Beethoven. IRITZIA

«Neuk ere ikaraz miresten dut»

2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Carl Friedrich Zelter konpositore eta irakasleak hitz horiekin berretsi zuen Johann Wolfgang von Goethek jaso zuen sentipena Bonneko «izaki guztiz muturbeltza» 1812an Teplitzeko bainuetxean ezagutu ostean. Lehen pertsonan jasotako testigantzez gain, historiak—eta batez ere historiografiak— hain modu harrigarrian puztu eta uztartu ditu pertsona, pertsonaia, ideia eta mitoa Ludwig van Beethoven gizakian, ezen gaur egun zaila egiten den bereiztea non hasten den bat eta non bukatzen den bestea. Eta, horregatik, jada ezinezkoa —eta akaso baita alferrikakoa ere— litzateke bere obrara hurbiltzea horiek guztiak kontuan hartu gabe.

Beethoven zein den galdetzea Beethoven zer den galdetzea ere bada, eta edozein erantzunetan saihestezina da jeinu hitza erabiltzea. Ordurako aristokrazia vienarrak ezarri zion etiketa horri esker bizi ahal izan zen nahi beste eta nahi moduan idazteko askatasunaz. Eta, izan ere, jeinu erromantikoaren ezaugarri asko biltzen ditu bere baitan: Natura eta Jainko infinituaren eta gizakien hilkortasunaren kontzientzia, zenbaitetan ulertua ez izatearen zamak sortutako bakardade sakona («Nik etorkizunerako idazten dut!», esango du bere Grosse Fugue gaizki jaso zela jakin zuenean), gaitz fisikoek lagunduta jokaera eta izaera zakarrak eragiten duen gogamen atsekabetua. Eta, tartean, gelditu ezin den sormena.

Heiligenstadteko Testamentu ezaguna idatzi baino urtebete lehenago, zeinean bere gorreriaren eta ezegonkortasun emozional zein fisikoaren berri ematen duen, Franz Gerhard Wegeler mediku eta lagunari honako hau idatzi zion Beethovenek: «Eztarritik heldu nahi diot patuari, zapaldu ez nazan». Gerora mitoak patu hori etengabe ate joka ikusi nahi izan du 5. Sinfonia irekitzen duten hiru kortxea eta zuriaren segidan. Mitoak mito, gizaki paregabea izan zelako ideiak ez dira okerrak. Esaterako, Gioachino Rossiniren operen eduki arinek izango duten arrakastarekin alderatuz, Beethovenen Fidelio geruza kontzeptual zein musikal arras desberdinean kokatzen da.

Beethovenen obran ad hoc eraikitako nahi beste teoria edo ikuskera justifikatu ditzaketen sailkapenak eta etapak ezar daitezke. Baina huts egiteko arriskurik gabe esan dezakegu Bonneko gizaki aparteko honen obra bi garairen, bi munduren arteko giltzarritzat har daitekeela. Bere aitzindariek garatutako hizkuntza ongi ezagutzen eta menperatzen du; bere hasierako sonatak eta trioak aldi berean dira jakintza zabal horren zantzu eta eredu. Baina bizitzak eta, horrekin batera, gorreriaren mamuek aurrera egin ahala, jasotako ondare horren hizkuntza erabili eta eraldatzeko grina, beharra agian, azaleratu egiten da. Eta sobera dauka oraindik ezezagunak diren bideak ikertzeko adore menderakaitza, garaiko sinfonien iraupena bikoizteko eta Schillerren poema haragiztatu dadin bere azken sinfonian ahotsa sartzeko bezainbeste.

Denera, espantu handirik gabe ganora eta samurtasuna biltzen dituen jeinua dugu parean, musika bera —haren hitzetan, «guztiz atzeman ez daitekeen sustantzia betierekoa eta mugagabea»— musikariaren aurretik jartzen duena, Friedrich von Matthisson poetari zuzendutako eskutitzean «letra bakar bat baino, 10.000 nota idaztea nahiago» zuela onartzen zuen gizona. Bada, 250. urteurrena ospatzeko ekintza probetxugarria izan daitekeela uste dut Beethoveni buruz irakurtzen dugun letra bakoitzeko bere 10.000 nota entzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.