Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). Dolomitak.

Dolomitak: mendia berriz ikastea edo nola ibili barne paisaietan gora

Uztailaren hondarrean egindako bidaia: Barcis eta Misurina lakuak, Dolomitetako mendi puskak... eta inork ohartarazi ez zizkigun zeruak, orografia bezain miresgarriak.

Loreak bidean. Atzean, Cinque Torri inguruan. G. ARRULA-G. UGALDE.
Garazi Arrula Ruiz - Garazi Ugalde Pikabea
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Bi ahots, lau beso eta berrogei hatz: horiek furgonetaratu ginen uztailaren hondarrean, edo hala esan izanen zukeen leihotik begira errepidera irteten ikusi gintuen edonork. Kontua da beste bik egin zutela bi ahotsokin bidaia, bi izanki eragabe eta ez horregatik faltsuk, nahiz eta leihoko begirale goiztiar hark zein bi izankiek eurek artean jakin ez.

Bost mapa feriatu, egitekoen zortzi orrialdeko zerrenda osatu, eta lau kafe hartu genituen bidaiari eskaini genizkion prestaketa urrietan, inguruko mendizale hasiberri nahiz trebeen eskuzabaltasunari esker. Profilen askotarikotasun horrek erakusten zuen, abiatu aitzin ere, zain genuenaren trazua, ikusi nahi zuenarentzat. Beteegia genuen buru-gorputza, ordea, hala bi izankiokin nola handik eta hemendik bildu behar genuen materialarekin, bizileku gurpildun txikia ahal bezain egoki hornitu nahian.

Gure garaiko erlijioa

Mila seiehun kilometro inguru eta bi eguzki-sartzeren ostean, Friuli izan dugu lehen helmuga, Italia, Austria eta Eslovenia arteko estaturik gabeko herria, Alpeen eta Itsaso Adriatikoaren artean. Pasolinik amarengandik jasotako hizkuntza aditzeko aukera ez du batek maiz izaten, eta kultura gutxituen Suns Europe festibalari esker onez beharko genuke horrenbestez. Udin hiriburu historikoan bistakoak dira lurralde mugakidean bata bestearen atzetik indarrez sartu diren veneziar, austriar eta italiarren arrastoak, hala arkitekturan nola mintzoan. Mundu gerretan aunitz sufritutakoa, ordutik hona migrazio handiena Esloveniatik, Albaniatik eta Errumaniatik heldua da, eta karriketako paisaian, italierarekin alboz albo, alemana eta ladinoa ikus daiteke. Ordu gutxitan eguzki itogarriak, euri langarrak eta hodei lasterrek jantzi dute zerua, txandaka eta atzera berriz hastera. Esku baten tamainako galtzada harriak banan-banan nola jartzen dituzten ikusi dugu, mekanizazioaren garaian galdutzat genuen eskulan gogor baten oroigarri eta protesta gutxi egiten den seinale.

Goizean, Barcis lakuaren ertzetik ateratzen den Sentiero del Dint ibilbide samurra egin dugu, arroila sakon baten ondotik (Forra del Cellina). Bi ordu inguruko ibilbideari esker berotu ditugu auto-bidaiak zurrundutako gorputz adarrak. Ez zen han hurrengo egunetan mendebaldera egin ahala ikusiko dugun jendetzaren arrastorik, eta buruan genuena baino paisaia basotsuago bat aurkitu dugu, tontor pikoak urrun.

Beharbada horregatik abiatu gara gogoz biharamunean Sorapis lakuko erromesaldira. Musuko kirurgikoen koloreko Misurina lakua atzean utzi, eta Misurina-Passo Tre Croci aparkalekutik 215 bidea hartu dugu, eguzkia ongi goian zela. Jende ugari zebilen, tartean txakurrak eta umeak ere bai, eta inoiz zain egon behar izan dugu harrizko bidea estutzen zelarik. Izeiak inguruan, eta atzean Dolomitak entzun eta burura datozen mendi puskak. Bistakoa da zergatik den Ampezzo inguruko ibilbide populatuenetako bat, irisgarriena ez bada ere: bista ikusgarriek, pasarelek eta eskailera metalikoek entretenituta zaramatzate hasi eta buka. Zortzi kilometroren buruan, azzurro anitzeko urak. Lakuari itzulia egin, eta, bide beretik itzuli beharrean, 216-213 bidea hobetsi dugu. Aldapa pikoa —2300 metroak gaindituz— eta harri solteko bide luzeagoa gorabehera, ez gara hautuaz damutu, eta euritan hasi aitzin ailegatu gara abiapuntura.

Zeru horiek

Inork ez zigun ohartarazi ikusiko genituen zeruez, ia orografia bera bezain miresgarriak. Inork ez zigun esan hamar minutuan pasatzen ahal dela ateri egotetik kazkabarra hastera, eta bost minutu besterik ez duela behar hodei mataza lodia saretu eta atzera eguzkia agertzeko. Gisako joan-etorri asaldagarriak egunero izanen bagenituen ere, hirugarren egunsentitik giroa narrastu eta eguraldiak mintzera joko zuen, ohi baino petralago sasoi honetan, azken egunean Bolzanoko dendari irribarretsu batek esanen zigunez.

Passo Falzaregotik Cinque Torrira bidean jarri gara, 441 xendrari segika. Valle del Boite biotopoaren parte da, baso, zuhaixka eta basalore koloretsu ugariko ingurua. Nuvolau tontorreraino igo gara, non aterpe bat baitago koroatzen; izan ere, hasiak gara ohartzen gailurrak bainoago aterpeak direla hemen. 360ºko ikuspegiarekin, jendetza aurkitu dugu bidean, batez ere Averau aterpean, puxka bat beherago, teleferikoa ailegatzen denez bertara. Ordaindu dezakeenarentzat, demokratikoak baitira oso Dolomitak. Bueltarako, 440 bideari heldu diogu, zirkularra egin nahian, eta autoz ekialdera jo dugu ilundu aurretik. Hauxe da Dolomitetan harria gorritzen den unea, gaurkoan ez badugu ere enrosadira-rik parez pare ikusi.

Auronzo aterpeko aparkalekutik zerua zabala da, eta ederra, ohetik egunsenti garbia ikusteak gehitzen dion magiaz. Tre Cime inguratzen duen ibilbidea oso jendetsua da, eta goiz abiatzea komeni, nahiz eta guk beste helburu bat izan. Locatelli aterperaino egin dugu 401 bidetik, non Paterno mendirantz (2.746 m.) hartu dugun, arnesa eta kaskoa jantzita. Lehen Mundu Gerran arrokan egindako 300 metro luzeko galeria aski zabala igaro dugu lehenik, erdi makurturik zenbaitetan. Ondoren, Innerkofler ferratak, K3 mailakoak, ia tontorreraino eraman gaitu mosketoi-jokoan. Bidean lainoa sartu arren, gailurrean utzi digu kristo gurutziltzatuaren atzeko ikusmira zoragarriaz gozatzen. Itzuleran, Locatelli aterpean babestu gara euria hasi duenean, kafe eta strüddle bana lagun, eta atertzean alboz alboko hiru arrokatzarren ikuspegiarekin egin dugu aparkalekuraino, oraingoan 405 bidetik.

Bihotza nora, zu hara

Jakin badakigu mendira joan aitzin ongi aztertu behar direla bideak, desnibela, eguraldia. Azkenarekin begiratuta ere ezin asmatuko genuela ikasita, bideak xehe irakurri ditugu, etxetik ekarritakoei nonahi dauden mapak eta seinaleak gehituta. Hirutik bi: desnibelak eginen zigun huts, bada, Lagazuoiko galeria bertikalean. Behin goian ginela jakin dugu jendea telekabinan igotzen dela, eta gero oinez jaisten; guk Passo Falzaregon autoa utzi, eta, 50 minutuko igoera zelakoan, bideari ia esku hutsik ekin, bezperako nekea eta bi izankiak gainean hartuta. Hala zen izan, ordubete eskas, galeriara arte; orduan, kilometro bateko aldapa hasten da mendiaren erraietan, igoera errazteko 1997tik 2004ra bitartean egokituriko eskailera are pikoagoekin. Gerla Handian italiarrek zulatu zutela minak erabiliz austriarrei aurre egiteko, hala diote galeria barruko panel koloregabetuek, eta historiak irudia dakar, eta irudiak istorioak, 600 metrotik gorako desnibela zertxobait goxatuz. Tarteka agertzen diren irekiguneek ere arintzen dute bide bertikal iluna, pausatu eta harri hezeaz harago begiratzeko leiho bihurtzen direnean. Azkenean atera gara argira; goian, nola ez, aterpea, parean Tofane mendiak erraldoi, erdi ezkutuka, eta goraxeago, tontorraren buru, hodeiak arin pasieran.

Zerua gainbehera zetorkigula zirudien gau ekaiztsuaren ostean, Corvara-La Villa-San Cassiano ibilaldia egin dugu ibaiertzetik, tokiko artisten eskulturak lagun. Arratsalde euritsua baliatu dugu bigarren opor asterako lehentasunak mahai gainean jarri, postalak idatzi, arropak garbitu eta oharrak hartzeko: oso musuko gutxi, poliziarik ez, autoak nonahi utzita.

Tornatak kantatu egiten dira Dolomitetan, txirrindulari ugariengatik ez ezik kurba itxiengatik astiro portuetan jira eta bira zoazela. Halako errepide batek eraman gaitu Passo Gardenara. Bertan ikusi ditugu lehen aldiz edelweiss loreak, Piccolo Cir-eko ferratarako maldan oinez goazela. Kazkabarraren mehatxuari bost minutu eman eta gero, bi ordu gora egin ditugu kablez eta burdinaz ederki hornituriko arrokan, aireko paso zenbaiten zirrarak akuilaturik. Gailurrean, bi pertsona, bi izanki eta belatxinga lotsagabe batentzako lekua baino ez; parajeekiko halako miresmen batek hartua digula zentzumen oro, itzulerakoa hartu dugu.

Hirira doan bidea

Hego Tirolen, etxeek hegal zabalak dituzte, fatxadak pintaturik eta geranio gorriak egurrezko barandetatik zintzilik. Herritxo bakoitzak du bere kafetegi goxoa, non kafe eta gozo banarekin pasatzen ahal dituzun bizpahiru ordu inork handik bota gabe. Canazei, Ciampedel eta Vigo di Fassa herrietan, behintzat, hala da. Val di Fassak aurreko bailarak baino bizigarriagoa dirudi, antzokia eta umez beteriko parke bat ere ikusi dugu lehenengoz. Iluntzean, Reinhold Messner solasean, herriko plazan; plumifero koloretsuz beterik dira eserlekuak, hotzari sorgor eta mendizaletasunaren ikurrari adi.

Biharamunean, gradu bat markatzen zuen Sass Pordoiko telekabinak, 2.950 metroan. Euri-lanbroa, laino itxia eta hamaika geruza soinean, abuztuak 3 ditu. Forcella aterpea pasatuta, 638 bidea hartu dugu Piz Boèko tontorra egiteko, ohikoan ibilbide llabur eta erraza, gaurkoan gorriak ikusi baditugu ere. 3.152 metrotan, egurrezko etxola ongi jantzia mende erdi lehenago eraikia betea zen, eta ezin sartu gara; Piz Boèko aterperako beheranzko bidea azkartxo egin behar izan dugu, haize zorrotzak eta kazkabarrak azala lazten zigula. Artilezko galtzerdi lodiak ohoratu ditugu. Mela-mela eginda, zeruko belardien pareko iruditu zaizkigu teilatupeko berotasuna, polenta eta goulash platerak eta komuneko esku lehorgailuak. Itzuleran, lanbro mardul bera, hiru gradu. Dolomitetako terraza deitzen diote.

Eguraldiaren iragarpenak goiz jaikiarazi gaitu, Vigo di Fassako Institutu ladinoaren ondoko parkingean. Ciampedìe aterpera igo gara lehen teleferikoan, langilez inguraturik eta 2000ko hit-ak bozgorailuetan. Sentiero della Foresta bidea hartu dugu, 540a, Gardeccia aterperaino, eta handik aldapa piko eta biluzi bat, 546 bidea, Vajolet aterpera. Hori bai terraza, lainoz garbi harrapatu dugunez. Re Alberto I aterperaino (2.621 m.) jarraitu dugu aldapa harritsu batetik, tarteka kablea lagun eta banku galduren bat tokirik espero gabekoenean. Aterpeak non, karga-jasogailuak han, baita helikopteroentzako harrizko lauza ere.

Sagarrondo zelaiek eta mahasti errenkadek janzten dute Bolzano inguru menditsu osoa. Dolomitetatik irten aurreko azken geralekua: Hego Tiroleko hiriburua da, Trentino-Alto Adigio eskualdeko jendeztatuena. Katedrala eta alde zaharreko kalexkak patxadaz hartzekoak dira. Ibai biziaren ertzetik paseo ederra dago, eta, bista jasoz gero, berde menditsua. Bizikleta ugari bide bazterretan, eta ohar gehiago koadernora: erretzaile gutxi, katu bakarra bidaia osoan, musika txar bera bazter guztietan.

Bidaia sentimentala nahi baino laburragoa geratu zaigu, eta saiatuko gara luzarazten: Proventzan izpiliku garaia da, eta, behin etxean, kronika idazten eta argazkiak ordenatzen elikatuko dugu tarte batez azken bi asteon zapore gozoa. Besterik ez bada, gurekin eramandako bi izankiok non egon diren inoiz irakur dezaten.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV): Ranthambore
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.