UDAKO SERIEA. Elsa eta Gisele (I).

'Elsa Scheelen' Txillardegi, 1969

'Elsa Scheelen' eta 'Egunero hasten delako' nobelak 1969an atera zituzten argitara. Euskal nobelagintza modernoko lehen emakume protagonistak dira Elsa, lehenean, eta Gisele, bigarrenean. Txillardegik idatzi zuen 'Elsa Scheelen'. Liburu horren historia da segidakoa.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren (Donostia, 1929 - 2012) hirugarren nobela da Elsa Scheelen. Idatzi zuen lehena —Leturiaren egunkari ezkutua (1957)—, euskal literaturako aurreneko eleberri modernotzat jo ohi dute. Txillardegi 1961ean joan zen erbestera, eta, horren ondorioz, Waterloon (Belgika) idatzi zuen Elsa Scheelen, 1967ko udan eta udazkenean, sei hilabetean.

ETA utzi berria zuen, 1967 hartako apirilean. «Euskal Herrira inoiz itzultzeko esperantza izpirik gabe, buruaz eta bihotza ernetutako mogimendua utzirik, zinez antzeman nuen neure burua ukaturik, deserriturik eta frakasaturik. Inoiz baino azkarkiago. Eta bapatean, nobela bat idazteko gogoa piztu zen nigan. Ez, ordea, urte lantsu haietako gorabeherak azaltzekotan; gertakari haietaz nolabait ahaztu, eta sortzezko mundu harrigarrian murgiltzekotan baizik», idatzi zuen Txillardegik berak 1985ean, liburuari buruz.

27 ataletan banatutako nobela izan zen emaitza. Elsa Scheelen protagonistaren bakardadea azaltzeko. Hamazortzigarren ataletik aurrera, emakume protagonista bere bakardade tragikoan hondoratu bitartean, Pierre Mounier izeneko apaiz meatzariak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du testuan.

Euskal Herritik kanpo kokatuta dago —Belgikan batez ere, baina baita Herbehereetan ere—, eta, artean euskara batuaren inguruko Arantzazuko Biltzarrik egin gabea zegoenez, Baionako 1964ko euskarari buruzko erabakien arabera idatzi zuen Txillardegik, narratzaile orojakile bat erabiliz eta garaian pil-pilean zeuden hainbat gai eta eztabaida politikori plaza eskainiz.

1968ko urrian, Domingo Agirre saria eman zion Euskaltzaindiak nobelari. Hainbat hilabete pasatu arte ez zuten argitaratu, baina. Lur argitaletxe sortu berriak zabaldu zuen liburua. Berehala sumatu omen zuen Txillardegik bere lana ez zela gustagarri gertatu errespetatzen zituen irakurleentzat. «Atzerako urratsa» zela aipatu zion batek; «nobelagintza berritik urrun» zebilela, besteak; 1967an hirugarren pertsonan eta kontatzaile orojakilearen ikuspuntutik idaztea deskalabrua zela ere esan zion norbaitek. Ideologiaren gehiegia salatu zion beste batek. Arestik berak ere «poeta» zela esan zion, poesia idatzi behar lukeela. «Luzaz pentsarazi zidaten kritika horiek, eta nobelagintzarako osotara hoztu ere bai; eta nobelagintzari uztera deliberatu nintzen».

Bihar:Egunero hasten delako nobelaren nondik norakoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.