BAKARRIZKETA

Badoa aro bat Italiako modan

Gilberto Benetton, artxiboko irudian.
Gilberto Benetton, artxiboko irudian. ETTORE FERRARI / EFE

Irune Lasa -

2018ko urriak 28
Benetton anai-arrebetako bi hil dira aurten. Carlo Benetton uztailean hil zen, 74 urte zituela, eta astelehen honetan zendu da Gilberto Benetton, 77 urterekin. Benettonen eta Edizione taldearen sortzaile izan ziren lau anai-arrebetatik zaharrenak bizi dira: Luciano (83) eta Giuliana (81).

1. Ez da hainbeste denbora benettondarren izena agertu zela egunkarietan. Erori zen zubi hura ez zen haiena? Bai, abuztuaren 14an Genoan (Italia) eroritako zubia Atlantiarena zen. Atlantia, berriz, Autoestraderena, eta Autoestraderen zati handiena, benettondarrena. Lucianoren arabera, tragedia hark okertu egin zuen Gilbertoren osasun kaskarra. Hain zuzen, Gilberto izan zen, hil-berrien arabera, arropa marka arrakastatsutik abiatuta familiaren ondasunak beste hainbat alorretara hedatu zituena.

2. Osasunari ez ezik, benettondarren irudiari ere kalte egin zion Genoako gertakariak. Eta poltsikoei. Familiaren esku dagoen Edizione taldeko partaidetzak 2.000 milioi euroko balio galera izan du istripua gertatu zenetik.

3. Ez dira pobre izango, hala ere. Ez, jakina. Oraindik ere hainbat partaidetza dituzte Italiako eta Europako enpresarik handienetan. Hori bai, Benetton arropa markaren beraren emaitzak ez dira onak izan azken urteetan, eta Lucianok atzera konpainiaren buruzagitzara itzultzea erabaki zuen aurten.

4. 83 urterekin? Laster, Lucianoren seme Alessandro Benettonek (54 urte) taldearen buruzagitza hartzea espero da. Egia da Benetton beste estilo bateko modan oinarritzen dela, baina ikusita Italiako luxuzko modaren erraldoiekin zer gertatzen ari den, ezin da baztertu arropa marka Benetton familiatik at ikustea.

5. Zer gertatzen ari da, bada? Italiako moda marka handien sortzaileak izan direnak edo haien buruzagitzan jardun diren azken belaunaldiak zahartu egin direla, edo hil. Joan den astean hil zen Wanda Ferragamo, 96 urterekin. Signorina Wanda alargun gelditu zen, 38 urterekin, eta sei seme-alabekin, eta Salvatore Ferragamo senarraren oinetako negozio xumearen buru jarri behar izan zuen. Ferragamo taldearen balioa 3.500 milioi eurokoa da gaur egun.

6. Familiak eutsiko dio horri. Agian bai, baina Italiako hedabideen arabera, «matriarka» bera zen taldeak bere horretan jarraitzeko arrazoi nagusia. Orain, posibleago ikusten da senideen arteko borroka posibleak ekidingo lituzkeen salmenta. Ez da irtenbide kaskarra, ikusita, esaterako, Gucci sendia nola ibili den.

7. Nola? 80ko urtetan, sonatuak izan ziren Gucci iloba-osaben arteko botere norgehiagokak, eta hilketa bat ere egon zen familian. Gaur egun, Gucci marka Kering taldearena da (garai bateko PPR Pinault-Printemps-Redoute). Hilketez ari garela, Donatella Versacek (63 urte) irailean AEBetako Kors taldeari saldu dio Versace marka, 2.100 milioi dolarrean. Bulgari bitxi marka, berriz, 2011. urte saldu zuen haren jabea zen familiak.

8. Denak dabiltza berdin? Ez. Ermenegildo Zegnaren buruzagi Gildo Zegna dago (laugarren belaunaldia); hori bai, 63 urte ditu. Zaharragoak dira, besteak beste, Giorgio Armani (84), Padraren jabe Miuccia Prada (69) eta Patrizio Bertelli (72) eta Tod'seko jabe Diego Della Valle (64).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna