Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Hilotza tente

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Umetan, sosen batzuk biltzen nituenean, dendara sartzen nintzen, galletak edo limonada erostera, eta bide batez, hango solasak entzutera. Nemesi zeritzon andre adineko batek senarrari kanpoan itxaroteko agindu zion. Txakur bati bezala. Dendari-andreak esan zion uzteko gizonari barrura sartzen, baina Nemesik ezetz. Nahikoa egiten zuela ateraino iristeaz.

—Itxura txairoa dauka, ba! —esan zuen dendariak, eta Nemesik:

—Ez pentsa! Hankak sano dauzka, baina burua... Komuneko argia piztuta utzi duzu! Eta diost: Noiztik? Atzo esan nion: Galtzak atzekoz aurrera jantzi dituzu! Eta berak: Zertarako?

—Gure arazoa da orain —jaulki zuen beste emakume xahar batek— ezer gutxi egiteko gauza izan, eta denbora berdin bete behar.

—O! —hots egin zuen garaile Nemesik—. Naturak asko laguntzen dio zaharrari denbora betetzen. Gauza bat egiten denbora luzea behar, eta beste hainbeste zuzentzen.

Agure zoli batek esan zuen bere andrea ere fase xelebrean aurkitzen zela. Ezertarako gauza izan ez, eta ezer egin gabe ezin egon.

—Ba, ni majo entretenitzen naiz eskela-orriekin! —jaurti zuen Nemesik.

Niretzat solas hartako inpaktanteena andre batena izan zen, baserri urrun batean bakarrik bizi zena. Negua eta gaua baitzen, kaleko bezero batek galdetu zion ea ez zeukan beldurrik, hain bide luze eta ilunetan. Emakumearen erantzunak dardaratu ninduen:

—Beldurra badut, baina nik ere beharko dut lagunen bat, ezta?

Eta hara gero, afaritan, non dioen gure aitak irratian entzun zuela, heriotz iragarki baten ondoren: Hilotza Zumaiako tanatorioan egongo da, tente. Ama saiatu zen irudi brutal hura biguntzen, baina esanda zegoen. Hain biziro zauskatu ninduen tanatoriokoak, ezen gauetan itzartzen hasi bainintzen, ohe barrenean tentetasun mortal bat ikusiz. Heriotzak ez ninduen beldurtzen, baina bai haren irudiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.