Ekaitz Santazilia. Euskal filologoa

«Euskara hizkuntza bat gehiago da, eta hala behar du izan»

'Fontes linguae vasconum: studia et documenta' aldizkari zientifikoaren zuzendaria da Ekaitz Santazilia. 1969an argitalpena sortu zutenetik egin den lana gizarteratzeko baliatu nahi du 50. urteurrena.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Euskararen «berezitasunak» erakarrita hasi zen Ekaitz Santazilia (Iruñea, 1987) Euskal Filologia ikasten. Gerora, ordea, konturatu da euskara «beste hizkuntza bat» baino ez dela, eta nazioarteko hizkuntzalaritzaren ikuspegitik aztertzearen alde egin du. Horretan dihardu Fontes linguae vasconum: studia et documenta aldizkarian, 2016tik zuzentzen baitu argitalpena. Kargua hartu zuenetik, haren erronka izan da aldizkaria, txikia izan arren, nazioarteko estandarretara doitzea. Aurten 50 urte beteko ditu argitalpenak, eta zuzendariak «premiazkotzat» du denbora horretan egin den lana gizarteratzea.

Nolakoak izan ziren aldizkariaren hastapenak?

Aldizkariaren sorrera ulertzeko, testuingurua zein zen jakin beharra dago. Frankismo garaia zen, eta Nafarroako diputazioak euskara eta Nafarroako identitatea mantentzearen aldeko hainbat ekintza antolatu zituen. Giro horretan, Jose Maria Satrustegi sartu zen Principe de Viana erakundean, eta 1967an, hark eta erakundearen buru Jose Esteban Urangak bilera bat izan zuten. Horretan erabaki zuten euskararen inguruko aldizkari bat sortzea. Urangaren ideia izan zen Fontes linguae vasconum izena jartzea, eta Satrustegik proposatu zuen gehitzea Studia et documenta.

Zein helbururekin sortu zuten?

Batetik, ikusi zuten gero eta ikerketa gehiago zegoela euskarari buruz, eta hor bazegoela hutsune bat. Eta, bestetik, artxiboetan testu zahar asko zegoen ikertu gabe, eta horiek aztertzeko eta ezagutzera emateko beharra ikusi zuten. Izan ere, dokumentu zahar batek ez du baliorik filologo batek ematen ez dion bitartean. Bigarren horretarako sortu zuten Cuadernos de ortografía aldizkaria, eta horrek ere 50 urte beteko ditu orain.

Zer funtzio bete du aldizkariak urte hauetan guztietan?

Hasierako funtzio horiek, dudarik gabe, bete ditu. Baina lan egiteko modua asko aldatu da: unibertsitatean sartu gara, euskal filologo asko daude, formakuntza hobea dago. Jarraitu da hori bera egiten, baina asko hobetu da ikerketa ereduan: metodologian, marko teorikoan...

Aldizkariaren orrietatik izen handi asko pasatu dira?

Aldizkariaren historian hainbat garai daude. Hasieran, nazioarteko hizkuntzalari askok publikatzen zuen aldizkarian; gero, itzali egin zen Europako hizkuntzalarien ekarria, baina hemengoena garatu zen. Beraz, orekatu egin da: lehen hemen apenas zen hizkuntzalaririk, eta, orain, nazioarteko ekarpenak ez dira hainbeste, baina hemengoak oso onak dira.

Zergatik da garrantzitsua halako aldizkari bat Nafarroan?

Hau da Nafarroak egiten dion ekarpena euskal hizkuntzalaritzari, guk ez baitugu filologia ikasketarik. Bitxia da Nafarroan, edozein alderdi egon delarik boterean, beti eutsi diotela aldizkariari. Beraz, horrek erakusten du badagoela interesa.

Zerk bereizten du zientzia aldizkari hau beste batzuetatik?

Batetik, gertuko tratua; bestetik, artikuluak publikatzeko orduan, nazioarteko punta-puntako aldizkarietan bi edo hiru urte pasa daitezke zure artikuluak argia ikusi arte, eta Fontes-ek ahalmena du prozesu bera azkarrago egiteko, urtebetean. Gero, aldizkari batzuek kobratzen diete autoreei publikatzeagatik, eta artikuluak eskuratzeagatik. Fontes-en egilearentzat prozesu osoa doakoa da, eta material guztiak Interneten daude eskuragarri. Eta, azkenik, ikerketa esparrua zabaldu egin dugu: euskal aurrizkia duen ikerketa oro onartzen dugu.

Garrantzitsua ikusten duzu Euskal Filologian hizkuntzalaritzaren metodo estandarrak erabiltzea.

Bai. Garai batean euskara ikusten zen modu erromantikoan; hizkuntza arraro eta berezi bat bezala. Eta Koldo Mitxelenak esan zuen euskara hizkuntza normal bat dela, eta beste hizkuntzak bezala ikertu behar dela. Hala, hizkuntzalaritzaren metodo estandarrak eta teoriak aplikatu zituen euskarara. Euskara hizkuntza bat gehiago eta normala da, eta hala behar du izan. Bada, aldizkariak hori ere egin du: unibertsitatearen bidea jarraitu eta zientziak eskatzen dituen metodoak eta kalitatea bermatu.

Baina euskarak baliabide gutxiago ditu horretarako, ezta?

Bai, hori da. Normala den bezala, ingelesa ikertzen milaka lagun egongo dira munduan, eta euskara ikertzen ez hainbeste. Halere, asko ikertzen da euskaraz, kontuan izanda zein tamainako hizkuntza den.

Nazioarteko hizkuntzalariekin harremana sortzea ere garrantzitsutzat jotzen duzu, ezta?

Bai, hori da, euskarak ekartzen ahal dizkielako datu interesgarriak atzerriko hizkuntzalariei. Horregatik, euskal hizkuntzalariok egiteko dugun lan bat da ikerketak nazioartean ezagutzera ematea; asko publikatzen da euskaraz, eta hala behar du izan, baina garrantzitsua da ingelesez ere idaztea, gure ekarpena zabaltzeko.

Zer garrantzi ematen diozue dibulgazioari?

Zientzia aldizkari bat izanik, gure xedea ez da zientzia dibulgazioa egitea, baizik eta zientzia, huts-hutsean. Baina eduki guztiak Interneten jartzen ditugu, doan, uste dugulako zientzia eduki orok egon behar duela eskuragarri. Era berean, pentsatzen dugu urteurrena une egokia delajendeari erakusteko egiten duguna. Aldizkari publiko bat da, eta jendeak jakin behar du zer egiten dugun.

Orain, testu zahar asko jarri dituzue ikusgai erakusketa batean. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Batzuk aipatzeko, adibidez, Principe de Vianak sari batzuk ematen zizkien euskaraz egiten zuten umeei; bada, haiei ematen zizkieten diplomak jarri ditugu. Bereziki aberatsak diren testuen atalean, berriz, Axularren idatziak edo Leizarragaren Biblia sartu ditugu. Atal horretan sartu ditugu ahozko hizkeraren berri ematen diguten testu batzuk ere, epaiketetakoak. Antzina, epaiketa guztiak gaztelaniaz ziren, baina euskaldun elebakarrak zeudenean, izkribuek itzultzen zituzten adierazpenak gaztelaniara. Bada, batzuetan, esaldiren bat sartzen zuten euskaraz, eta oso politak dira, euskara bizia erakusten dutelako, ahozkoa.

Gazte hartu duzu zuzendaritza. Nolakoa izan da esperientzia?

Hasieran bertigo handia eman zidan. Patxi Salaberri izan da aurreko zuzendaria, hamahiru urtez, eta bat-batean utzi zuen. Niri eskaini zidaten zuzendaritza, eta ezusteko handia hartu nuen, baina onartu nuen. Ez da lan erraza, baina gustura nago.

Zein da zure erronka?

Gaur egun asko exijitzen zaie aldizkari zientifikoei, eta hori betetzea da nire erronka: aldizkari txikia izan arren, nazioarteko estandarretara doitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.