Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Grebari heltzeko moduak

2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Bai ETB1en, baita ETB2n ere, gutxieneko zerbitzuak izan ziren atzo. Goizean, piztua izan genuen zuzeneko emisioa, eta soilik aurrez grabatutako saioak eman zituzten kate horietan. Albistegiak izan ziren egunean bertan landutako eskaintza bakarra —lerro hauek bidali bitartean, behintzat (15:30)—. BERRIAren arabera, sindikatuak bat zetozen egunean albistegiak soilik lantzearekin, baina ez albistegi arruntak egitearekin. «Ezberdina baita albistegien artean musika edo doitze irudia eskaintzea, ezohiko eguna eta programazioa dela erakutsiz, edota ohiko programak emititzea, aldez aurretik grabatuak badira ere». Esango nuke grebaz besteko informazioa ematea ere ondo dagoela; bereziki, gertakari garrantzitsurik gertatzen bada. «Enpresak normaltasun itxura eman nahi du», adierazi zuen Andoni Basabe LABeko ordezkari eta ETBko Zentro Arteko Batzordeko buruak.

Normaltasun itxura bai eman zion ETBk El conquis-i, Julian Iantzik aurkeztutako eta Patxi Alonsok ekoiztutako saioari. Greba asteazken gauerdian hasi zen, eta ETB2ko programa izarra (audientziari dagokionez), aldiz, 00:30ean bukatu. Beraz, tarteak ez zuen greba orokorraren eraginik jasan.

Eskubide Sozialen Gutunak Hego Euskal Herrirako deitutako greba dialdiarekin bat egiteko bestelako formak izan ziren, halere. «Greba aktiboa» egin zuten Hamaika TBn. Horrela adierazi zuten haien Twitterreko kontuan: «Langileok ere greba egingo duguU-30ean. Ohiko programazioa eten eta mobilizazioen jarraipena egingo dugu egun osoan». Are gehiago, grebari buruzko saio espezifikoak egin zituzten, besteak beste, goizean eta arratsaldean. Eguneko programazioa, gainera, aldarrikapen mezuko edukiekin osatu zuten. Tartean, Hokoke dokumentalarekin.

Lan prekaritatea gero eta zabalduago dagoen auzia da, eta beste mekanismoetatik ere hedatzen ari da. Gogoan dut 90eko hamarkadan lotsaren kultura nahiko hedatua zegoela greba hausten zutenen artean. Garaiotan, aldiz, egoera ia alderantzizkoa da. Badirudi lotsa sentitu beharko lukeela greba egingo duenak; izan ere, lanera joan nahi duenaren eskubidea da lehenetsi beharrekoa. Nik bereziki estimatzen ditut, atzoko greba orokor egunean, normaltasuna erakutsi ez zuten euskal telebisten erabakiak; izan ere, grebaren berri emateak ez du esan nahi normaltasunetik egin behar denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.