Helene Alberdi. Triatleta

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.

JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Europako Distantzia Ertaineko Triatloi Txapelketa irabazi zuen Helene Alberdik (Bilbo, 1991) duela astebete. Ez zen nolanahiko garaipena izan, etxean lortu baitzuen, Bilbon. Azken metroetan ikurrina eskaini zioten, baina ezin izan zuen hartu; «bestela, ez nintzateke Europako Txapeldun izango», azaldu du. Nahiago izan du gai horretaz ez hitz egin.

Lehenengo aldiz aritu zinen nazioarteko proba batean. Garaipena zenuen helburu?

Galdera bera duela urtebete egin izan balidate, esango nukeen parte hartzearekin bakarrik oso pozik egongo nintzela, eta ez nuela irabazterik espero. Baina aurtengo emaitzak oso onak izan dira. Zarauzko triatloia irabazi nuen, eta baita Espainiako Txapelketa ere, Iruñean. Denboraldia nola joan den ikusita, aukera ikusten nuen, baina Europako txapeldun izan nintekeela pentsatzearekin bakarrik asko urduritzen nintzen.

Zer moduz sentitu zinen?

Oso ondo. Beroarekin asko sufritzen dut. Leihotik begiratu, eguraldia ikusi, eta argi ikusi nuen baldintza ezin hobeak zirela niretzat. Lasterketan bertan sentipenak oso onak izan ziren. Amaieran, korrika, sufritzea tokatu zitzaidan, baina horretan ere jakin egin behar da.

Bizikletan sufritu egin zenuen. Urrea galdutzat eman zenuen?

Lehenbizi igerian atera ginen, eta, txikitan igerilaria izan nintzenez, aurrean egon ohi naiz. Gainera, gogor aritzea gustatzen zait, lasterketa buruan jartzeko. Gero, bizikleta iritsi zen, eta horretan sufritu ohi dut gehien. Nire helburua zen aurkariak gehiegi ez urruntzea. Banekien korrika haiekin jaitsiz gero aukera izango nuela. Hasieratik arriskatu nuen, eta ondo atera zitzaidan.

Horrelako garaipenak gutxitan lortzen dira etxean. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Ametsa da nazioarteko txapelketa batean lehenengoz parte hartu eta etxean irabaztea. Nire egun perfektua zein izango litzatekeen galdetuko balidate, ezaugarri horiek izango lituzke. Presioak ez zidan gain hartu, eta horrekin nago pozik.

Nola entrenatzen zara?

Denboraldiaren araberakoa izaten da. Batez beste hamabost bat ordu entrenatzen naiz astean. Badaude denboraldiko sasoi batzuk karga handiagoa behar dutenak, eta hogei ordu ere aritzen naiz entrenatzen. Normalean, hiru saio izan ohi dira igerian, beste hiru korrika, eta lau bizikletan; saiatzen naiz ere indar saio batzuk ere sartzen.

Igeriketak behar du prestaketa teknikorik handiena, baina gaztetatik duzu barneratua.

Hala da. Igeriketak teknikan gehiago sakontzea behar du, eta nik, igerilari ohia izanda, ez nuen ezer berririk ikasi behar izan. Korrika ere nahiko ondo moldatu izan naiz beti. Hiru diziplinetan, bizikleta izan da gehien kostatu zitzaidana, eta oraindik ere arlo horretan daukat gehien hobetzeko.

Triatloiak kirol bakartia dirudi. Hala da? Entrenamenduak ere bakarrik egiten dituzu?

Entrenamendu gehienak bakarrik izaten dira, baina triatloiak jende asko ezagutzeko aukera ematen du, eta haiekin entrenatzeko aukera. Ruben Ruzafa edo Jon Ulazia nirekin etorri ohi dira igerian entrenatzera. Bizikletan, berriz, Ainhoa Murua nire entrenatzailearekin aritzen naiz askotan. Azkenik, korri egiten dudanean, Aratz Rodriguez atletak askotan lagundu izan dit. Laguntza behar izan dudan guztietan beti izan dut norbait alboan. Taldean egiten ez den arren, talde giroan ibiltzen gara.

Medikua zara ofizioz, eta haur baten ama ere bai. Ez da erraza izango dena uztartzea.

Nik esaten dudan bezala, garaipen honekin izozmendiaren punta soilik ikusten da, garaipenaren gozoa. Ez da ikusten eguneroko bizitza nolakoa den; oso gogorra da. Planteatu izan diot neure buruari merezi duen edo ez horrela ibiltzea, eta horrela zenbat iraun dezakedan. Hala ere, horrelako garaipenek jarraitzeko indarra ematen dizute. Baina inork ez dezala pentsatu dena hain polita eta erraza denik. Lan asko dira, ordu pila bat, eta garai zailak ere badaude.

Pandemian zaila izango zen probetarako prestatzea.

Pandemiaren aurretik nire asmoa nazioarteko saioetan aritzea zen. Triatloiari garrantzi handiagoa eman nahi nion, eta, itxialdiarekin, asmo guztiak pikutara joan ziren. Ordura arte, bikotekideak eta biok ez geneukan guraso izateko asmorik, baina orduan pentsatu genuen gure aukera izan zitekeela. Pandemiak aukera hori eman zigun, eta berehala gelditu ginen haurdun. Horrela jaio zen Peio.

Zein da hurrengo helburua?

Bi helburu ditut. Hemendik hiru astera Portugalera joango naiz, nazioarteko lasterketa batera. Hurrengo denboraldiaren egutegia zehazteke daukat oraindik, baina Europako Txapelketa irabazi eta gero, Espainiako selekzioko prestatzaileak esan dit aintzat hartu nauela hurrengo Munduko Txapelketan parte hartzeko, eta, segur aski, han izango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.