sumatu, eta lapurreta handiak gertatzen ari ziren susmoa hartu zutelako. Kamera horiek lantalde osoa grabatu zuten egun batzuetan, eta, 80.000 euroren lapurretak langile jakinekin lotzeko, irudiak hartu zituzten. 2009ko ekainean langileak deitu zituzten irudiak ikus zitzaten. Langile batzuk lapurretan erakusten zituzten irudiek, baita beste bezero batzuk lapurreta egiten laguntzen ere. Hamalau langile kaleratu zituen enpresak zigor kaleratzeen bidez, eta denek jo zuten inpugnaziora, beren intimitaterako eskubidea urratu zela argudiatuta.

5. Eta ez al da horrela? Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baietz esan zuen aurrena, erabaki zuelako enpresak kamera guztien berri eman eta haien helburua azaldu behar zuela. Orain, berriz, haren aurka egiten ari zen delitua frogatzeko enpresak duen eskubidearen alde egin du, eta Espainiak ez die 4.000 euro ordaindu beharko supermerkatuko bost langile ohiri (bat hil egin da) kalte moralengatik.

6. Eta orduan, zer, enpresaren edozein lekutan jar daitezke kamerak? Ez, ezin dira jarri aldageletan edo langilearen intimitatea eta giza duintasuna urratzeko moduko lekutan. Baina jar daitezke lan zentroko beste guneetan, betiere kamerak daudela ohartarazita, kartelen bidez edo beste bitartekoren baten bidez. Edonola ere, arautegia ez da erabat argia, eta horregatik bukatzen dute auzitegietan horrelako auzi askok.

7. Beste kasurik?Bershka auzia sonatua izan zen, adibidez. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2016an ebatzi zuen legezkoa zela Inditex taldeko enpresa horren langile baten kaleratzea; kamerek grabatu zuten kutxatik dirua lapurtzen. Lantaldeari ez zioten kamera horien berri eman, baina enpresak erakusleihoan kartel bat zuen jarrita, ohartaraziz barruan kamerak zeudela. Auzitegiak balekotzat eman zuen abisu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.