UDAKO SERIEA. Han eta hemen (II). Amancay Gaztañaga.

Komediantearen bideak

Sormenaren askotariko ertzetan dabil, hala Grises musika taldearekin nola Kamikaz antzerki kolektiboarekin. Dantzaria eta irakaslea ere bada, eta fikziozko larruak jantzi ez ezik, sortu ere egiten ditu. Sormen bideak ditu maite.

JON URBE / FOKU.
aitor biain
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Etiketa ugari izan ditzake atzetik sortzaile hitzak, baina Amancay Gaztañagak (Guayaquil, Ekuador, 1980) nahiago du bere burua inolako ñabardurarik gabe aurkeztu: «Ni sortzaile gisa definitzen naiz». Itsaso zabal horretan kokatzen baitu bere burua sormenaren askotariko itsasoetan murgiltzen denak. Musikaria da, abeslaria, aktorea, antzerki zuzendaria, dantzaria... Sormenaren ertz guztietan aritzen da aldi berean, eta, horregatik, agian, abizen bat eranstekotan, «titiritero» kontzeptuaren aldeko hautua egiten du. «Erdi Aroan gurdietan aritzen ziren komedianteen irudia etortzen zait burura, nola herriz herri aritzen ziren. Komediante horiek beren gidoiak idazten zituzten, batak bestearenak zuzentzen, eskulanak ere egiten zituzten gero azokan saltzeko, eta aktoreak ere baziren. Pixka bat horrela sentitzen naiz».

Adierazpide bakoitzak du bere lantzeko eta jarduteko modua, baina guztiekin disfrutatzen du berdin Gaztañagak: mikrofonoarekin nahiz biolinarekin, oholtzaren gainean edo atze-oihalaren ostean, dantzatzen nahiz idazten, bakarka nahiz kolektiboan. «Dena bat da eta dena naiz ni». Urteak daramatza batetik bestera, jauzika; izan antzerkian, telebistan edo zineman, Kamikaz antzerki kolektiboarekin nahiz Grises musika taldearekin. Askotarikoak dira komediantearen bideak.

Hasi, halere, musikarekin hasi zen. Musikaren bidea hartu zuen lehen-lehenik, 6 urterekin hasi baitzen biolina jotzen. «Biolina izan da nire bidaia lagun absolutua». Ekuadortik Euskal Herrira etortzean piztu zitzaion instrumentua ikasteko nahia. «Gogoan dut amari esan niola; berak galdetu zidan ea seguru nengoen, eta nik baietz erantzun nion. Egia esan, ez dakit zer zen ere ba ote nekien, baina barruan oso argi nuen». Azpeitiko musika eskolan (Gipuzkoa) hasi zen, eta handik Madrilera lekualdatu zen gero. Bertan egin zituen biolin ikasketak, eta musikari gisa jardun zuen orkestretan, baita irakasle ere.

Ia garai bertsuan hasi zitzaion antzerkirako zaletasuna ere. «Beti izan dut gauzak kontatzeko gogoa. Oso azkar sartu zen istorioak idazteko gogoa nire bizitzan; pila bat daukat idatzita nerabezaroan, baita lehenago ere». Halere, aktore izateko grina, «serio-serio», Zestoako gaztetxean (Gipuzkoa) antolatu zen antzerki ikastaro batean sartu zitzaion. Bi diziplinak uztartzea erabaki zuen, eta Madrilera joateko arrazoi bakarra beharrean, bi izan zituen hartara. Arte dramatikoa ikasi baitzuen han, musika ikasketak amaitzen ari zen bitartean. «Unibertsitatean nengoenean, askotan jotzen nuen biolina kalean diru apur bat irabazteko».

Bideen bat egitea

Bide paraleloak izan dira, bada, antzerkia eta musika Gaztañagaren egunerokoan harrezkero, eta elkarren osagarri dira harentzat. «Zenbat eta urte gehiago igaro, gero eta argiago daukat biak ditudala beharrezkoak». Noiz edo noiz uztartu ere egin ditu, halere. «Aktore bezala askotan egon naiz biolinarekin oholtzan. Nire lehenengo lan profesionala, hain zuzen, 21 urte nituenean izan zen, justu unibertsitatetik atera nintzenean. Antzerki obra batean parte hartzeko hartu ninduten, eta, antzezteaz gain, biolina ere jo behar izan nuen».

Edonola ere, Gaztañagak adierazi du diziplina arteko uztarketa hori ez dela nahita edo nahi gabe bilatzen duen zerbait, ez behintzat haren kasuan; aitzitik, «irten» egiten zaion zerbait dela aitortu du. «Nire parte da. Ni naiz hori dena. Testuak idatzi behar ditudanean ere, antzerki obrak adibidez, musika beti daukat oso presente, denbora guztian gainera. Neure buruan batera funtzionatzen dute; ez daude bananduta».

Horregatik zaio konplikatua bataren eta bestearen arteko hautua egitea. «Erreminta kaxa bat daukat, eta kaxa horretan bi elementu horiek daude; erabili ditzaket aparte, baina nire erreminta kaxatik ez nuke bietako bat ere aterako. Biak ditut beharrezko, nahiz eta gauza oso antzekoak ematen dizkidaten». Izan ere, adierazteko eta «barruak askatzeko» aukera emateaz gain, eguneroko ogia ere ematen diote bi adierazpideek: pasio eta ogibide ditu biak ala biak, gaur egun.

Abeslaria da, esaterako, Grises taldean. 2009an eratu zuen, Alejandro Orbegozo, Raul Olaizola—Gartxot Unsainek hartu du bere lekua baxuan orain—, Gaskon Etxeberria eta Eñaut anaiarekin batera. Indie-pop doinuak ditu oinarri taldeak, eta sei disko kaleratu dituzte denera. Azkena, iazko martxoan izan zen: Talisman. Taldean ez du biolinik jotzen, dena den. «Zentsuratu egiten didate», esan du, barre algaraka, eta zehaztasuna egin nahi izan du gero. «Ez, biolina oso instrumentu zaila da sonorizatzeko, eta arazo dezente ematen ditu. Gehitzen duena baino gehiago da kentzen duena kasu honetan».

Antzerkigintzan eta aktore lanetan ere badihardu. 2014an, esaterako, Kamikaz kolektiboa sortu zuen Erika Olaizolarekin eta Miren Gaztañagarekin batera. Artean ez zuten elkar ezagutzen, baina «sentimendu» batek elkartu zituen hirurak: «Gure istorioak kontatu nahi genituen, gu ukitzen eta hunkitzen gaituztenak, eta nahi ditugu agertokira eraman bestela kontatzen ez direnak». Hainbat antzezlan plazaratu dituzte harrezkero: Matriuska da horietan azkena.

Mugak

Batean edo bestean aritzea desberdina da, ordea, bai sortzailearen ikuspuntutik, baita lanketa pertsonalari dagokionez ere; hau da, oholtza gainean abeslari edo aktore gisa aritu ez da gauza bera, Gaztañagak aitortu duenez: «Musikari gisa igotzen naizenean oholtzara, front woman pertsonaia horretan dihardut, eta badago halako sentipen bat oso indartsua: 'Hau da nire espazioa eta hemen nik agintzen dut'. Aktore gisa jardutean, berriz, batzuetan kudeatu behar izaten ditut nire beldur pertsonalak, nire mamu eta dragoitxoak, gehiago delako lan pertsonal, emozional eta erreal bat».

«Askatasuna» sentitzen du, ostera, dantza egiterakoan. Gainerako diziplinak baino beranduago iritsi zen dantza Gaztañagaren bizitzara. Madrilen bizi zenean egin zuen topo sabel dantzarekin, eta berehala «maitemindu» zen. Bada, gainerako adierazpideekin gertatu moduan, dantzarekiko zaletasuna ere bere sorkuntzetarako bide bilakatu du denborarekin. «Deskubrimendu bat izan da nire ongizaterako: gorputzaren konexioa, ezagutza, desblokeo emozionalak fisikoki nola detektatu... Asko eman dit».

Gaur arteko bidea, baina, ez litzateke berbera izango diziplinen ordena beste bat izan balitz, hots, antzerkia eta dantza baino lehen musika agertu izan ez balitz. «Niri musikak eman didana da ezagutza asko erritmoena, tempoena, aktore gisa eszenan asko baloratu dudana», azpimarratu du. «Eta egia da, dantza sartu zenean ere, sartu zela justu prest nengoenean nire gorputzarekin gehiago konektatzeko». Nonbait mugarik ez duela sentitzen badu, hori antzerki obren idazketan da. «Hor erabat aske sentitzen naiz». Horren da ekintza indibiduala, «intimoa», ezen ordenagailuaren eta sortzailearen arteko hartu-emana baita muga bakarra, haren hitzetan.

Bakardade hori oso bestelakoa da agertokiaren atzean, ordea. Izan ere, antzeztu ez ezik, zuzendu ere egiten du, hala antzerkian nola zineman. «Askotan, kosta egiten zait esatea zuzendari naizela, eta uste dut hor badagoela zerbait: kostatzen zaigu aldarrikatzea zer garen». Gaztañagak nabarmendu du zuzendari izatearena «naturalki» emandako pausoa izan dela, «bidean suertatzen joan den zerbait». Berak moldatu eta zuzendu zuen, adibidez, Sweeney antzezlana, zeinak ikusleen saria irabazi zuen 2016ko Euskal Antzerki Topaketetan. Halaber, Olaizolarekin batera, Zulo film laburra ere egin zuen 2017an, eta Urrezko Antzara lortu zuten Lekeitioko 40. Euskal Zine Bileran.

Ardura eta zama sentitzen ditu lan horietan, gainerako jardueretan sentitzen ez dituenak. «Sekulakoa da bakardade hori sentitzea». Lantaldearen ongizateak kezkatzen du gehien zuzendari gisa ari denean: «Horrek kentzen dit loa. Badakizu batzuetan gogorra izan behar duzula eta gauzak atera egin behar direla; oreka hori bilatu behar da, lantaldearen babesaren eta produktuaren beharren artean».

Kaos diziplinatua

Eta nola lan egiten du askotariko bideak zabalik dituen sortzaile batek? «Eguna hasten da eta esaten dut: 'Begira, Amancay, gaur zentratuko zara eta idatziko duzu hau'. Hasten naiz hori egiten, baina gero, bat-batean etortzen da ez dakit zer, eta gero beste zerbait...». Alegia, aldi berean diziplina anitzetan aritzen den sortzaileak aldi berean sortzen du, nola bestela. «Horrela sortzen dut, kaosean».

Aitortu du, halere, kaos horren barruan «pertsona diziplinatua» dela, eta proiektu bati dagokion denbora eskaintzen diola hala behar duenean. «Nik jolastu egin nahi dut, eta horretarako ditut diziplina ezberdinak modu ezberdinetan nire parte direnak, eta erabiltzen ditut behar ditudan bezala eta behar ditudanean».

Ez da geldirik egotekoa Gaztañaga, eta une honetan ere hamaika bide ditu aurretik ibiltzeko. Batetik, antzezlan baten sorkuntza prozesuan barneratuta dabil Kamikaz kolektiboarekin eta Ttap teatroarekin. «Urriaren 31n estreinatuko da obra», iragarri du. Film labur bat ere grabatu du Erika Olaizolarekin, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan —abendurako bukatu nahiko lukete, eta Susa argitaletxeak eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarlanean plazaratzen duten antzerki obren Ganbila bildumarako liburua idazten amaitzen ari da ere. Musikari dagokionez, bestalde, Grises taldearekin hara eta hona dabil uda guztian. «A! Eta telesail bat grabatzen ere ari naiz, Netflixentzako, Euskal Herrian», aurreratu du. «Esan dizut, Gemini aszendentea daukat».

Helmuga bera bainoago, komedianteak bideak ditu maite.

Bihar: Arantxa Lannes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.