Azafraia: urriko urregorri lilia

Zuberoako Pagola Salhaburuko soroak ubelez bezti orduko biluziak dira: urria baita azafrai lilia biltzeko hilabetea. Bildu, eta segidan idortu egin behar da, xedarratu, pisatu eta deshidratatu, espezia bihurtzeko. Xexili Thoreau ekoizleari ez dio urre gorriak oraino bizitzeko aski ematen.

Xedarratzea. Liliak idortu ondoren, lili hostoak kentzen zaizkio, barneko estigmak atxikitzeko. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Pagola
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Sendi dut lilitan izanen direla», erran du Xexili Thoreau azafrai ekoizleak. Aste bat lehenago, bazekien noiz zen egun egokiena azafraia Crocus Saltivus Linnaeus lilitan atzemateko.

Pagola Salhaburun (Zuberoa), Thoreauk soinean ezarri ditu botak eta paltoa, mihimenezko zare ttipia eskutan hartu eta hetsi du etxeko ate gotorra, supazterreko suak berotu barneak ez hozteko.

Handik hogei metrora, ihintzak oraino heze mantentzen duen belar apalaren artean, kokorikatu da. Pentokaren alde bakoitzean oin bat pausatu du, ez zanpatzeko gisan. Bizkarra apaldu eta abiatu du hainbertzetan egin duena: azafraia lilia biltzea. Belarren artean oraindik herabe dira buru ubelak. Bi erien artean tinkatzen du zurtoina, eta, azazkalen laguntzaz, lur arrasetik ebakitzen, zarean leunki pausatuz, alez ale: «Liliak goizez ditut biltzen, fotosentikorrak baitira. Bertze gisaz, argiaren eraginez, elikagaiaren ezaugarri organoleptikoak galduko bailituzkete».

Lerrokada bakoitzeko, urria hasiz geroztik, zenbat lili ale biltzen duen markatzen du taula batean, non zenbat dagoen jakiteko, eta ikerketa konparatiboa egin ahal izateko: bai eremuen artean zeinek duen gehien edo hobekien ematen jakiteko, bai erraboilen adinaren arabera jakiteko ere noiz diren emankorren: «Teorian, lehen urtean erraboilek lili bana eman beharko lukete; bigarrenean, hiruna, eta, hirugarren urtean, bospaseina. Alta, eneak Edouard Rouxek saldurik, Ekialdeko Pirinioetatik heldu direnez, hemengo lurrari, euriari eta euskarari egokitzen ari dira oraino». Sei bat asteko bilketa lana izaten da urtero.

Eskulanaren esku

Laguntzaileak hitzordura juntatu zaizkio: lehen auzoa eta adiskide bat bere ilobañoarekin. Haurraren eri ttipiek zehaztasun handiz egiten dute lan; joko gustagarria zaio. Hirurogeita hamarretan dira jadanik. Lehen auzoari ezagun zaio ez duela lehen aldia: «Hogei bat izen zerrendatu ditut, beharraren arabera laguntzerat dei ditzadan. Hori baitu ofizio honek: eskulan franko behar dela tarte laburrean».

Auzolanaren legeak ez du hutsik egiten, trukeak baitu protagonismo osoa: laguntzaile oro ez da sekulan esku hutsik etxeratzen. Alegrantzia ekarle da azafraia: adiskideak biltzen dituelako, baina landarearen bertuteetariko bat ere bai baita.

Ideia oso garbia du Thoreauk: bere buruari hamar urteko entsegua eman dio azafrai ekoizpenetik bizi ahal izateko. 300 metro karratu lili ekoizpen behar ditu horretarako, zeinak hiru urtean behin lekuz aldatuko baititu, errotazio sisteman, mila metro karratutan, lurrari pausatzeko beta utziz. «Biltzailerik enplegatzera heldu gabe, adiskideentzat laketgarria izatea nahi dut, nire lan tresna ere izanez. Urtero 300 gramo azafrai idor kausitzea dut xede; hala, horretatik biziko nintzateke, auzolanarekin segituz».

Momentuko, 100 gramo ditu lortzen urtero, orotara, 6.500 bat erraboilen emankortasunari esker. Soldata osatzen diote baratzeko fruitu arbolek.

Behe lainoa altxatzearekin, paisaiak bere burua agertu du, altuerak baizik ezin eman dezakeen nagusigo sentsazioa hedatuz. Ekiak lehen izpiak igorri dituenerako, liliz gabetua da jada alorra, irekitzeko astirik ukan ez dutenberrehun bat buru ubelak sukaldeko mahai gainean hedatu baititu Thoreauk, arta handiz. Izan ere, prozesuaren urrats «garrantzitsua» da ongi idortzea. Horretarako, lihozko mahai oihal zaharra zabaldu du lehenago, trapu batez ezti-eztiki zartakatzen ditu, lore hostoek dituzten ur danden xurgatzeko gisan.

Betaurrekoak jantzi ditu, eta, depilatzeko pintzen laguntzaz, liliz lili xedarratzeari ekin dio, petaloak erauziz.

Ubel herabeari bukatu zaio jokaldia, gorderik begiratzen zuen bitxiak ezagutzerat eman baitu bere burua. Euskal Herrian hain usu ikusten den larrazkeneko edo Soroetako azafraia basalorearekin (Crocus nudiflorus) ezin da gehiago nahasi: kanpotik biek mozorro berdinak jantziak badituzte ere, ilkitzearekin, norberaren izatea biluzten da: basaloreak horiak baititu estigmak. Azafraiaren kasuan, berriz, su mendiaren labak nola, begiek irensten dituzte koral kolore ezin biziagoa duten estigmak, so ukaldi bakarrean. Behar ez duena mahai kantoian metatzen du.

Urre gorria deitzen dena, berriz, metalezko platertxoan baztertzen du. 200 bat lilik gramo bat azafraia idor ematen diote batez bertze. «Uau! So egizu! Sei estigma ditu honek! Ez dut sekulan halakorik ikusi! Ontsalaz, liliek hiruna izaten dituzte! Kasu honetan, bi lili dira batean; anomalia bat da hau, zentzugabekeria!», estigmak erien artean bildu eta argira buruz altxatu ditu, bitxigileak diamantea nola, bitxikeria hobeki prezatzeko gisan.

Merkatu gorria

Munduko ekoizlerik handiena Iran bada ere —munduko azafrai ekoizpenaren %90— , Espainia da saleroslerik handiena, ekoizten duen baino askoz ere gehiago esportatzen baitu. Diotenez, Irandik inportatzen duen azafraiari bere izena jartzen dio. Preseski halakorik gerta ez dadin, azafraiak baditu bere kalitate markak. Thoreauren kasuan, nekez froga daiteke gehiago, Iso 3632 nazioarteko kalitate araudiak lehen mailan sailkatzen baitu urtero; koloreari, zaporeari eta usainari dagokienez. Laborantza biologikoaren labelak eta EH Ko kolektiboko kide izateak ere bermatzen dute Pagola Salhaburuko azafraiaren kalitate handia. Ez du erran nahi zailtasunik ez duenik:«Etsai lehena basasagua dut, erraboilak zinez maite baititu. Horren kontra? Xiberoko Botza irratia azkar ezartzen dut! Habia paratu diot hontzari, eta sugeak erakartzeko ere meditatzen dut».

Urre gorria deitzen diote espezieari, kiloa 32.000 euroan saltzen baita. Gaia minbera da; injustizia batek eragiten duen determinazioaz, itzuli-mitzulirik gabe muinera murgildu da Thoreau: «Garestia dela diotenak ez dira xuxen ari, prezio horrek ez baitigu gutieneko soldata baizik ematen. Azafraiaren bizkar aberasten direnak ez dira ni bezalako ekoizleak, gramoa zortzi euroan erosi eta bost aldiz garestiago saltzen dutenak baizik. Ohoinak eta gezurtiak dira; gehienbat emazte eta haurren morrontzaren eragile dira, eta sistema osoa elikatzen dute. Lotsagarria da».

Erantsi du prezio apaleko azafraia kalitate txarrekoa ere izan daitekeela: zikina edota kolore bereko bertze liliekin nahasia, hilerri-liliarekin, konparazio baterako.

Xedarratzea behin bururaturik, metalezko platera eskuetan hartu du, eta gibeleko gela tipira eraman. Kantoiko bi mahaietan milenetan pisatzen duen balantza berezia eta deshidratagailua daude. Kalkulatu ahal izateko deshidratatu behar baita, baina ez sobera, ez ere gutiegi. Lili freskoen pisuari %80 kenduko dio. Kasurako, 13,9 gramo bildu dituenez, oren bat eta laurdenez utziko ditu makinan. Ondoren, hilabetearen hastapenetik bildutakoekin batera sartuko ditu berinazko bokalean: aire eta argi gutik lagundurik: «Bi hilabetez bertan orekatzen dira, hezetasuna homogeneizatzen da». Eguberritan saltzeko prest izanen du.

Apalategiz josia du gela, paratuak ditu lan tresnak eta saltokia. Prozesu guziaren bururapena: azafraia ontzi ñimiñoetan ontsa etiketaturik, eroslearen titulikatzeko menturan. Anitz jatetxeei saltzen die: «Ekoizten dudan guzia aitzinetik saldua dut jada».

Azafraiaren iragan luzea

Azafraiaren jatorria nehork ez du inon kokatzen kausitzen: ez lekuan, ez ere denboran. Aditu batzuek diotenez, gizakia sedentario bihurtu zenean jada deskubritua zuen, duela 10.000 urte. Hasieran, badirudi oihala tindatzeko baliatzen zela; gerora, berriz, medikuntza eta espezia gisa.

Thoreauk badaki Pirinioetan Erdi Aroan jada bazela: «Herri xeheak baliatzen zuen gustuaren emateko, hemen nola Magreben edo Indian. Gero, Industrializazioak eta I. Mundu Gerrako negu bortitzek galarazi zuten. Beharrik Mediterraneoan begiratu zutela; orain pixka bat arrapartitzen ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.