UDAKO SERIEA. Umetako oporrak (IV). 40 eta 50 urte artekoen belaunaldia.

Barneko herrien xarma

Txari Eletak jaioterrian pasatzen zituen udak, Olaguen (Nafarroa); Fernando Eizagirre Corellako (Nafarroa) ostatu batera joaten zen, familiarekin; eta Joxe Rojas, gurasoen jaioterrira, Jubriquera (Espainia).

Txari Eletak oso oroitzapen onak ditu bere jaioterri Olaguen pasatzen zituen oporraldiena. Behean, haurra zeneko argazkia. TXARI ELETA.
urtzi urkizu
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Paradisua izan daiteke norbere herrian udako egun luzeetan jolasten aritzea, gurasoen jaioterrian erreka batean jauzi egitea edo hiriko asfaltotik irten eta Erriberako igerileku batean lagun berriak egitea. Barnealdeko herrien xarmarekin asko gozatu zuten udako oporraldietan Txari Eletak, Fernando Eizagirrek eta Joxe Rojasek —45 urte dituzte aurreneko biek, eta 48 bigarrenak—. «Paradisu ederra zen guretzat oporraldia», oroitu du Eizagirre donostiarrak. Corellako Paraiso ostatuan pasatzen zituen udako oporrak —8 urterekin hasi, eta 15 urte inguru egin arte—. Eraitsia dago orain ostatu hura, baina Eizagirrek Nafarroara jotzen du gaur egun ere oporretan: Los Arcosera —Lizarratik 20 kilometrora—. Egia auzokoa da Eizagirre, eta nabarmendu du Nafarroa osoko herritar ugari bizi zirela bertan duela 30-40 urte inguru. «Lagun min baten ama Corellakoa zen, eta horregatik hasi ginen hara joaten. Paraiso ostatuko bisitari gehienak, bestalde, gipuzkoarrak zirela oroitzen dut».

Eletaren herria, Olague, txikia da, 200 biztanle inguru baino ez ditu, eta Anueko herriburua da—Ultzama eskualdearen ondoan—. «Jolasteko garaia zen uda herrian. Denbora gehiago genuen kalean egoteko. Gu ez ginen inora joaten, baina lagun gehiago genituen jolaserako: Iruñean bizi ziren hainbat haurrek Olaguekoak zituzten izeba-osabak edo aitona-amonak, eta hara joaten ziren oporretara», gogoratu du Eletak. «Garai polita zen haurrentzat. Askotariko jolasak izaten genituen: pote-potean, ezkutaketan, harrapaketan jolasten ginen». Mendira ere joaten ziren neska-mutikoak —gehienetan, Kapanara—, etxolak egitera. «Kuadrilla bakoitzak bere txokoa zuen, eta gero batzuk eta besteak elkartzen ginen. Ederki pasatzen genuen». Udako egun haietan, gurasoek ez zuten kezka handirik izaten seme-alabekin. «Gu kalean bizi ginen, eta gurasoak lasai-lasai zeuden. Hirietan ez zen halakorik gertatzen». Eletak gogoratu du borda abandonatu batera ere joaten zirela jolastera. «Kapana mendiko baselizara ere joaten ginen».

Autoetan, gainezka

Eletak herrian bertan pasatzen zituen oporrak, eta ez zuen inora mugitu behar izaten. Eizagirrek bi ordu eta erdiko bidea egiten zuen autoan Corellaraino. Askoz bidaia luzeagoa zen, aldiz, Rojasena. Barakaldokoa da (Bizkaia), eta gurasoen herria 1.200 kilometrora dago. Malagako (Espainia) Jubrique da herri hori. «Gurasoak 1960ko hamarkadan etorri ziren Euskal Herrira lan bila, eta, ondotik, uda guztietan herrira itzultzen ziren bisitan». 1980ko hamarkadan errepideak eta autoak ez ziren gaur egungoak, eta haien bidaia ez zen nolanahikoa. «Aitaren lehen autoa Seat 850 bat zen. Hiru anai-arrebak, gurasoak eta ekipaje guztia auto txiki batean, 1.200 kilometro egiteko». Bi egun luzeko bidaia egiten zuten. «Abentura bat zen bidaia: ostiral batean goizean goiz irten, bidean herriren bateko ostatu batean lo egin, eta larunbat gauean oso berandu iristen ginen. Urte batzuetan, tarteko gauean, errepide ertzean uzten genuen autoa lo egiteko». Rojasen izeba batek bazuen etxe bat Burgosko herri batean, eta han ere pasatu izan zuten zenbaitetan bidaiaren erdiko gaua. Errepide ertzean baino erosoago. «Baina adorea behar zen egun bakar batean Burgosetik Malagara joateko 850 batean. Aire egokiturik ez genuen, noski, eta eskuoihalak jartzen genituen leihatilaren barnealdetik». Bidaiako une kritiko bat, era berean, Madril zeharkatzea izaten zela gogoratu du Rojasek: «Ez zegoen autobiderik, eta hiria erditik zeharkatu beharra zegoen. Aita urduri jartzen zen, eta sarritan galdu egiten ginen».

Eizagirreren bidea askoz laburragoa izaten zen: Donostiatik Erriberara. Baina itzulerak izaten zituen bere katramilak. «Bi mendate igo behar genituen: Lizarrusti eta Lizarraga. Gaur egun, ordea, ordu eta erdian irits zaitezke hara». Bost anai-arreba ditu Eizagirrek. Corella aldera joaten zirenean, hiru edo lau anaia atzean joaten ziren autoan, eta gurasoak, aurrean. «Sei sartzen ginen, baina zenbaitetan aitona ere etortzen zen gurekin. Eskerrak argalak ginen...». Okerrena itzulera izaten zela gogoratu du donostiarrak: «Autoari melonero deitzen genion. Aitak Cintruenigo herrian hiru ardo garrafoi handi erosten zituen, kristalezkoak. Kontserbak ere mordoxka erosten zituzten, Nafarroako ortuko produktuak. Horrenbestez, itzuleran autoa gainezka zegoen. Eskerrak garai hartan segurtasun neurriak eta kontrolak ez zirela gaur egun bezain zorrotzak...».

Eletaren oporraldietan, berriz, inguruko herrietako jaietara joaten zirenean betetzen ziren autoak. «Ia asteburuero joaten ginen herri bateko jaietara. Nire aitaren kamionetan hamar ume baino gehiago sartu izan ginen noiz edo noiz. Aitak atzeko atea irekitzen zuen, eta han ateratzen ginen, bata bestearen atzetik. Jendea oso harrituta gelditzen zen». Aritzuko jaiak gogoratzen ditu bereziki Eletak; zenbaitetan, oinez joaten ziren hara. «Hamalau urterekin hasi ginen lehen parrandak egiten».

Bazkalondoko lo orduak

Bai Eletak, bai Eizagirrek eta bai Rojasek nabarmendu dute «siestarako orduetan» kaleak hutsik egoten zirela barneko herri guztietan. Tarte hori zabalagoa da bero handiagoa egiten duen herrietan. Eta horrek egunaren ordutegia baldintzatzen zuen neska-mutikoen jardunean.

Jubriqueko ordutegiez akordatu da Rojas: «Amamaren etxean hogei senide inguru biltzen ginen, eta, beroa sekulakoa zenez, onena errekara joatea zen. Goizean, 08:00etatik 11:00etara izaten zen herrian aktibitaterik handiena. Gero, jendea desagertzen hasten zen kaletik. Hurrengo orduetan, jendea etxean gelditzen zen, siesta egiten zuen, eta zazpiak aldera hasten zen berriro herriko mugimendua».

Eizagirre eta haren lagunak «barruan gordeta» egoten ziren siesta garaian. «Oroitzen dut areto handi bat bazela telebistarekin, eta albistegiaren ostean han biltzen ginela. Marrazki bizidunak ematen zituzten. Verano azul eta horrelako telesailak ere baziren. Gero, igerilekura edo pilotalekura joaten ginen». Pilotaleku handi bat zuen Paraiso ostatuak. Olaguen ere siesta ordua errespetatzen zutela azaldu du Eletak, eta kaleak hutsik egoten zirela egunaren erdiko orduetan.

Hirurek aurkitzen zituzten moduak oporraldia ahalik eta gehien zukutzeko. Rojasek, adibidez, oroitzapen oso onak ditu: «Errota zahar bat izandako etxalde batera joaten ginen lehengusu eta lagun guztiak. Primeran zegoen, erreka pasatzen zelako bertatik. Udan iritsi eta lehen bi egunetan, han txoko bat prestatzen aritzen ginen: igerileku natural moduko bat zen».

Eletaren iritziz, «oso politak» ziren opor egun haiek. «Kalean gelditzen ginen gauean, berandu arte». Egunen batean, gurasoekin eta izeba-osabekin Leurtzako urtegira ere (Urrotz) joaten ziren. «Baditugu senide batzuk Doneztebe ingurukoak, eta haiekin elkartzen ginen. Egun haiek ederrak ziren». Gaur egun ere, Olaguen kalean haur asko egoten dira uda partean. «Aurrekoan, nire ama kexu zen haur batzuk goizaldeko ordu bietan kalean jolasean zeudelako».

Malagako egonaldian, Rojasen familia egun batean Esteponara joaten zen, hondartzara. Ordu eta laurden inguru behar izaten zuten bide hori egiteko. «Orduko bidea beldurgarria zen, mendi malkartsuetan zehar». Beste egun batean Rondara joaten ziren, «erosketak egitera bereziki». Hizkuntzari dagokionez, Jubrique inguruan arabierazko hitz asko sartuak dituzte eguneroko gaztelanian. «Hiruzpalau egun behar izaten genituen hango hizkerara eta hiztegira egokitzeko».

Eizagirre asmatikoa da, eta osasun aldetik oso ondo etortzen zitzaion Nafarroako barnealdeko herri batean egun batzuk egitea. Hiritik nekazaritza giro batera joatea ere berezia zen harentzat. «Kalekumeak ginen, porlan artean haziak, eta guretzat sekulakoa zen soro artean ibiltzea. Pikuak eta fruituak hartzen genituen. Egun batean, nekazari batek esan zigun nahi genuen gerezi guztiak hareta jan genitzakeela. Jaten eta jaten hasi ginen, beroarekin ura edaten, baina gero ondorioak iritsi ziren hurrengo egunean: haur guztiok kakalarriarekin».

Eizagirreren familiako (sei anai-arreba) zaintzailea Los Arcoskoa zen. Aste Santu partean joaten ziren hara lehenbizi, eta Corellako bidaiak utzi zituztenean, udan ere hara joateari ekin zioten. «Lagun onak egin genituen han, eta mantendu ditugu». Bi seme-alaba dituzte Eizagirrek eta haren bikotekideak, eta haiek ere asko gozatzen dute Nafarroako herriko opor egunekin. «Guk ez bezala, bizikletarekin ibiltzeko aukera dute haiek».

Rojas bolada batean ez zen Jubriquera itzuli, baina, aita erretiratu zenetik, gurasoek Malagan pasatzen dituzte hainbat hilabete. «Aurten, arrebetako batekin elkartuko naiz, eta Portugalen egun batzuk egin ostean, Jubriquera joango gara. Bidaia beste patxada batekin egiten dugu orain, eta aire egokituarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.