UDAKO SERIEA. Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (I). Arabako Errioxa eta ardoa.

Ardotan blai, Errioxa aldean jai

Udazkena hastearekin batera, bilkura berezia izaten da Arabako hegoaldeko eskualdean. Bisitaria Bakoren erreinura bildurik, isurkari magikoaz gozatzen has daiteke, goxo-goxo. Ardo festaren zilarrezko ezteiak ospatuko dituzte aurten, Bilar herrian.

Ardotan blai, Errioxa aldean jai.
Josean Gil-Garcia.
Bilar
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Mahats biltzearen harira, bilkura jendetsua izaten da urtero Arabako Errioxan. Esan gabe doa Euskal Herrian ardogintzaren kultura erabat errotuta dagoela, eta, beraz, Bakoren erreinura biltzeko joera gozagarria izaten dela. Baina hegoaldeko ospakizuna ohiko ikuskizunetatik haratago joaten den jaialdi berezia da. Hala ondoriozta daiteke, bederen, programaren barruko jarduerak aztertu ondoren. Ardo ekoizleen produktu desiratua eskaintzeko ez ezik, Errioxako eskualdea osatzen duten herri guztiak senidetzeko ere balio du ardo festa ezagunak. Horrela gauzak, sariak, senidetze ekitaldia eta ohore handiko dantza erakustaldiak gertatzen dira egun seinalatuan, besteak beste; dena, pribilegiozko ordena perfektuan. Udazkenaren atarian, aukera bikaina izan ohi da Errioxako jaialdia bizi izateko. Aurten, 25. urtemugaz gozatzeko parada ere izango du Bilar herrira agertzen den orok.

Egia esanda, ardoaren gaineko jaialdia egun bat lehenago abiarazten dute antolatzaileek, betiere ardo txapelketen gaineko sari banaketa egite aldera. Giro apartaz goza daiteke orduan, ilunabarrean, ohore eta zirrara handiz hasiera ematen baitzaio ekitaldi xume horri. Familia giroan, beraz, urte osoan egindako lan eskergari aipamen berezia egiteko tenorea egokitzen da. Argazkiak eta zorion hitzak, barra-barra. Azken urteotan, sor-marka duten euskal produktuekin senidetzeko ekitaldi bat ere prestatu da. Zizka-mizken antzera, mokadu txit ederrak dastatzeko aukera ematen zaie herrira bildutakoei, baita eztarria ardotan blaitzekoaere.

Ardoaren Dantza

Bisitariak jakin beharko luke larrazkeneko igande goiz horretan auto ilarak gertatzen direla. Antolakuntza taldeak, ordea, eremu zabalak izaten ditu ondo gertatuta, gutxienez 15.000 laguni harrera egiteko. Goiz-goizetik ikusten dira ardo ekoizleak kalean gora eta kalean behera, nork bere postua atontzen. Aurten, zilarrezko ezteiak ospatu behar direla-eta, nerbioak airean izango dituzte antolatzaileek, jakitun baitira jaialdi bakoitza desberdina delarik ere onena atera behar dutela arrakasta eskuratuko badute. Helburua, beraz, itzela.

Hamaikak inguruan hasten da ekitaldirik behinena. Errioxako dantza taldeen ostean, eskarmentu handiko Iñaki Palacios musikari eta txistulariak eta Josu Sanchez dantzari eta koreografoak Ardoaren Dantza eskaintzen diete plazara bildutakoei. Isiltasuna nagusitzen da orduan. Bikote gasteiztarrak Eltziegon izan zuten aukera dantza eder hori aurrenekoz eskaintzeko publikoari. Arrakasta, nola ez, sekulakoa! Harrez geroztik, eskualderako ikur bilakatu da. Dantzaren kontzeptu modernoan murgiltze ausartak, jauzi garbiak eta mugimendu konpasatuak egiten ditu bikote horrek.

Baina dantzaren ikuskizuna programaren kate maila baino ez da; izan ere, pregoilariak lekukoa hartzen duenean, oholtzara igo eta, enbaxadore baten moldean, pregoia jotzen du jendetzaren aurrean. Karra Elejalde aktore, gidoigile eta zuzendari gasteiztarrak Toti Martinez de Lezea idazlearen lekukoa hartu zuen iazko Iekorako festan. Begirada guztiak erakarri zituen gizonak, zinemarako estreinaldi batean jardungo balu bezala. Karrak ez zuen huts egin!

Arabako Errioxako udalerrietako ordezkariei dei egiteko tenorea iristen da segidan, pregoilariaren jarduna amaitu bezain laster. Mahats aleak saskitxoan ondo bilduta, oholtzara igotzeko ardura hartzen dute haurrek. Urduritasuna baztertuta, daramaten fruitu preziatua upel handira jaurti, eta txalo zaparrada lortzen dute. Holaxe, banan-banan, bikote guztiak, ale denak ondo metatu arte. Tradizioak hala eskaturik, mahatsa oinutsik zapaltzen hasten da, eta miraria segituan: isurkaritik lehen muztioa jariatzen da, zalu, upelaren behealdeko zulotxotik. Dastatze saio otzanari hasiera ofiziala ematen zaio hola.

Festarako deia egina delarik, bisitariak, plazatik irten, eta kalez kale mugitzen dira eskualdeko ardo dastatzeari ekiteko gogoz. Herriko ondare arkeologikoa zein artistikoa bisitatzeko ere baliatzen dute bisitari ugarik. Interesguneak, aukera-maukeran: eliza gotortua, iturri zaharra, elurtegia eta lur azpiko upeltegiak, besteak beste. Bilar herri inguruan, gainera, Ibilbide Berde Kulturalaz gozatzeko aukera du bisitariak.

Ibilbide Berde Kulturala

Bilar herrian (Arabako Errioxa)hasten da ibilbide kultura. Ibiltaria Andre Mariaren plazan jarri behar da ibilian, eliza monumentalaren aurreko plazatxoan. Argibide taula batek Errioxa zeharkatzen duen ibilbide kulturalaren berri ematen du. Bilarreko udaletxearen ezkerraldetik doan Errementari kalean hasi behar da ibilian. GR zidorreko marka zuri-gorriak lagun, herrigunetik irten behar du zaleak, baita goratasuna galtzen hasi ere. Belar bidean sigi-saga eginda, Uneba errekara iristen da. Sorginaren Txabola izeneko trikuharrira doan basabide asfaltatura iritsita, eskuinera egin, eta hainbat metro ibili ostean, ezkerretik doan bidexkari jarraitu behar zaio.

Monumentu megalitikoa ezkerraldean lagata, bide sardan eskuinera egin, eta Toloño mendilerroari begira jarri behar da. Bidebanatzean, eskuinera jo, eta errepide nagusitik igotzen den tokian, ezkerrera hartzen da iparraldera begira jartzeko asmoz. Hurrengo bide sardan, eskuineko bidea hautatu, eta goratasunik galdu gabe jarraitzen da, Lapoblación mendi malkartsuari begira jarririk. Nekazari bideak aurrez aurre ikusten den konglomeratu gorrixkara begira jarriko du ibiltaria, hots, Los Husos haitzulo, iturburu eta aztarnategi arkeologikoa dauden paraje zirraragarriaren aldera. Hartaraino heldu gabe, baina, eskuinera doan bidetik jarraitzen da Unebako atsedenlekuraino.

Zurzuriak, astigarrak, lizarrak, makalak eta gaztainondoak ikusten dira sosegua hartzeko eremuan. Lau bideko elkargunean, ezkerrera egin, eta Kripango Puerto Nuevo eta Montorte mendigune sonatu aldera begira jarri behar du ibiltariak. Arteek inguraturik, eskuinera jo behar da Llanos trikuharrira iristeko. Gero, Kripango errepidera heltzean, asfaltoa gurutzatu, eta ibarrean behera egin behar da errekastoaren ondotik. Galtzada moduko bide bati men egiten zaio aurrerago, behin ur xumeak gurutzatuta. Hala, artadiak osaturiko galeria ederrean gaindi ibili behar da Pilas errekarekin elkartzearen kariaz. Azkenik, Pilas erreka gurutzatu, eta Kripanera iristen da.

Kripango eliza parean, eskuinera egin, eta Guardiako aintzirek osaturiko Biotopo Babestura doan Ignaziotar Bidearen aldaeratik jarraitzen da; beraz, Makal plaza zeharkatzen da Kripanen, eta, San Sebastian baselizaren aurretik igaro ondoren, hego-mendebaldera jo behar da. Pilas errekarekin bat egitean, ibilbide kulturala utzi, eta begi bakarra erakusten duen harrizko zubia baliatu behar da ur emaria gurutzatzeko. Olibondoen sailaren ertzetik igarota, bidexkak sigi-saga eramaten du ibiltaria, mazelan gora. Harbide edo galtzada bat ikus daiteke laster. Hari esker goratasuna hartu eta aldapan gora abiatu behar da. Bilar herrira joateko, hainbat aukera daude, baina Encinal trikuharritik igarotzen den bidea interesgarria da. Horretarako, ezkerrera bi aldiz hartuta, monumentu megalitikora iristen da. Trikuharrian eskuinera egin eta, bide nagusiari segika, Bilar herrian amaitzen da zirkuitua.

Bihar: Ibilbian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (II): Gernika eta barraskiloak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.