PERTSONAIA. Miren Garate

Giza eskalan azaldutako ekonomia

Inigo Astiz
2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Krisiak agerian utzi du makroekonomiak zenbateko eragina duen gure eguneroko bizitzetan». BERRIA egunkariko Ekonomia saileko talaiatik ikusi du ekonomiaren azken urteetako joan-etorria Miren Garate kazetariak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985), eta krisiak herritarrengan izan duen eraginean jarri nahi du orain begia Ekaitzaren zipriztinak lanarekin. Tene Mujika beka irabazi du Garateren proiektuak, eta urtebeteko epea izango du orain lana burutu eta liburua argitaratzeko. «Liburuak kontatuko du krisia nola ari zaien eragiten herritarrei. Adibidez, nola eragin dit niri dirua aurreztua zuen pertsona gisa, atzerritar gisa, ama gisa edo langileak kaleratu dituen enpresari gisa».

Terminoka antolatuko du lana. «Egingo dudana da azken urteotan ekonomiari lotuta asko errepikatu diren termino batzuk aukeratu, eta, termino horietako bakoitzari lotuta, testigantza bat eta erreportaje bat jaso». Azaldu duenez, tartekatu egingo ditu elkarrizketak eta erreportajeak. Txandaka joango dira, beraz, ikuspegi makroa eta ikuspegi mikroa. Krisiaren eragina sumatu duen jendearen ahotik jasoko ditu lehen eskuko bizipenak, eta ikuspegi orokorragoa emango dute erreportajeek. «Saiatuko naiz sakonago jorratzen jendearen bizipenak, eta alde humanoari lehentasuna ematen».

Eskala humano horretarantz jo izan du gehienetan Garatek bere artikuluetan. Adibidez, maiz landu ditu kontsumo gaiak eta nekazaritzari buruzkoak BERRIAn, eta lan horri esker jaso zuen 2012an Rikardo Arregi Kazetari Berria saria. Haren artikuluen mailaz gainera, kazetariaren esku trebea ere azpimarratu zuen epaimahaiak ordukoan: «Gehienei lehorra gertatzen zaien gai bat samur, zehatz eta modu ulerterrazean azaltzen du. Estilo bizia eta idazkera erakargarria baliatzearen poderioz, gaia bera ere erakargarri bihurtzen du».

Eta oraingoan ere horretan saiatuko da Tene Mujika bekarekin idatziko duen liburuan. Hala aurreratu du kazetariak. «Ekonomiari buruz jakin beharrik ez da izango liburua irakurtzeko».

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta Euskal Herriko historia hurbila aztertzeko ez-fikziozko lanak bultzatzea du helburu. Hamargarren aldia du aurtengoa, eta, oraingoan, Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendia kazetariak aritu dira epaimahaikide lanetan. Besteak beste, Imanol Muruak, Ainara Gorostizuk, Josu Martinezek, Xabier Gantzarainek, Mikel Garciak, Ramon Olasagastik eta Alberto Barandiaranek irabazi dute beka aurrekoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.