Inoiz baino urrutiago

Hawaiiko ironman entzutetsua ez da urrian jokatuko. Koronabirusaren gaitza dela eta, datorren urteko otsailean egitea erabaki du antolakuntzak. Lehiaketak geldirik, txartela eskuratuta dutenen eta ez dutenen artean zer alde dagoen xehatu dute Gurutze Frades triatletak eta Iñigo Mujika prestatzaileak.

Triatletak uretara sartzen iragan urteko Hawaiiko ironmanean. DARRYL OUMI / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Lehen ere gertu ez, eta inoiz baino urrutiago dago Kailua-Kona (Hawaii, AEB). Euskal Herritik 13.000 kilometrora dago, baina azken egunetan denboran ere urrundu egin da. Han jokatzen da ironmanik garrantzitsuena. Hango distantzia luzeko proba da triatloiko modalitate horretako Munduko Txapelketa, baina Hawaiiko proba entzutetsua ez da egingo aurten.

Antolakuntzak ostegunean baztertu zuen 2020an jokatzeko aukera; lau hilabete eskas geroago egin nahi dute, 2021eko otsailaren 6an. Berez, aurtengo urriaren 10ean zen jokatzekoa, eta atzerapenaren ondotik datorren urtean bi Munduko Txapelketa jokatzea aurreikusi dute: otsailean bata, eta urrian bestea.

Erabaki hori ikusita, bitan bereiz daitezke han aritzeko asmotan ziren kirolariak: parte hartzeko bidea ziurtatu dutenak, eta koronabirusak sortutako egoeraren ondotik linbo batean daudenak. Horien artean daude Euskal Herriko triatleta asko. Gehientsuenek artean jokatzeko diren triatloietan egin nahi zuten hartarako borroka, baina sasoiaatzeratzeak Hawaiirako sailkapena eskuratzeko oztopoak jarri dizkie.

Oro har, ironman proba jokatuko den urteko abuztura arteko triatloiak hartzen dira kontuan postuak banatzeko garaian, baina, egungo egoerak dena geldiarazi duenez, ziurgabetasun betean daude triatletak. Hala uste du Gurutze Fradesek (Durango, Bizkaia, 1981), hura baitadatozen hilabeteek zer ekarriko dioten ez dakitenetako bat: «Arazoa da denbora aurrera doala. Kontua da Munduko Txapelketarako sailkatu egin behar dugula; gehienak sailkatu gabe daude oraindik, eta horretarako lasterketak non eta noiz egingo diren ez dakigu oraindik».

Martxoan egin asmo zuen lehendabiziko saialdia, Hegoafrikan: «Abuztua baino lehen sailkatu behar izaten da, eta orain ez dago lasterketarik. Aurreikusten dute irailean itzuliko direla lehiaketak, baina ikusteko dago haiek itzuliko diren».

Adibide gisa, Gasteizko ironmana ekarri du hizpidera. Datarik gabe atzeratu izanak Hawaiirako sailkatzeko garaian «ezinegona» sor dezakeela azpimarratu du: «Sailkatzeko aukera ematen duten lehiaketa askok ez dute datarik, eta argitasuna eskatu behar zaio Ironman etxeari. Dagoeneko galdu dugu bidaia bat [Hegoafrikakoa], eta ez dakigu non banatuko diren hurrengo txartelak. Prestatu behar dugu hori ere».

Bien bitartean, bere prestakuntza lanetan ere birmoldaketak egin behar izan ditu, lehiarako egunak noiz iritsiko. Fradesek ondorengoa azaldu du: «Orain gutxienez kalean entrenatzeko moduan gara, eta pixkanaka bolumena igoz joan beharkodugu.Oraindik lan handia dugu egiteko».

Egutegi berrantolaketa

Hain justu, goi mailako triatleten prestakuntzaz asko daki Iñigo Mujikak (Iruñea, 1968). Haren esanetan, arlo fisikoa lantzeko orduan bereizi egin behar dira Konarako sailkatuak daudenak eta hura lortzeko beste lasterketetan emaitza onak lortu behar dituztenak: «Lehenik eta behin, jakin behar da postua bermatua zutenek mantenduko ote duten, eta ez zutenek nola egin behar duten postua lortzeko».

Mujikaren arabera, sailkatzeko aukera ematen duen lasterketarik ezean, «oso zaila da plangintza bat egitea helburuzehatzik gabe. Ez bakarrik teknikoki; plangintzak data zehatz batera sasoirik onenean egiteko iristen dira. Mentalki ere, kirolarientzat oso gogorra da hurrengo lehiaketa zein den jakin gabe entrenatzea».

Hawaiin aritzeko txartela jadanik eskuan dutenei erezenbait aldaketa ekarriko dizkie prestakuntza arloan hitzordua lau hilabetez atzeratzeak: «Normalean, profesionalek hamasei astean prestatzen dute ironman bat». Hargatik, txapelketa urritik otsailera igarotzeak entrenamendu egutegia berrantolatzea ekarri beharko luke, Mujikaren ustez: «Egokiena izan daiteke abuztuaren bigarren hamabostaldian eta irail hasieran atseden hartzea, eta iraileko bigarren hamabostaldian Kona prestatzen aritzea urtarrilera arte, lasterketa otsailaren hasieran baita».

Egoera makurragoa da txartela noiz eskura dezaketen ez dakitenentzat. «Zaila da», dio Mujikak: «Hasiera batean, sasoia mantendu beharko lukete; entrenamendu orokorrak egin, astakeriarik egin gabe; data zehaztutakoan, oso hurbil badago, bultzada bat eman prestakuntzari. Ordea, sailkatzeko hurrengo aukera hiru edo lau hilabeteren buruan bada,ez du hasi beharko oporren itzulerako sasoi baxutik, eta azkarrago prestatu ahalko da lasterketa».

Kontuak kontu, Mujikak zehaztu du egoera horretan behar bezala prestatzea «oso gogorra» dela: «Eskakizun maila oso handia da. Kirolari bati ezin diozu eskatu beti maila horretan aritzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.