Donostiako Aste Nagusia 

Maitasun jolasak eta guda dantzak

Iluntzeetako dantza emanaldiek zale ugari erakartzen dituzte Donostiako Konstituzio plazara. Gero Axular taldeak, 'Agorrila' ikuskizunarekin, 1813. urteko Donostiara eraman ditu ikusleak: amodio kontuak, setio egoera eta hiriak jasandako erasoa interpretatu ditu.

Maite Alustiza.
Donostia
2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Hasi da edo ez da hasi?». Donostiako Konstituzio plazako sarreretako batean, geldirik daude bi emakume, plazako agertokira begira. Dantzariak ikusten dira oholtzan, eta ia beterik daude aurrean jarri dituzten aulki guztiak. «Ez da posible, zortzietan jartzen du programan», esan dio batak besteari. Astelehena da, 19:30, eta Gero Axular taldeko dantzariak azken entsegua egiten ari dira. Saiorako ordu erdi falta den arren, bistan da ikusmina piztu duela.

Aulki beteen azken-aurreko ilaran daude Ana Intxausti eta Anton Atxega. Badakite, eseri nahi izanez gero, goiz joatea komeni dela. Izan ere, Aste Nagusian egon ohi diren dantza emanaldi ia guztiak ezagutzen dituzte, haientzat jaietako erakargarri nagusienetako bat baitira: «Urtero etortzen gara; jotak direla, tangoa...». Oraindik ere badute aukera gehiago: Trebeska ariko da, gaur; eta Eskola Dantza Taldea, bihar. Ikustea ez ezik, dantza egitea ere gustuko du Atxegak; praktika, ordea, «gazte garaian» utzi zuen: «Orduan, bai, ibiltzen ginen plazetan eta; orain, jada ez gaude sasoian».

Goizeko berorik ez da dagoeneko, eta hodeiek eta haizeak atsegin egiten dute giroa. Epeldu izana eskertu du Elsa Vilanderrek. «Goizekoa gehiegizkoa izan da». Atseden hartzeko eta indarrak hartzeko aprobetxatzen ari da: ogitarteko bat jaten ari den bitartean, tabernatik garagardo bat ekarri dio lagunak. «Zer dago hemen? Kontzertu bat?», galdetu dute. Suediakoak dira, eta Europatik egiten ari diren bidaiaren barruan, egun batzuk pasatuko dituzte Donostian. Dabilen jendetzarekin harrituta dago Vilander: «Ez dakit turistak garen edo ez, baina jende mordoa dabil; giro polita dago».

Mike Brighton ere atzerritik etorri da Euskal Herrira, familiarekin. Aste Nagusiaren aitzakian, Donostian geldialdia egin dute. Brightonek, ordea, ez du dantza ikusteko astirik; presaka dabil, beste zeregin garrantzitsuago bat bete nahi baitu lehenik: «Izozki baten bila goaz, hauekin bestela...», esan du semeak seinalatuz.

Oholtzako argiak mugimenduan dabiltza, teknikariak azken probak egiten ari diren seinale. Aulkitik, gerturatzeko keinua egin dio emakume batek mutiko bati. Hastear dagoela dirudi. Inguruan da Nekane Arrondo, familia eta lagunekin. Oporretatik itzuli berri dira, Aste Nagusia zukutzeko prest. Ez dira propio dantza dagoelako hurbildu, baina «kalean egoteko egunak» direnez, ez dute aukerarik galtzen bat edo beste ikusteko. Dantza pixka bat ikusi, afaldu, eta suak ikustea dute iluntzerako plana.

Agertokiaren paretek adreiluzkoak eta harrizkoak dirudite. Bi solairu jarri dituzte: goian, musikari eta abeslarientzako tokia; behean, dantzariena. Musikariak prest dira, eta abeslariak Benito Lertxundiren Itsasoari begira kantatzen ekin dio emanaldiari: «Zazpi mendeko gauean gaude. Gure loreetan sasi...». Lau neska oholtzaratu dira. Urketariak balira bezala ari dira dantzan, Trinitate kaleko iturrian baleude bezala. Izan ere, Gero Axularrek 1810. eta 1813. urteen artean kokatu du Agorrila ikuskizuna, Fenizia Berrian —Euskal Herriko zazpi lurraldeak bilduko zituen administrazioari horrela deitzea proposatu zuen Dominique Joseph Garat lapurtarrak, XIX. mendean—.

Gerra garaiak ziren, baina horrek ez zien gazteei jolasean eta amodio kontuetan aritzea galarazi. Halaxe dabiltza agertokian bi gazte, dantzaren bidez jolasean: batak «Maritxu nora zoaz, eder galant hori» esan, eta besteak «iturrira Bartolo nahi badezu etorri» erantzun. Publikoa ere animatu da jolasera, kantua txaloz jarraitzen hasi baita. Neska-mutilak taldera batu dira ondoren, eta denek elkarrekin, dantzarako makilak atera dituzte. Dantza egin bai, baina defentsa prestatzen ere hasi beharra dago.

Suak bai, surik ez

Emanaldirako propio jarritako eserlekuetatik ez ezik, inguruko tabernetako terrazetatik ere ari da jendea dantzak ikusten. Han daude, lasai ederrean, Andres Zubillaga eta lagunak. «Bi baten truke» egiten ari dira, gainera: «Eguraldia bikain jarri da brisa honekin, eta mokadu bat hartuz musika entzun eta dantzak ikustea... zer gehiago eska dezakegu?». Donostiarrak dira, eta trago pare bat hartu ondoren, ez dute Donostiako Aste Nagusiko «plan tipikoan» huts egiteko asmorik: izozkia jan eta su artifizialak ikusi.

Surik ez dago oholtzan, baina Donostiaren erreketa iristear da. Borrokarako prest dira herritarrak. Aurretik, ordea, ospakizunak datoz. Bikote gazteak ezkontzea erabakiko du. Ezkondu aurreko abestiak, ordea, zalantzarako tartea ireki du: «Mutil zahar hobe degula ta bai [...]; ez gabiltza batere gaizki», kantatu du abeslariak Korrontziren Ataungo Ardi Beltza. Ez da, dena den, ezustekorik izan: apaizaren bedeinkapenak eta ezkondu berrien omenezko aurreskuak festa giroari eman diote hasiera.

Eraso posible baten mehatxupean, ezkondu berriek Zubietara egin dute alde: han jaso dute tropa portugaldarrek eta ingelesek hirian eragindako txikizioaren berri. Erasoaren «arrats izugarri hura» interpretatu ondoren, Zubietako Itunarekin bukatu da saioa. Azken oihua: «Gora gu eta gutarrak!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.