BAKARRIZKETA

Dolce & Gabbana, txinatarrei barkamen eske arrazismoagatik

STR / EFE

Jon Fernandez -

2018ko azaroak 25
Minutu eta erdiko barkamen bideo bat da. Pareta estanpatu gorrizta bat atzean, mahai huts bat aurrean, Domenico Dolce eta Stefano Gabbana diseinatzaile italiarrak kopetilun ageri dira, atsekabetuta. Beltzez jantzita eta eskuak mahai gainean jarrita, aste honetan barkamena eskatu diote, «bihotz-bihotzetik», txinatar guztiei. Hala ere, barkamen bideoa ez da nahikoa izan txinatarrek D&G markari hasitako boikota geratzeko.

1. Zer egin dute diseinatzaileek txinatarrak haserretzeko? Txinako millennial-ak Italiako luxuzko markara erakartzeko kanpaina bat egin dute, baina kontrako emaitza lortu dute. Joan den eguaztenean The Great Show (Ikuskizun handia) izeneko desfilea egin behar zuten Shanghain, markak inoiz antolatutako handiena. Baina hura sustatzeko sare sozialetan zabaldutako bideoek sekulako haserrea sortu dute, eta bertan behera utzi behar izan zuten desfilea, modeloek eta desfilera gonbidatutako Txinako pertsonai ezagunek boikota iragarri zutelako.

2. Ikustekoa izango da bideoa. Jan zotzekin izena zeukan bideoen kanpainak, eta #DGLovesChina (D&Gk maite du Txina) traola zeraman. Bideoan, neska gazte txinatar bat agertzen da mahaian: janari italiarrak dauzka platerean —batean pizza, bestean espagetiak— , baina mahai tresna gisa bi zotz darabiltza eskuan, eta ez da moldatzen pasta eta pizza jateko. Txinatar asko sutu egin ditu estereotipoen erabilerak, arrazistatzat jo dituzte bideoak, eta boikota hasi dute D&Gren kontra: dagoeneko haien produkturik ez dago Txinako saltoki katerik handienen apaletan eta webguneetan (Taobao.com, JD.com, Amazon China eta Lane Crawford).

3. Ez al dira errazegi haserretu? Bideoa umorezko keinu bat izango zen... Umorea egiteko erak eta erak daude. Ez dirudi ideia ona denik eroslea tontotzat irudikatzea eta gero hari eskatzea zuri erosteko. Gainera, ez da bideoa izan bakarrik, Gabbanaren mezu pribatu batzuk sutu du bereziki jendea: Txina «kaka herrialdea» dela zioen, «ezjakinez betetakoa» eta «mafia kiratsa dariona». Gabbanak ukatu egin du mezuak bereak zirenik, eta salatu du hackerren bat sartu zaiola kontuan.

4. Ciao millennial txinatarrei, hortaz. Luxuzko merkatu handiena da Txina, eta handiagoa izango da laster, eta D&Gk uste zuen kala egokia zela erosleak arrantzatzeko. Hamazortzi eta 34 urte artean dauzkatenak dira millennial-ak, eta BCG aholkularitza etxearen arabera, munduko luxuzko merkatuko erosleen %50 izango dira 2024an. Iaz txinatarrak izan ziren luxuzko produktuen erosleen %32, eta 2024an %40 izango dira.

5. Zergatik haserretu dira bereziki gazteak D&Grekin? Bereziki gazteentzat zen bideoa, Txinako gazte dirudunek gurasoek baino gehiago gastatzen dutelako —luxuzko produktuen erosleen %48 dira—. Luxu eredua aldatzen ari dira: ez dute jarraitu nahi Mendebaldeko luxu marka tradizionalak erosten, luxu ikur propioen bila dabiltza. Horregatik egin du D&Gak ahalegin berezia gazteok erakartzeko. Baina gazte askok jada Dead&Gone deitzen diote sarean: hila eta kaleratua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna