UDAKO SERIEA. Sortaldeak (V). Emakume bertsolarien sarea.

Ber oholtzan jarritako oina

Bertsoak badu lehiatik eta bakarkakotik. Andre bertsolari batzuek, ordea, elkarrekin egin dute bidea, saio bereziak, ahalduntze eskola eta gaiari buruzko gogoeta sustatuta. Taldearena baino gehiago, sarearen babesa sentitzen dute Amaia Agirre, Oihana Bartra eta Ane Labaka bertsolariek. Kolektiboaz ari dira bat-batean.
Emakume bertsolarien sarearen parte dira Amaia Agirre, Oihana Bartra eta Ane Labaka. Talde itxia ez izan arren, aitortu dute elkarrekin egindako lan kolektiboak baduela eraginik bakarka.
Emakume bertsolarien sarearen parte dira Amaia Agirre, Oihana Bartra eta Ane Labaka. Talde itxia ez izan arren, aitortu dute elkarrekin egindako lan kolektiboak baduela eraginik bakarka. ARITZ LOIOLA / FOKU

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko abuztuak 11
Mikrofono bat oholtzaren erdian, foku bat norberaren gainean. Txapel bat buru bakoitzeko, eta plaza bete jende ahots bati begira. Asko du bertsolaritzak bakarkako lanetik. Norgehiagoka eta lehia ere badago, jolasean zein jokoan. «Hori da bertsolariaren arrakastaren %90; norberaren lana», dio Amaia Agirre bertsolariak (Villabona, Gipuzkoa, 1977). Bada, ordea, %10 hori, erabakigarria izan daitekeena: «Badirudi gutxi dela, baina pultsuari eusteko ezinbestekoa da. Autoestimu falta, konfiantzarik ez izatea... horrek kolokan jar zaitzake. Askotan aipatzen dugu hori emakumeon artean». Nola abestu plazan gustura, horixe dute eztabaidagai hainbat emakume bertsolarik. Badira urte batzuk lehen aldiz elkartu zirela, bakarka zituzten egonezinak kolektiboan lantzeko. Ohiko bertsolaritzaren neurrietatik kanpo ere lanean ari dira ordutik.

Hortaz. elkarrekin egiten duten bideak badu eraginik haien jardunean, baina ez dira ohiko sortzaile talde bat: «Konfiantza sare bat gara, baina ez talde bat», nabarmendu du Oihana Bartrak (Bilbo, 1984). Ane Labakak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992) egin du azpimarra: «Ez gara talde itxi bat, baina egiten dugu lan kolektiboa. Hasieran, norbanako gisa hausnartzen genuen, baina orain urrats batzuk egin ditugu kolektiboki». Horren adibide, ahalduntze bertso eskolan, Zilekoa Bizkaiko emakume bertsolari gazteen elkargunean, Ez da kasualitatea saioan eta urteroko topaketetan biltzen dira hainbat eta hainbat emakume bertsolari.

Ugari dira urteotan aurrera eramandako egitasmoak, baina guztiek dute erroan galdera bera: «Zer behar dugu bertsotan eroso aritzeko?». Horra Agirrek, Bartrak eta Labakak mahai gainean jarritako eztabaidarako galdera. Hori bera da azken urteetan askatu nahi izan duten korapiloa, eta horregatik sortu dituzte emakumez soilik osatutako hainbat espazio: «Feminismotik asko aipatzen da espazio ez mistoen beharra, eta uste dut hori ere ekar dezakegula bertsolaritzara. Gure eremuetan, hanka sartzeko beldur gutxiago dugu; ziurtasun handiagoa sentitzen dugu, eta ingurukoen indarra dugu», nabarmendu du Labakak. Lan horretan, hirurentzat ezinbestekoa izan da ahalduntze bertso-eskola.

Elkarrekin ahalduntzen

«Behar horretatik abiatuta, hainbat emakume bertsolarik eta Bertsozale Elkarteko genero lantaldeak pentsatu genuen horrelako eskola bat diseinatzea», oroitarazi du Labakak. 2015eko irailean antolatu zuten lehen aldiz ikastaroa, eta aurten hamabost bertsolari aritu dira hilean behin biltzen. «Bi gai jartzaile ekartzen ditugu, eta ahalegintzen dira guk plazan bizi ditugun egoera erosoak eta deserosoak irudikatzen», azaldu du Agirrek. Topagune hori «laborategi» bat da Labakarentzat: «Egoera horietan nola jokatu hausnartzen dugu, eztabaidarako tartea hartzen dugu». Bertsolaritzaren bat-bateko erritmo bizi horri «beste dimentsio bat» ematen diote horrela.

Zilekoa ez zen kezka beretik sortu : «Bizkaian gertatzen zen 14 urtetik aurrera emakume bertsolariek saioetan parte hartzeari uzten ziotela», adierazi du Bartrak. Are gehiago, behera egin zuen emakume bertsolari gazteen parte hartzeak, eta hala erabaki zuten «neska gazteentzako» eskola sortzea. «Sekulako harreman sarea sortu da, eta adin horretan garrantzi berezia hartzen du horrelako lanketak», azaldu du Bartrak. Hala ere, arrisku bat ikusten du: «Orain, eroso sentitzen dira emakume artean abesten, baina batzuek ez dute bestelako saioetara joan nahi».

Labaka ez da iritzi berekoa: «Horrelakoek indarra ematen didate hain seguru ez nagoen espazioetara joateko. Areago, gure burbuilatik kanpo dagoen hori eraldatzeko gogoa bildu beharko genuke gure saioetan». Agirrek ere aitortu du jabetzen dela horrelako espazioetan soilik aritzea arriskutsua dela: «Konfort egoera bat da emakume bertsolariz inguratuta egotea, baina beldurra ematen dit, erabateko erosotasuna ekar baitezake». Edonola ere, lanketa kolektiboaren beharra azpimarratu du: «Sareak lasaitasuna eta konplizitatea ematen dizkit, baita kritikarik zorrotzena egiten didatenean ere. Bertsolaritzaren lehiak gauza ederrak sor ditzake, baina konplizitatearen bidez ere sekulakoak sor daitezke». Horren adibide da sareko zenbait bertsolarik parte hartzen dutela Ez da kasualitatea saio musikatuan 2009tik.

Hirurek dakite, ordea, saio horiek ez direla ohikoenak, eta txapelketek eta bertso afariek badutela pisua oraindik. Honela dio Labakak: «Oraindik, hegemonikoa eta zentrokoa txapelketa da. Horrek ezartzen du kanona, eta hor bihurtzen da zilegi diskurtso bat. Gainontzekoak saioak bereziak dira». Agirrek txapelketen garrantzia azpimarratu du: «Guretzat, inbutu baten lana egiten zuten txapelketek; halabeharrez pasatu behar genuen hori, itsu-itsuan». Bartrak uste du hori ere aldatu dela: «Uste dut guretzako ez dela hil ala bizikoa txapelketetan parte hartzea. Zorionez, denborarekin emango diogu beste leku bat txapelketari, oso zaila den arren erritmo horri ihes egitea».

Hain justu, txapelketetan eta bertso afarietan sentitzen dituzte Agirrek, Bartrak eta Labakak erresistentzia gehien. Labaka: «Eman dezagun bertso afari batean nagoela, eta nire kideak iruzkin matxista bat egiten duela. Hori gertatu egiten da, eta, egiten dugun lan kolektiboari esker, erantzuteko gai naiz». Agirrek garai batekoarekin egin du alderaketa: «Garai batean, bertsolari batek umore matxista egingo luke, eta ikusleak barrez jarriko lituzke. Nik ez nuke jakingo zer egin. Orain, gai naiz bertso bakarrean kargu hartzeko». Bartrak ohar egin du, hala ere: «Ez dugu oholtza geure egin oraindik. Eskolartekoen ondoren, desagertu egiten gara, gai matxistak entzuten ditugu oraindik, eta horiei kantatu behar diegu, jarrera matxistak bizi ditugu, eta epaitu egiten gaituzte bost gizonekin abesten dugulako». Horregatik, Labakak gogoetarako proposamen bat egin du: «Jar dezakegu fokua oholtzan, baina oholtzatik kanpokoak ere badu eragina». Publikoaz, epaileez, gizonezko bertsolariez eta gai jartzaileez ari da, besteak beste: «Bertsolaritza sistema baten moduan ulertu behar dugu, eta horregatik ari gara gu geu ere ahalduntze pertsonala zein kolektiboa egiten».

Egitura oso bat eztabaidan

«Finaleko bigarren emakumeaz, kristalezko sabaiaz, emakumeen presentziaz... hitz egiten da asko, baina badu arrisku bat: jendea nekatzea, eta, hortaz, jendea nazkatzea», ohartarazi du Agirrek. Labakak ihardetsi du: «Etor dadila nekea, baina, zain segitzen badugu, ez dira gauzak sekula aldatuko». Haren iritziz, bada garaia andre bertsolariek egindako lana bertsolaritzaren beste esparruetara ere hedatzeko: «Garrantzitsua da kolektibotasuna azpimarratzea. Gauzak aldatzeko garaia da, eta erabaki politiko batzuk martxan jartzekoa ere bai».

Izan ere, pausu bat aurrera eman du emakume bertsolarien kolektiboak, eta joan den ekain bukaeran,Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaro bat antolatu zuten Iruñean, atzera begiratu, eta gogoeta berriak mahai gainean jartzeko. «Fase diferenteak izan ditugu, eta, talde txikietan partekatu badugu ere, Iruñekoa baliagarria izan da guztiok ditugun kezkak azaleratzeko». Labakak gogoeta horietako batzuk aipatu ditu: «Nola eman aniztasuna emakume bertsolarien ahotsei? Estilo diferenteak ditugu, eta ez dugu guztiok zaku berean sartzea nahi. Gainera, badira gizon/emakume kategorietan sartzen ez diren bertsolari batzuk ere. Badugu zer gogoetatu. Eztabaida mugarria izango da».

Ez dute nahi, ordea, egiten duten lana sumindurarekin lotzea: «Sufrimendua baino gehiago, sormenerako eta gozamenerako balio didate espazio hauek», nabarmendu du Labakak. Agirrek ere argi du: «Badirudi biktimismoan erortzen garela, baina gure lana hortik harago doa, eta batzuetan arrazoia emango nieke esaten dutenean: 'Utzi txorakeriak eta egin bertsotan'». Azken denboran horixe dute kritika nagusia, baina Bartra eta Labaka ez daude ados: «Horri buelta emanda, esango genuke ari garela bertsotan, eta ez direla txorakeriak». Hala, ohiko bertsolaritzaren neurri estuetatik kanpo, ari dira, kolektiboan, oholtzarako zoru berria ontzen.

Bihar: Erraia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna