Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I). Mongolia.

Mongolia, artzaintzak bultzatutako bizimodua

BERRIAk 2018an antolaturiko lehiaketako bost lanik onenak irakurri ahal izango dira gaurtik igandera. Egun horretan argitaratuko da Olatz Mitxelenaren lana: 'Grezia: memoriaren postalak'. Mendiak eta Herriak agentziak emandako saria jasoko du: Zermattera antolatutako zeharkaldia.

<b>Orkhon arana. </b>Natura, bere horretan.
Orkhon arana. Natura, bere horretan. IÑAKI ANTIGUEDAD Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Antiguedad -

2018ko abenduak 26

Euskal Herritik ekialderantz, egunak gaua laburtu. Goizean heldu gara UB Ulan Batorrera. Lurrera hurbildu ahala, paisaiaren berdea nagusi, eta hiri bazterretan ger-auzoak. Ger-a Mongoliako nomadek bizilekutzat duten oihal-etxola da. Esteparen latzak, azken urteetako klimaren gogorra lagun, hirira erakarritako nomaden auzo eskasak dira, hiriburua are gehiago zabalduz, ulertzen zaila den hiri-plangintzan. Ez da txantxa, Mongoliak ei dituen hiru bat milioi biztanletik erdia hortxe bizi da, beste erdia herrialdeak dituen milioi eta erdi kilometro koadroetan sakabanatzen dela; gehienak, estepan nomada.

Aireportutik hirirako bidean zentral termikoak ketan. UB oso kutsatua da, ikatza duelako energia-iturri nagusia. Herrialde osoko mapa eskuratu dut, datozen egunotako bideen erreferentzia. Sobietarren estiloko hiria da UB, hori estiloa bada; eraikinak altxatzen ari dira edonon, nonbait bazterreko ger-etakoei aterpea emateko. Eta autoak, hiriburua kaos bihurtzen. Tuul ibaiak zeharkatzen du hiria, gero Baikal lakura husteko. Mongoliako ibai ia denak iparrerantz doaz, hegoko Gobiko hareetan desagertzen diren gutxi batzuk salbu.

UB atzean utzi eta bidaiari eutsi. Hasieratik agertzen zaigun erliebea biguna da, kamutsa, zaharra den seinale. Eta paisaia berdea, belar motzekoa, zuhaitzik gabea. Abere-taldeak nonahi bazkan, zaldiak, ahuntzak, ardiak, behiak eta gamelu batzuk ere. Eta ger-ak ere edonondik, bakartuak, autoa eta motorra atean, eguzki-panela eta, batzuetan, parabolikoa ondoan, eta umeak olgetan. Laster utzi dugu asfaltoa, eta ia bidaia osoan lagun izango ditugun pista antzekoetan barrena sartu ere. Estepa amaigabean eman ditugu lehenengo egunak, eta paisaiak berdina dirudien arren, modu berrituan gozatzen dut egunero. Granitozko mendixkak dira erliebearen lauari nolabaiteko muga jartzen dioten bakarrak. Agian horregatik bilatu zuten hor aterpe gaur hondamen diren monasterio budistek.

 


Pista-bideak goragune duen bakoitzean ovoo batekin egiten dugu topo. Dorre itxurako harri-metak dira ovoo-ak, zapi urdinez beteak; budistentzat kultu lekuak dira, bertaratu, hiru buelta eman, eta, zerbait utzita (dirua edo harri koskorra), alde egin; horixe gure gidariek ere betetzen duten errituala. Eta urdina? Nonbait, fede-kolorea dute. Sinesmenetan, nork bereak.

Eguna estepa zabaleko pistetatik emanda arratsaldean kanpalekura heldu. Ger-multzoak dira, zerbitzu-eraikinaren inguruan antolatuak. Nomaden ger-ak berdinak dira, baina haienekin alderatuta, gurean kamantzak, mahaitxo bat eta erdian beheko sua baino ez da. Estepatik segitu dugu hainbat egunetan, hegorantz, Gobi desertua den bestelako paisaiarantz. Leku batean geratu, eta berdin da nora begira paratu, zuriune barreiatuak ikusten dira; bat-hiru ger-eko guneak dira, motoa atean, artzainen gaurko zaldia. Eta deigarria ere, ger-etik neurriko tartera etxolatxo bat, kanpotik txukuna: komuna; izan ere, hainbat hilabete egiten ditu hantxe errotuta sendiak, eta beharra behar! Hori bai, komunari errespetu gehiago diote zabortegiari baino; putreak zelatan!

 


Ger-ak badira inguruan abere-taldeak izan behar! Begiak asko zorroztu gabe ere, hara! Ehunka abelburu tropel itzeletan, batzuetan batera, denontzako bazka baitago, udan behintzat! Harrigarria da noiznahi eta nonahi hainbeste abere-talde ikustea, atera kontuak zenbat buru! Hobeto ulertzen da jakitean herrialdean 70 milioi bat abelburu direla! Dena dela, zenbat eta hegorago, taldeak urriago, belarrak sastrakari eta legarrak hareari bidea eman bezala, nahiz eta gameluak ugaltzen hasi; desertua ezin urrun izan.

Pista txirikordatuen mosaikoa da estepa, gidari bakoitzak bere bidea egiten duela. Hain da urria trafikoa! Hori bai, aldapatxoa igo eta hara! Ustezko ezerezaren erdian ovoo bat! Eta ume batzuk harriak saltzen; nik, badaezpadakoan, ume horien geroa gogoan, hantxe utzi dut nire zapi urdina. Sinesmen kontuaz harago, kameraren ordua, alde batera eta bestera sekula, santa bada ere, nekatzen ez nauten paisaiak baitira, antzekoan desberdinak. Argazkia gogoratzekoa da, unea gozatzekoa!

Deserturako bidean

Gaurko ibaiko urak handi datoz, ekaitzen ondorioz. Auto bat hantxe da, lupetzan hondoratua, ez aurrera ez atzera. Gureak ondo pasatu dira, furgoneta errusiarra buru. Harea gero eta hareago, dunak gero eta dunago. Dinosauroen lurraldea zen hau, aztarnak seinale direla, tartean arrautzak harri eginda. Kilometro gutxi batzuetan bat egin dugu asfaltotik, hego-ekialdean diren meategi berrietako mineralen (tartean, estrategikoak) irtenbide.

Baina gu aurrera, hasierako duna handien bila. Ibai-biderik ez den lekuetan ekaitzen urak unean uneko bidea hartu du ibilgu, berez eskasak diren pistak are gehiago eskastuz. Erreka bat zeharkatu dugu, iraunkorra behar du, zubia eta guztiz! Horra duna handiak! 200 metrotik gorakoak. Desertu atarian gara. Ortozik, eta euri-zaparradan, hareazko maldan gora aurrera eta atzera. Gora heldutakoan hegorantz, Txinarantz, zabaltzen den duna-zelaia benetan ikusgarria. Hareazko Gobi da hori, baina Gobi dunak baino gehiago da, kontrastezko ingurunea. Gameluak ugari hemen, dunen bazterreko berde apurretan bazkan. Gaua euritan eman dugu, eta ger-ak ondo eutsi dio, tanta-bideren bat tarteko.

 


Iparralderantz orain, estepa berriro bidaide. Latitudetan gora egin ahala —44— gameluak urritu beste taldeak ugaritu legez. Eta berriak ageri ere, yack-ak, baina katagorriak ere, zuhaitzen faltan, lurretik jauzika. Saiak ere bueltaka pista ondoan, arkume zena ondo baliatuta! Erakarri egiten nau esteparen zabal berdeak eta mugertzeko mendixka bigunduek elkarrekin sortzen duten osoak, paisaiaren izana! Asfalto-tarte bat baliatu dugu gaurkoan, hiri bat gertu den seinalea. Arvaikheer hiria, bost solairuko eraikinak erdigunean, eta wifi jatetxean. Kaleko postuetan baserritarrek lur-emaitza batzuk —azak, patata antzekoak, azenarioak eta ezer gutxi— dauzkate salgai; egia esan, ez dakit nongo lurren emaitzak diren, inon ez baitut orturik ikusi. Dena dela, merkatu gehiena arropak hartzen du. Hiri inguruko auzoetan egurrezko etxeak hesiaz babestua, eta latorrizko teilatuak, betiere ondoan ger-a dutela, eta inguruan umeak olgetan; ustez etxea negurako dute. Kontraste polita kolore desberdin baina bizietako teilatuena! Hor doa atso bat pitxerra eskuan ur-biltegi publikora; handik gutxira berriro ikusi dut, bueltan zela, asfalto gabeko kaletik, zama lepoan.

Dena baliagarri

Iparrerako bidean lehenengo zuhaitzak agerian, mendialdea hurbil den seinale. Zabalgune batean familia baten ger-era sartu gara; gurasoak eta bost seme-alaba bertan, amama eta izekoaz gain, denak usadioari jarraituz jantzita. Behor-esnea, jogurt antzekoa eta gurin gisakoa eskaini dizkigute, eta eskutik eskura pasatu dizkiogu elkarri, esker modura. Lau bat hilabete egiten dute bertan, animaliak zaintzen; negu giroa hurbil denean, gertuko herrixkara mugitzen dira, eurak eta abereak, babes bila. Abere guztietatik baliatzen dute zerbait, landu eta saltzeko ere, larrua, artilea, haragia... eta esnea! Mongolia gazta-herria baita! Eta gorotza ere, ger-a berotzeko! Seme-alabak eskolatuak dira, derrigorrez eta dohainez, ikasturtea barnetegietan egiten dutela, aldian-aldian gurasoenera badoaz ere.

Bidean gora eta hara! Haran zabal-zabala eta berde-berdea aurrean, mendi kamustuen babesean. Orkhon haranean gara, Unescok ondare izendatua. Ikusgarritasunaz aparte, natura ia ukitu gabea izanak lagunduko zuen horretan. Ibai meandriformea erditik sigi-sagan. Hamaika ger eta halako hamaika abere-talde hemen ere. Oso gau argia izan da gaurkoa, izarrak nonahi eta planeta batzuk ere agerian. Kanpalekuan argia gauez baino ez, eta hauxe sakelakoen kable festa jatetxeko entxufeetan!

 


Orkhon harana utzi gabe Kharkhorinera hurbildu gara, Gengis Khanen aginduz eraikitzen hasia mongolen inperioaren hiriburua izateko asmoz, eta bere seme batek horixe bihurtua XIII. mendean. Zetaren bideko merkatarien geldileku eta kultura askoren bidegurutze izan zen, inperioak iraun bitartean; baina ez zen luze izan, Asia eta Europa zabalean arin batean hedatu ostean, abiadura berean desagertu baitzen. Tenplutzarrak eta museoak, mongolen aurretik lurralde hauetatik pasatu ziren beste inperioena gertutik ezagutzeko aukera.

Aberastasuna, abereetan

Iparrerantz segitu, koniferoak nagusi. Argazki-kamera ez da gai, nire eskuetan behintzat, kontraste guztiak bere horretan islatzeko. Zelan harrapatu dena, atzea eta aurrea! Autoekin gora eta behera egiten dugu, erliebearen kamutsak behartuta. Pista txirikordatuen zoramenean harrigarria egiten zait lehenengo autoko gidariak erakusten duen irmotasuna. Are gehiago, kontuan hartuta azken trafiko-seinalea UBetik ateratzean ikusi genuela.

Tsenkherren gara, ur-berotan. Ingurunean egurrezko korta handiak ikusten dira mendi-hegaletan, eta ez urrun abelburuak aldapan zein ordekan! Ger batera hurbildu gara, hiru belaunaldi batera hantxe. Sartu, eta bazter guztiak hartu ditugu. Amama hasi da trasteekin lanean, erdi-erdian den beheko suan: burruntzalia, lapikoa... eta sua bizitzen. Laster batera hantxe ginen esneki desberdinak dastatzen. Berbetan ibili gara aititarekin, itzultzailea bitartekari. Zenbat abelburu duten galdetu eta hara! Erantzunik ez! Nonbait gutariko bati kontu-korrontean zenbat diru daukagun galdetzea legez baita hori eurentzat. Orduan ulertu dut eurentzat abereek duten balioa, aberastasuna aberetan neurtzen baitute nomadek.

Moronera heldu gara, hirietan laugarrena; hotelak, bankuak, kale asfaltatuak... eta semaforoak! Etxe txikiak nagusi, teilatu koloretsuak. Gasolina hartzeko baino ez gara gelditu, gu aurrera goaz, ez dugu hiri-minik. Khorsgol laku handian gara, bertokoek inoiz mugatzat hartu ez duten Siberiako Baikal ospetsutik oso gertu, biak egitura geologiko bereko zatiak, aspaldian lokartu zen rift batena. Oreinak hasi gara ikusten. Mendi goian elurra. Bestelako parajea amaiera honetan. UBeko kaosera buelta, eta azken tenpluan monjeen etengabeko errezo kantatuen berbaro sinkronizatua; hori bai, kanpoan sakelakoa eskuan. Itxi dut begizta lagun izan dudan mapan. Etxera bueltan lehenengo begirada ortuari.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II): Kolonbia.

 

 

 

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkartasunez bete dira orgak

Aitor Biain

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.
 ©Gorka Rubio / FOKU

«Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

Iker Tubia

Gorputza estaltzen duten babesetan gordetzen da Gomez izotz hockeyan aritzeko. Ia bizi osoan gorde behar izan du emakume zela, baina orain ez du ezkutatzen. Partida hor dago oraindik.
Gazte Euskaltzaleen Sarekoek protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitza aurrean, azaroaren 16an. ©KLAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.