Gailurrez gailur, ziztu bizian

Nirmal Purja alpinista nepaldarrak marka berria ezarri du, sei hilabete eta sei egunetan igo baititu hamalau zortzimilakoak. Zazpi urte eta hamar hilabetekoa zen aurreko marka. Puntako azpiegituraren eta oxigenoaren laguntzaz lortu du marka Purjak.

Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Erronka egingarria. Izen hori jarri zion Nirmal Purjak (Myagdi, Nepal, 1984) zazpi hilabetean hamalau zortzimilakoak igotzeko proiektuari. Ezinezkoa zirudien helburua lortzea. Eta ez zen gutxiagorako, hamalau zortzimilakoak denbora gutxienean egin zituen alpinistak, Kim Chang-ho korearrak, zazpi urte, hamar hilabete eta sei egun behar izan baitzituen —oxigenorik gabe igo zituen, eta Purjak oxigenoarekin igo ditu denak—. Bada, ezinezkoa zirudiena egin du Purjak: zazpi hilabete baino gutxiagoan igo ditu hamalau zortzimilakoak, 190 egunetan, sei hilabete eta sei egunetan, hain zuzen ere. Atzo amaitu zuen erronka, Sisha Pangma (8.027 metro) igota. «Erronka egina». Horixe idatzi zuen Purjak sare sozialetan helburua lortu berritan.

Purjak joan den apirilean ekin zion erronkari. 23an lehen zortzimilakoa igo zuen: Annapurna (8.091 m). Maiatzean, berriz, aurrerapauso itzela eman zuen, hamabi egunean bost kateatu baitzituen: Dhaulagiri (8.167 m), Kangchenjunga (8.586 m), Everest (8.848 m), Lhotse (8.516 m) eta Makalu (8.463 m). Uztailean eman zion beste astindua, 23 egunean beste bost igota: Nanga Parbat (8.125 m), Gasherbrum I (8.080 m), Gasherbrum II (8.034 m), K2 (8.611 m) eta Broad Peak (8.051 m). Irailean igo zituen hamabigarrena eta hamahirugarrena, Cho Oyu (8.188 m) eta Manaslu (8.163 m), eta atzo azkena, Shisha Pangma. Azken hori egiteko, Txinako Gobernuak baimen berezia eman dio, igotzeko epea amaituta baitzegoen.

Purjak ziztu bizian osatu du hamalau zortzimilakoen bilduma, eta horretarako laguntza handia izan du. Batetik, oxigenoa erabili du. Bestetik, helikopteroa erabili du kanpaleku nagusi batetik bestera joateko. Horri esker, denbora asko aurreztu du, eta egokitzapena egin izana aprobetxatu du zortzimilakoak kateatzeko. Horrez gain, askotan beste espedizio batzuek jarritako sokak erabili ditu. Azkenik, hainbat xerpa eta alpinistaren laguntza izan du. Mingma David izan da horietako bat. Hark ere igo du Shisha Pangma, eta bera da hamalau zortzimilakoak igo dituen alpinistarik gazteena, 30 urterekin. Dirutza gastatu du Purjak, eta, horri aurre egiteko, finantzaketa kolektibo bat jarri zuen abian.

Purja Erresuma Batuko armadako kide izan zen nepaldarrez osatutako Gurkha elite taldean. Everesteko tontorrean joan den maiatzean sortu ziren ilaren argazki ezagunaren egilea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.