Manuel Amunarriz Urrutia. Misiolaria eta medikua

«Amazonian mediku izateko, oihana maitatzen ikasi behar da»

Ibili da oihaneko basatzan parasito bila, ikerketa zientifikoan; esploratu ditu ibai amazoniarrak, sorburuetara nabigatuz; jaguar ehizaldietan aritu da zuririk ezagutzen ez zuten gizataldeekin... baina, batik bat, giza harremanak landu ditu.

JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Coca (Ekuador)
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun

Fraide kaputxinoa eta osagilea da Manuel Amunarriz (Hondarribia, Gipuzkoa, 1931), eta ez da albotik begira egotekoa. Bera izan zen Ekuador eta Peruko Amazoniako zati handi batean, Napo ibaiaren ibilguko 300 kilometro baino gehiagoan, «herritarrek ezagutu zuten lehen medikua. Lehendabizikoa, eta bakarra».

 

Behin baino gehiagotan despeditu da, betirako zelakoan, baina beti itzuli izan da. Joan-etorrikoa du Amazoniarekiko hartu-emana. Bizitzako meandroek eraman zuten hara, lehendabizikoz, duela mende erdi barrena, «gauza askoren faltan eta gutxiren beharrean» bizi diren bertako jendeak «sendatu eta kontsolatzera». Gero handik aldendu zen. Baina ezin etsi ibai-itsasoa esaten dioten Naporen ertzera bueltatu gabe. Eta, 2011tik Zangozan bizi den arren, udaro bistaratzen da paraje haietan, bizkar zorro txiki bat hartuta. La aventura de vivir (Bizitzearen abentura) liburu argitaratu berria besapean heldu da aurten, aurrez baditu beste hamaika lan publikatuak...

Orain hurrena argitaratu zenuen liburuak Curar en la selva herida (Oihan zaurituan sendatzea, 2011) du izenburu. Nork zauritu du oihana?

Petrolio industriak.

1970ean iritsi zinen Amazoniara, eta 1972an hasi ziren petrolio erauzten… Barrundatzen al zenioten, orduan, eragingo zuena?

Ez dakit, ba, zer esan... hain argi ez behintzat.

Eta noiz, nola, konturatu zineten petrolio ustiapenak eragindako kalteaz?

Miguel San Sebastian ezagutzen al duzu? Donostiarra da Miguel. Medikuntza ikasketak amaitzeko urtebete falta zuela, nire berri izan zuen El Diario Vasco-n ateratako albiste baten harira. Eta tematu zen honantz etorri behar zuela. Eta baita etorri ere. Urte mordoxka bat aritu zen hemen, gurekin, ibaian gora eta behera lanean. Gero, Jaurlaritzatik beka bat lortuta —Karlos Garaikoetxea zen orduan lehendakari—, Londresera joan zen osasun tropikalari buruzko master bat egitera. Ikasketa horiek burututa itzuli zen; ez, ordea, bakarrik! Masterrean ezagututako emakume suediar batekin baizik. Anna-Karin Hurtig du izena, eta senar-emazte dira gaur egun; neuk ezkondu nituen gainera! Kontua da petrolio industriak herritarrengan duen osasun inpaktua ikertzen hasi zirela. Artikulu asko publikatu zituzten puntako zenbait aldizkari zientifikotan, eta kaltea frogatu; petrolio isuriek emakumeen artean minbizi tasa izugarri handitzen zutela erakutsi zuten.

Zure liburuko pasartea da hau: «Mundu amazoniarrean sendatzeko asmoz sartzen denak ikasketa prozesu luze bat behar du»…

Estreina ikasi behar duena da mundu hau maitatzen. Ingurua maite ez baldin baduzu, alferrik ari zara. Izan ere, jendeak badu intuizioa, eta igarri egingo dizu maite duzun edo ez... Hemen ez zuten medikurik ezagutu ni etorri nintzen arte. Eta hasieran andreek ez zuten erditu nahi gringo batekin. Baina, gero, 600 ume baino gehiago jaio dira nirekin.

Zu iritsi aurretik medikurik ez zen, hortaz; nola moldatzen ziren?

Sendagile naturalak zeuden, eta daude. Yachak esaten diete. Yachak-ek beren ohituran interpretatzen dituzte eritasunak, eta beren eran sendatu. Jende azkarra dira: badakite berena osasunaren kontzepzio mitiko bat dela, eta gertatu daitekeela gaixoak beste klase bateko laguntza behar izatea. Horregatik, batzuetan, berengana joandakoei esaten diete: sendatu zaitut; zoaz orain doktorearengana bitaminak eman diezazkizun.

Ba al zenuen yachak-en aditzerik honantz etorri aurretik?

Deus ere ez. Bizitzak irakatsi zidan. Pazienteak, konfiantza hartu ahala, esaten hasi zitzaizkidan nigana etorri aurretik bateko edo besteko yachak-arengana joanak zirela. Zenbaitetan, nire aholkua eta yachak-ena bat ez zetozenean, estuasunean sumatu izan nituen pazienteak. Horrelakoetan esan ohi nien beren buruaren jabe zirela eta berek erabaki behar zutela onena zer zuten.

Liburuan aipatzen duzu neskatxa baten kasua: bizkarrezurrean arazoak zituen, eta zuk ebakuntza egitea gomendatu zenien gurasoei, baina beste zerbait erabaki zuten…

Shinchichictako yachak oso on batengana, Reinaldo Jiparengana, eraman zuten gurasoek. Hark emandako masaje eta botikek emaitza harrigarria izan zuten neskatoarengan. Horrelakoekin, pixkanaka, ezagutu dut yachak-en balioa. Jipak eta biok adiskidetasun handia izan genuen. Pentsa: hil zenean bere emaztea etorri zitzaidan, saminak antzaldatuta. Eskuak heldu, eta, negar batean, esan zidan: «Ñuca cari, huañurcami, Doctor» (Nire senarra hil da, doktore). Albistea ematera etorri zitzaidan propio. Sentitu nuen asko baloratzen nindutela. Beren seme-alabak ere ekarri izan zizkidaten gaixorik zeudelarik.

Osagarri, hortaz, yachak-en lana eta zeurea…

Bai. Berek, izan ere, gorputzeko eta arimako eritasunak bereizi egiten dituzte. Gorputzekoak medikuak osatu ditzake; arimakoak, berek baino ez. Nik uste dut yachak-ek bi arlotan dutela jakinduria: batetik, sendabelarren inguruan, eta, bestetik, eremu magikoan, hortik interpretatzen baitute eritasuna. Pentsatzen dute eri dagoenari norbaitek sartu diola matrazua, gaitzaren gezia. Beraz, norbait ondoezik bada, norbaitek hala opa izan diolako da. Yachak-ak, orduan, bere adimena zorrozteko aiahuaska hartuko du, haluzinogenoa. Eta trantzeari esker esan ahal izango dio pazienteari: Eritasun hau sortu dizuna urlia da, halako lekutan bizi dena. Gaitzaren jatorria diagnostikatzeko gai da, beraz. Eta baita gaitz hori erauztekoa ere.

Zein hausnarketa egin duzu medikuntza tradizional horretaz?

Ez gara mundura epaile izateko jaio; jendea maitatzeko, ikasteko eta laguntzeko baizik. Guk errealitatea begiratzeko dugun modutik urrun dago ikuskera magikoa, eta bere baitan, sakonenean, baditu balio batzuk errespetatu beharrekoak. Izpiritu kritikoa galdu ez dudan arren, miresmena sortzen dit jakinduriak. Pertsonak betidanik izan du ingurua interpretatzeko joera, gertatzen ari dena ulertzeak sosegua ematen duelako. Eta osasungintzan ere horixe gertatzen da. Eritasunak modu askotara interpretatu izan dira historian, garaiaren eta lekuko kulturaren arabera; eritasuna kulturaren parte baita.

Ezezagunak ziren gaixotasun batzuk deszifratu ahal izan dituzu, ikerketa bidez. Liburuan idatzi duzu «une ahaztezinak» bizi izan dituzula, zeure aisialdian, parasitoak ikertzen... xelebre xamarra ez al da zaletasun hori?

Tira... badago jendea mendietan gora, paraje arriskutsutan, igotzen dena plazeragatik; beste batzuei turismoa gustatzen zaie… Amazonian bizitzeko, oihana gustatu egin behar zaizu. Eta nik gozatu egin dut oihanean ibiliz, lokatzez narrastuz, inguruan mila eltxoren zurrumurrua jasanaz, gaixotasunak sortzen dituzten parasitoen gordeleku bila. Egin kontu medikua izateaz gain biologoa ere banaizela. Imajinatu zuk biriketako gaitz bat duzula eta nik frogatu diezazukedala ez dela tuberkulosia, biriketan zizare bat sartua duzula baizik. Eta zu karkaxan zizare horrek errundako arrautzak botatzen ari zarela...

Imajinatze hutsak izerdi larria eragiten du…

Amigo... horrelakoak ohikoak dira hemen. Nazioarteko kongresuetan nire kontsultako kasuak kontatzen nituenean, aitaren egiten zuten. Zizarearen kasu partikular hori, paragonimiasiarena, asko ikertu dut. Parasitoa karramarro jakin batean egon ohi da. Umeek errekako karramarroak gordinik jan ohi dituzte, eta hor sartzen zaie zizarea urdailera. Eta handik, biriketara. Hor hazi egiten da, arrautzak jartzen hazten da, eta birika zauritzen du. Gaixorik etortzen zitzaizkidan mutikoei, gaitza ulertzen laguntzeko, mikroskopioan erakusten nien beren karkaxa. Ikustekoa zen beren aurpegia mikroskopioan parasito horren arrautzak sumatzean. Karramarroak jateko gogoa kolpetik joaten zitzaien!

Biologian ez ezik, antropologian ere markatik fuerako bizipenak izan dituzu. Aurrez beste gizatalderik ezagutzen ez zuten wuaorani batzuekin harremana egiten aurrenekoak izan zineten kaputxinoak…

Alejandro Labaka izan zen aitzindaria. Gizon miresgarria zen. Haren txalupako motorista izan nintzen, sarritan. Batzuetan, Labaka aurretik joan eta ni egun batzuk geroago abiatzen nintzen, bakarrik, 200 kilometro pasako bidean Yasuni ibaiaren iturburuetaraino. Ontzia ur ertzean lotu eta brankako zuloan burua sartuta egiten nuen lo, eskopeta eskura nuela.

Piztia mordo bat ikusiko zenuen…

Klase guztietakoak. Jaguar ehizan ere ibilia naiz wuaoraniekin. Ni, izan ere, ehiztaria bainintzen fraide sartu aurretik; aitatxirena izandako eskopeta eder bat banuen…

Nolakoa da aurrez gizaki zuririk ikusi ez duen jende talde batekin harremana hastea?

Lehendabiziko aldia ez zait ahaztuko... Oihanean nola barneratu ginen, ontzia atzean utzita, wuaoak zeudela pentsatzen genuen lekurantz. Topatu genituen halako batean. Goldaraz izeneko anaia kaputxino batekin joan nintzen. Beren hizkuntzan hitz erdirik ere ez genekien. Goldaraz, ordea, saltinbanki bat zen, eta, itzulipurdiak eginaz, keinuka eta marruaka, irriz jarri zituen denak. Nik, berriz, badut arte bat... [belarriak mugitzen hasi da] Hauxe: belarriak mugitzen nizkien, eta denak ito beharrean barrez! Festa jarri genuen txorakeriak eginaz. Eta bisitaldi batzuen ostean hasi ziren gurekin ibaian behera etortzen, eta gainontzeko herrien etsai zireneko tabu hura hautsi egin zen, pixkanaka.

Eta nola ikusten duzu orain wuao herria?

Esan liteke kulturartekotze fasean daudela. Tira... gauza asko pasa dira tartean, wuao asko hemen [Cocan] sartuta daude, eta, jakina, hiria ez da haientzako leku egokia. Kitxuekin ere antzeko zerbait gertatu da; asko akulturizatu dira, gazteek itzalia dute zaharren mundu ikuskerarekiko konexio psikologikoa... baina trantsizio hori kultura guztiei pasatu zaigun zerbait da, baita euskaldunoi ere. Gertatzen dena da, batzuetan, mudantza horretan dagoen herriak bere errealitatearen kontzientzia hartu eta iraganeranzko joera sortu ohi duela; berezkotzat jotzen den senaren bilatze bat da. Kontua da berezko izaera hori eboluzioan dagoela beti. Eta hori ulertu beharra dago; bestenaz, ameskeria batean bizi zaitezke.

Ameskeriak aipatu dituzunez, esan izan duzu mugimendu ekologista batzuek errealismoa eskas dutela…

Ez ditut guztiak zaku berean sartzen, baina badira batzuk mundu ideal baten defentsan-edo tematzen direnak. Ez dira konturatzen: noranahi daramate ordenagailua, mugikorra... eta besteei eskatzen diete berek utzi nahi ez dituztenei uko egiteko... Eboluzio prozesuak berekin dakartza, nahitaez, galera eta irabazia. Eta egiazko ekologista da hor oreka aurkitzeko gai dena.

Ahanzturaren eskualdea deitu izan diote Ekuadorko ekialdeari… Nola ikusten dute Amazonia boterea dagoen hirietatik, Quito edo Guayaquildik?

1974an, nik non lan egiten nuen ikusi nahi zutela eta, gurasoak etorri zitzaizkidan bixitan. Erotuta al zaude!? Infernu hartara eraman behar al dituzu gurasoak!? Bota zidaten Quiton. Hori zen mentalitatea, duela gutxira arte behinik behin. Sortaldea arriskuarekin lotzen dute, sugeekin, indigena basatiekin.

Indigenak matxinatu berri dira Ekuadorren, eta negoziazioan ari dira gobernuarekin. Zer irizten diozu?

Duela hiruzpalau urte ere jaiki ziren. Salatzen dituzten injustizia asko egia berdaderoak dira, baina manipulazioa ere badago. Correa [Rafael, presidente ohia] hor atzetik dabil Lasso [Guillermo, presidentea] bota nahian.

La aventura de vivir jarri diozu zeure azken liburuari. Amazonian mende erdi inguru eman duenak esan dezake hori…

Nik uste dut bizitza beti dela abentura bat, Amazonian eta nonahi, bidean beti sortzen direlako ezustekoak. Aurrez pentsatutakoarekiko perspektiba aldarazten dizuten gertakariak dira, orain artekoaz itauntzen zaituztenak igarri ezin zenezakeen modu batean... Bizitza opari bat da, lehenengo oparia.

Oparia, baina sufrikarioa ere badakarrena sarri…

Sufrimendua bizi esperientziaren parte da, ordea. Sufrimendurik gabe ez dago bizitzarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.