UDAKO SERIEA. Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (eta VI). Plentzia eta perretxikoak.

Onddoak, artelan apetatsuak

Euskal Herriko plaza anitz usain sarkor eta atsegin batek biltzen ditu udazkena iristeaz batera. Tenperatura eta hezetasuna egokia direla, hosto iraunkorreko zein erorkorreko basoek artelan bitxiak ikusgai jartzen dituzte, zoko-moko guztietatik. Artelan xumeak goi sukaldaritzan arras desiratuak dira.

Onddoak, artelan apetatsuak.
Josean Gil-Garcia.
Plentzia
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Naturak eskaintzen dituen produktu gutiziatuak dira perretxikoak. Euskal Herrian onddoak biltzeko zaletasun handia baitago, data seinalatua iristen denean, ibiltari askoren bisita pausatuak jasotzen dituzte basoek. Eskuarki, bisitariak ez dira izaten bilatzaile zaratatsuak. Finean, jasotako altxorraren kokalekua ez baita sekula lau haizeetara zabaltzen: nork bere prozedura sekretua omen du.

Perretxiko eta onddoen harira, azoka asko antolatzen dira Euskal Herrian, maina eta arduratze handiz egindako lanaren emaitza erakusteko. Merkatu horietako batera joateak, gainera, tokian tokiko produktuen berri izateaz gainera, kultur eta tradizio eremuak ezagutzeko parada ezin hobea ematen du. Jardunaldiak, erakusketak, pintxo dastatzeak eta onddoei eskainitako egitarau mamitsuak prestatzen dira udazkena iristeaz batera. Amurrio (Araba), Gorliz, Derio (Bizkaia), Tolosa (Gipuzkoa), Ultzama, Tutera edo Leitza (Nafarroa) dira plazarik ezagunenak. Plentzia (Bizkaia) bera ahaztu gabe, han antolatzen baita mikologia erakusketarik sonatuenetako bat. Perretxikotara irtetea altxorraren bila irtetea bezalako jarduera entretenigarria da. Saskia, labana eta eskuila eskuan, paleontologoen moldean mugituko dira zaleak, harat-honat. Klima, landaretza, lur motak eta, oro har, naturarekin lotutako hainbat ezagupen nahitaezkoak izaten dira basoan barna orduak eta orduak emateko. Izan ere, 3.000 perretxiko espezie baino gehiago hazten dira zuhaitzen altzoan, baina guztiak ez dira jateko onak. Araban esango luketen bezala, perretxikoak kakanarruak izan arren, adi!, ezusteko itzelak ematen dituzte eta.

Milaka ibiltari abiatzen dira, patxadatsu, harizti, artadi eta pagadietan barrena, udazken partean bereziki. Perretxikoak erraz ugaltzen dira, eta, klorofilarik ez baitute, zuhaitzetako erroek beharrezko dituzte erlazio sinbiotikoari oratzeko. Lurrazaleko mirariaz gozatzeko, botak jantzi, eta Euskal Herriko basoetan barrena ibiltzea baino plazer hoberik ez da. Nafarroan, esaterako, onddoek zaleengan sorrarazten duten miresmena ikusirik, biltze lanak arautu behar izan zituzten orain dela urte batzuk. Ultzamako mikologia parkea edota Erro-Orreagakoa adibide batzuk baino ez dira. Natura eta ingurumena jokoan zirela eta, biltzaileen kopurua mugatu zuten eremu horietan.

Plentziako azoka

Azaroaren lehen igandean atontzen dute Plentziako erakusketa. Goizeko hamarretarako elkarteko kideak jo eta su lanean dabiltza, Astillero plazan jarritako mahaiak forma ordenatu batean ipintzeko xedez. Badirudi jendeak ez duela presarik erakusketara hurreratzeko. Interesatuak, ordea, umil-umil gerturatzen dira gustu onez prestatutako 30 erretiluetako trofeoak ikusteko. «Urte mordoa daramatzagu lau hau berau egiten. Egia esateko, 30 urte joan dira jada lehen erakusketa egin zenetik, eta ilusiorik ez dugu galdu», esan du Mikologia taldeko arduradunak, zizei azken ukituak ematen dizkien bitartean. Arabako mendietara zein inguruko probintzietako parajeetara jo ohi dute elkartekoek jaki preziatuen bila ibiltzeko; Gorbeiako mendigunean, beste askoren artean. Jateko direnak ez ezik, pozoitsuak ere ikusgai jartzen dituzte Plentziako plazan. Forma eta tamaina desberdinak begi bistan jarri dituzte, artelanak izango balira bezala. Eguerdirako, bisitarien kopurua igotzen hasi da. Atzean utzi dira neguko elurrak, haize zirimolak eta tenperatura apalak; oskarbi dago, eta haize leun batek ferekatzen ditu mahaietako eskultura apartak.

Ziza eta onddoak oinarri hartuta, bi pintxo berezi prestatu dituzte sukaldari lanetan diharduten adituek. Ordena perfektuan, dastatze saioari hasiera eman diote. Ofizialtasunik gabe, baina, zapore goxoak eta usain sarkorrak bat egin dute zaleen aho sabaian. Gutxi batzuk Goñi Portalera abiatu dira argazki erakusketa ikustera.

Gorlizko itsasargia

Plentziako Geltokiko zubi distiratsua abiapuntu hartuta, ibilian-ibilian hasiko da ibiltaria. GR-280 Uribe izena hartu duen ibili luzeko zidorraren arrastoak bertantxe ikusi arren, tinda gorri-zuriak alboan laga, eta Plentzia herria inguratzen duen pasealekuan aurrera egingo da. Platanoek lagunduta, itsasadarraren paraleloan paisaiaz gozatzen hasi, eta Astillero plazara segituan helduko da bisitaria.

Plaza zeharkatu, eta, Frontoi kalean aurrera eginda, itsasadarraren pasealekuarekin bat egingo da ziztuan. Plentziako portua inguratu beharko da aurrerago, eta, oinezkoentzat egokitua den pasealekua berriro hartuta, hondartzara helduko da. Iparraldera jo beharko da segidan, eta, laster, Gorlizko esparruan sartuko da. Itsas Estazioaren ondotik igaro ondotik, Gorlizko ospitalerantz bideratu beharko dira pausoak. Astondoko hondartza parean (Gorliz) pinudian gora egiten duen bideari oratu beharko zaio goratasuna hartzeko. Harrizko eskailera batzuk daude egokitutalur aldapetan, eta erraz izango da gora egitea inguruko landaretza aurkitzen den bitartean.

Minutu batzuk mendian gora aritu ostean, bidexka amildegira iritsiko da. Talaia ederra izaten da itsasoaren gaineko panoramikaz gozatzeko, baita inguru-minguruko geologiaz jabetzeko ere. Artadiak eskaintzen duen babesera itzulita, bidezidorrak sigi-saga egingo du, eta, Antekerako aldatsean gora joz, Astondo tontorrera iritsiko da txangozalea. Bidexkari men eginez, maldan behera egin beharko da jarraian, eta Astondo eta Kukulu muinoen arteko lepora iritsiko da. Askorriagako gotorlekuaren arrastoak izen bereko lurmuturraren gainean ikusiko dira. XVIII. mendean eraiki zuten gaztelutxoa ingurualdeko badia defendatzeko. Harrez geroztik, han diraute aztarnok; non, eta kostaldeak sortzen den hiruhortz baten muturrean. Edertasun malkartsuko paisaia ikusiko da talaiatik: babesleku naturalak, Errotatxu eta Astondoko lurmuturrak eta denborak higaturiko arroka eta substratu deigarriak, besteak beste.

Joan-etorria egin ostean, kostaldean barrena dabilen xendara itzuli eta Kukulu muinora igoko da. Kukulutik jaistean, bat egingo da Foru abeletxetik datorren bide asfaltatuarekin —handik egingo da Plentziarako itzulera—. Gorlizera bideari oratu aurretik, iparraldera joko da Billano lurmuturraren gainean altxatzen den itsasargia bisitatuko bada. Beraz, ezkerra hartu, eta, ezusteko handirik gabe, urratsak egingo dira iparraldean luzatzen den lurmuturreraino iritsi arte. Tentu handiz egin beharko da itsas pasealekua, seinale batek lur-jausien arriskuez ohartarazten baitie ibiltariei. Bisitaren ostean, asfaltoari men egin eta, abeletxetik igarota, Astondoko hondartzara jaisteko tenorea izango da. Ospitale paretik igarota Plentzian bukatuko da ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.