Saskian pausatuta dago usoa

Zenbat saskiratze Gernika Kirol Elkartea Saskibaloia klubaren mende laurdeneko historian. Zenbat izerdi eta neke. Sorreraren aurreko zatiketa. Bat-egitea gero, eta elitea ondoren. Emakumeen taldea gidari, harrobia zaindari. Historia eta istorioak.

Gernikaren aspaldiko talde bat, herriko juntetxean. GKESB.
Aitor Manterola Garate.
Gernika
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bakearen hirian aparteko lekua dauka saskibaloiak. Gernika-Lumoren historia luzean idazten ari diren istorioetako bat betetzen du kirol horrek. Frankismoaren garaian hasi ziren baloiak jaurtitzen herritarrak. Herritik zerura, anonimoen eskuetatik saskira. Orduan hasi zenak pixkanaka egin zuen eztanda elitearen goi lurraldeetan, eta gaur egun, Gernika Kirol Elkartea Saskibaloia (Lointek Gernika 2016tik), goi mailako kluba da: emakumezkoen Espainiako Ohorezko Mailan ari da.

Aitzindari haien peskizan egituratu zen saskibaloia klub gisa herrian, eta mende laurdena bete zuen iaz, baina ez zen ospakizunik izan pandemiaren eraginez. Aurten egingo dituzte festak. Istorio askoren batura da Gernikaren eta saskibaloiaren historia. Festa ez ezik, eztabaidak ere izan dituena. Jon Mikel Roman Kipu-k (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1960) ondo ezagutzen ditu hasierako eta aurreko garaiak. Malosteko saski baten atzean gordeta dagoen bulegoan dago eserita: «Hementxe biltzen gara zuzendaritzakoak». Mahai luze bat eta aulki batzuk. Gortina moduko oihala ireki, eta pista ondoan. «1973an, falangearen txapelketa batean izan ginen. Aurretik, eskoletan-eta jokatzen genuen. 1979an hasi nintzen nesken talde batekin, eta lau urte geroago, mutilena sortu zen».

Kontu politak izan ziren, baina berehala ilundu zen: «Zatiketa egon zen, eta bi klub atera ziren: Gernika Saski-Baloi [1983] eta IB Gernika [1988]». Mario Lopez (Gernika-Lumo, 1967) nesken talde nagusiko entrenatzailea ere han zen garai hartan: «Entrenatzaileen arteko liskarrak eragin zuen zatiketa». Ez ziren garai gozoak izan, Kipuren arabera: «Bakoitza bere aldetik zihoan, bi klub eta bi helburu. Herri txiki baterako egoera zaila zen. Elkarri jokalariak kentzen ibiltzen ginen».

Udala tarteko, bi klubak hizketan hasi ziren, eta bat egitea erabaki zuten. 1996an izan zen. «Sekulako bultzada eman zion saskibaloiari herrian, eta horri esker gaude hemen orain», kontatu du Kipuk. Bi klubek zituzten taldeak batu, bakoitza bere ligan sartu, eta pausoz pauso mende laurdena osatuz joan da GKESB.

Elitera emakumezkoen taldea heldu da, eta helmuga horretara heltzeko lehen pausoa Lopezek eman zuela dio Kipuk: «Hemen etorri zen zuzendaritzara Espainiako Bigarren Mailara igo behar genuela eskatuz, eta apustua egitea erabaki genuen». Eliterako bidearen irteeran zen, hortaz, kluba. Bidegileak zein izango ziren ere garbi zeukaten: harrobiko jokalariak. «Sekulako lana ari ginen egiten, eta kanpotik eskaintzak jasotzen hasita zeuden hainbat jokalari. Igotzen saiatzea erabaki genuen», ekarri du gogora Gerardo Candina presidenteak (Gernika-Lumo, 1957). 2011n zapaldu zuen lehen mugarria klubak: Bigarren Maila. Logroñon (Espainia) lortu zuen. Baita Ohorezko Mailarako igoera ere hiru urte geroago, han bertan. Lopez izan zen entrenatzaile bietan.

Maite Mugira (Gernika-Lumo, 1990) bigarren igoeran taldeko jokalari zen, eta ondo irudikatzen du klubaren filosofia, harrobian oinarritutakoarena. Beste horrenbeste Marta Alberdik (Gernika-Lumo, 2000), orain lehen taldean dagoen etxeko jokalari bakarrak. Biak daude Kipuren alboan eserita Malosteren barrunbeetan, eta biak jarri dira 1996ra begira. Emakumeen kirola, aurreko mendearen amaiera, halako apustua orduan egin izana... «Apustu itzela egin zuten, eta ikusten da fruitua, herri txiki batean hainbeste neska saskibaloian jokatzen ikustea sekulakoa delako». Solasaldian zehar atera da datua: herriko hiru neskatik bik kirol hori egiten dute.

Norbere herriko taldearekin maila gorenean jokatzea zer den biek dakite. «Lor daitekeen gehiena da», atera zaio Alberdiri. «Ez da diruz ordaintzen», gehitu dio Mugirak. «Azkenean, zurekin batera egon den jendea noraino heldu den ikustea gauza handia da», gehitu du.

Harrobia bai, baina horrekin bakarrik ezin da elitera igo, et,a Alberdik atzerriko taldekideak dituen bezala, Mugirak ere eduki zituen, eta ez edozein: «2011-2012ko denboraldian, Bigarren Mailako lehendabizikoan, klubak aurreneko estatubatuarra ekarri zuen». Jokalari ohiarekin batera bota du izena Kipuk: «Tynikki Crook». Badu anekdotarik, horrelakoetan ia beti gertatzen den bezala. Mugirak kontatu du: «Pibot modura ekarri zuen klubak, baina, hemen azaldu zenean, oso txikia iruditu zitzaigun. Berak pibota zela esaten zuen. Ba, lehen entrenamenduan, baloi bat geratu zen saskian kateatuta, eta jauzi handi batekin libratu zuen Crookek. A zer jauzia zuen, gutako hirurena!».

Atzerriko jokalariak ekartzeko lanean «ikasiz» joan zirela esan du Kipuk: «Sartu izan dizkigute ederrak, batzuk beldurtzeko modukoak. Baina orain badakigu zein ordezkarirengana jo eta zeinengana ez».

Geroa: dirua eta harrobia

Elitean egonkortuta dago orain Lointek Gernika. 2014tik hobetuz joan dira emaitzak, eta bi aldiz izan da hirugarren Ohorezko Mailan: 2017an eta 2020an. Aurreko sasoian laugarren bukatu zuen. Europan ere badabil, eta duela bi urte final-zortzirenetara iritsi zen; oraingo honetan, kanporaketa bat lehenago bota dute. «Hegazkin pribatuan etorri ziren aurkariak», bota du Mugirak.

Kirol mailari dagokionez, Alberdiri gustatuko litzaioke honelakoa izatea etorkizuna: «Ligan, lehen bosten artean eutsi nahi diogu, eta gero Europan jokatzen segitu». Entrenatzailea zuhur mintzatu da: «Egitasmo sendoa da gurea, baina ligako aurkarien maila gero eta hobea da, dirua sartzen hasi delako. Ahalik eta urte gehien egin nahi ditugu elitean».

Harrobiko jokalarien kopurua handitzearen gaia atera da: «Harrobiari eustea funtsezkoa da; hori da oinarria. Herriak nahi du lan horrekin segitzea», esan du Mugirak. Kipuk zenbakia jarri dio: «Etxeko beste hiruzpalau jokalari ere taldean egotea polita litzateke. Ahalik eta gehien irits daitezela lehen taldera».

Candinak diru kontuei erreparatu die lehendabizi: «Ez zaizkit urte asko geratzen zuzendaritzan, eta, utzitakoan, egitura sendoa uztea gustatuko litzaidake. Gure babesleekin luzerako tratuak egitea nahi nuke, sendotze horren bila». Bestelakoan, zuzendaritzak jende berria izatea desiratu du: «Betikoak gabiltza hemen. Athleticeko presidente izateko-eta azaltzen da jendea, baina Gernikara ez dator inor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.