BAKARRIZKETA

Sugeen loaldiak ezin izan du Tesla gelditu

JENS SCHLUETER / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Brandeburgoko (Alemania) epaitegi batek arrazoia eman dio Tesla auto elektriko ekoizleari, eta, ondorioz, zuhaitzak mozten jarraitu ahalko du Berlinen eraikitzen ari den fabrika erraldoia handitzeko. Talde ekologistek mozketa gelditzeko eskatu zuten musker eta sugeen hibernazioa aztoratzen zuelako.

1. Betikoa, ingurumenaren eta enpresa handien interesen arteko lehian, dirua irabazle. Bai, baina ez da erraza izan, Alemaniako talde ekologistek indarra dute, eta buruhauste handia izan dira Teslarentzat.

2. Baina, azkenean, arrazoia eman diote. Ados. Epailearen ustez, bota nahi duen pinudiko lanek ez dutelako musker eta sugeen hibernazioa aztoratzen. Dena den, Brandenburgoko naturaren kontserbazioaren aldeko elkarteak salaketa jarri zutenetik lanak etenda egon dira.

3. Eta irabaztea espero al zuten? Irabazi, edo martxora arte eustea. Martxotik aurrera zuhaitzak botatzea debekatuta baitago Alemaniako eskualde batzuetan, txoriak habiak jartzen hasten direlako basoetan.

4. Benetan? Esan dizut lehen ekologistek indarra dutela han.

5. Eta non dago baso hori? Grunhelden, Berlindik 35 kilometrora. Teslak bertan eraikiko du bere laugarren lantegi erraldoia. Beste hirurak New Yorken (AEB), Nevadan (AEB) eta Shanghain (Txina) daude. 41 milioi euroan erosi du lursaila.

6. Horrelako datuekin, ez da harritzekoa epaileak arrazoia ematea. A ze kasketa duzun horrekin. Begira, iaz beste salaketa bat jarri zioten ekologistek, saguzarren hibernazioarekin lotuta, eta justu-justu irabazi zuen Teslak. Saguzarrak lekualdatu behar izan zituen pinu mozketa martxoaren aurretik bukatzeko.

7. Ez dut Elon Musk irudikatzen sare batekin saguzarren atzetik. Ez, baina txorientzako habiak eraiki behar izan zituen, eta saguzarrek neguko loaldirako tokia zutela bermatu. Horretaz gain, botatzen duen pinu bakoitzagatik hiru landatuko dituela hitzeman du. Gainera, hori ez da eragozpen bakarra izan: pinuak mozten ari zirela, AEBek Bigarren Mundu Gerran jaurtiriko eta lehertu gabe zeuden bonba asko aurkitu zituzten.

8. Eta zuhaitz asko bota al ditu? 300 hektarea behar ditu guztira plantarako, eta horietatik 153 basoa ziren, 300 bat futbol zelai. Lursail handia behar du, urtean 500.000 auto ekoiztea da asmoa, eta 2021eko uztailerako martxan egotea. Teslak aurreratu du 4.000 lanpostu sortuko dituela, eta, salmenta aurreikuspenak betetzen badira, epe motzean 8.000 izango direla.

9. Baina saltzen al dira auto elektrikoak? Nirea aldatzekotan nabil... Gero eta gehiago. Irailean, esaterako, elektriko (%25) eta hibrido (%25) gehiago saldu ziren Europan dieselak baino (%47). Lehen hilabetea da halakorik gertatzen dena.

10. Horregatik Berlingo inbertsio handia, ezta? Teslak fede handia du bere baterien ahalmenean. Berlinen 4680 bateria modeloa ekoitziko du, eta, markak dioenez, ohiko bateriek baino bost aldiz energia gehiago pilatu dezakete eta sei aldiz indar handiagoa askatu.

11. Ez dira merkeak izango... Ez. Berlinen Tesla Y SUVa eta Model 3 Sedana ekoitziko dituzte. 65.000 eta 50.000 euro balio du bakoitzak, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.