Mathieu Hermans. Txirrindulari ohia

«Hamar garaipenekin, urteak ez ziren onak»

Hermansek bere biografia aurkeztu du Euskal Herrian. Orbearekin hasi zen profesionaletan, eta talde hura «familia» bat izan zela dio.

GORKA RUBIO / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Tolosa
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Nork ez du Mathieu Van der Poel ezagutzen? Raymond Poulidor zenaren biloba ziklo-krosean zein mendiko bizikletan munduko txapelduna, eta errepidean ere palmares aparta osatua duena urte gutxian: Frantziako Tourrean etapa bat, eta Italiako Giroan beste bat, eta, horiekin batera, Flandriako Itzulia birritan, Amstel Gold Race eta Strade Bianche egun bateko lasterketak ere bereganatu ditu. Doan tokira doala, ikuskizuna ematen duen irabazle petoa da.

Izan zen, 1980ko hamarkadan, Mathieu izeneko beste txirrindulari herbeheretar bat. Oso irabazlea eta ziklo-krosean hasitakoa hura ere. Mathieu Hermans (Goirle, Herbehereak, 1963) Orbea-Danena euskal taldearekin igaro zen 1984an profesionaletara. «Van der Poeli esker ikasi duzue nola ahoskatu behar den Mathieu izena». Hamar garaipen lortu zituen hiru asteko itzulietan. Egun, Bioracer enpresako Mateo produktuaren arduraduna da hainbat herrialdetan, eta Mathieu Hermans. Kontrakorrontean izena duen biografia aurkeztera itzuli da Euskal Herrira. Duela 41 urte etorri zen lehen aldiz, Tolosan egin zen munduko ziklo-kros txapelketaren atariko proban parte hartzera. Liburu hori baliatu du bere istorioa familiari kontatzeko.

1984an Orbea-Danena euskal taldearekin igaro zinen profesionaletara. Atzerritar gutxi zegoen euskal taldeetan?

Ni neu baino ez, eta Espainian, Madrilgo Zor taldean zegoen Peter Pieters herbeheretarra zen bakarra. Dena den, Pieters bere herrialdean bizi zen, eta lasterketetan parte hartzeko baino ez zen etortzen. Aldiz, ni hemen bizi nintzen, Pedro Larrayozen etxean, diru apur bat aurreztuz. Tolosan jokatu zen lasterketa hartan egin genuen harremana, eta, handik urte batzuetara, hark egin zuen tratua Peli Egaña, Patxi Alkorta eta Txomin Perurenarekin, ni Orbearekin profesionaletara igarotzeko.

1988an eta 1989an lortu zenituen zure emaitzarik onenak: Frantziako Tourrean etapa garaipen bat eta Espainiako Vueltan bederatzi. Garaipen asko dira.

Hamar garaipen edo gutxiagoarekin, urteak ez ziren onak. 1988an, 25 lasterketa irabazi nituen, eta, 1989an, Tourreko etapa, beste 12 garaipen eta bosgarren izan nintzen Flandriako Tourrean. 1988an, sei etapa irabazi nituen Espainiako Vueltan.

Profesionaletan esprinterra izan arren, gazte mailetan igotzailea omen zinen. Hala da?

Nik txirrindulari ona izan nahi nuen, besterik gabe. Esaten zidaten mendateak ondo gainditzen nituela, baina nire herrialdearen hegoaldean dauden mendateak edo Euskal Herrikoak oso ezberdinak dira. Aldapa gora ez nintzen gaizki moldatzen, egia da hori, baina ez nuen onenei jarraitzeko gaitasunik. Ez nuen irabazten, eta, nik, irabazteko korritzen nuen, onena izateko. Pixkanaka, esprintetan sartzen ikasi, eta, hemen txirrindulari azkar askorik ez zegoenez, nire tokia egin nuen.

Orbea taldea desegin eta gero Seur taldera joan zinen, 1990ean. Festina eta TVM taldeekin korritu zenuen ondoren, harik eta 1994an erretiroa hartu zenuen arte. Zergatik ezin izan zenuen mantendu aurrez izandako maila?

Orbea familia baten gisakoa zen, eta niri konfiantza hori gustatzen zitzaidan: lagun talde bat ginen. Hortik aurrera, kosta egin zitzaidan nire mailarik onenean aritzea. Irabazteko ordaintzen zidaten, eta txirrindularitza pasioa baino gehiago lan baten gisa bizitzen hasi nintzen. Gainera, ez nuen eraman esprintetan niretzako lan egiten zuten txirrindularirik. Festinara joan nintzen, eta han, berriz ere, hutsetik hastera. Egokitzea kosta egiten zitzaidan.

Gaztelaniara itzuli dute zure biografia, eta horiaurkeztera etorri zara aldi honetan. Zerk eraman zintuen 2013an liburu hau argitaratzera?

Idazle herbeheretar baten proposamena izan zen. Hasieran ezetz esan nion, baina, seme-alabekin hitz eginda, iritzia aldatu nuen. Eurentzat egiteko eskatu zidaten, nire ibilbideko pasarteen berri gehiago jakin nahi zutelako. Nire familiari nire bizitzaren pasarte bat kontatzeko balio izan dit.

Non zara ezagunagoa? Zure herrialdean edo Euskal Herrian?

Euskal Herrian. Herbehereetan, kirola gustuko dutenek ezagutzen naute, baina, hemen, jarraitzaile asko ditut, 40 eta 60 urte artekoak gehienak.

Zergatik ez dago esprinter petorik Euskal Herrian?

Txirrindulari batek, normalean, lasterketa asko irabazi behar ditu profesionaletan tokia izateko. Euskal Herrian bakarrik korritzen baduzu, eta ez bazara igotzailea, zaila da.

Euskal txirrindularitzaren garairik onena ezagutu zenuen. Zergatik ez da orduko maila berreskuratu?

Gazteek gauza gehiago dituzte egiteko. Txirrindularitzan asko entrenatu behar da, sakrifizio handia exijitzen du, eta hori ez da mundu guztiarentzat. Ari dira ziklista ohiak euren eskolekin harrobia lantzen, baina lasterketa gehiago behar dira. Nire gaztaroan, asteburuero genuen lasterketa bat edo beste etxetik urrunegi joan gabe.

Zure herrialdeaz ari zarela, badirudi azken urteetan emakumezkoek gizonezkoek baino emaitza hobeak lortu dituztela.

Duela 15 edo 20 urte, Rabobanken garaian, lasterketa asko zeuden. Neskei bi urte gazteagoak ziren mutilekin korritzeko aukera ematen zitzaien, eta ikusi zen lasterketak irabazten zituztela, eta lehiatzen jarraitzeko gogoa ematen zieten emaitza haiek.

Mathieu Van Der Poel da salbuespenetako bat. Zer esan dezakezu hari buruz?

Izar bat dela. Politena zer da, Van der Poel, Wout Van Aert edo Tom Pidckok ez direla soilik errepideko ziklistak, ez dituzte ziklo-krosa edo mendiko bizikleta alboratu, eta hori izan daiteke haiek duten maila ulertzeko gako nagusietako bat. Nik erretiroa hartu ondorengo garaian, bazirudien bakarrik errepidean aritubehar zela.

Nork irabaziko du hastear den Frantziako Tourra? Jumbo-Vismak sekulako taldea darama.

Primoz Roglic edo Jonas Vingegaard baino, nahiago nuke aurreneko hamar edo bosten artean sartzeko ahaleginetan ari den herbeheretar bat izango balitz taldeko liderra. Ulertzen dut erabakia, baina pena bat da. Dylan Groenewegen esprinterrari ere alde egiten utzi zioten. Zergatik? Ez zutelako Tourrera eramaten, Roglicentzako edo Vingegaardentzako lan egiteko jendea nahi zutelako. Herbehereetako txirrindularitzazaleak atxikimendua dio Jumbo Vismari, baina ez da gauza bera. Joop Zoetemelk berriaren bila ari gara.

Hortaz, Tadej Pogacarrek irabaztea nahi duzu?

Ez, ez dut hori esan nahi. Onenak irabaz dezala. Urrezko belaunaldi hau bikaina da, etengabe eraso egiten dute, lehertzeko beldurrik gabe, eta zirrara handia sorrarazten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.