Todd Phillipsen 'Joker'-ek irabazi du Urrezko Lehoia

Roman Polanskik lortu du jaialdiko saririk entzutetsuenetan bigarrena

itziar ugarte irizar
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Todd Phillipsen Joker ez dela inolako broma zioten tituluek zinemagile estatubatuarrak filma Veneziako 75. Zinemaldian erakutsi berritan. Bada, broma ez, Lucrecia Martel zinemagile argentinarra buru izan duen epaimahaiak hari ematea erabaki zuen atzo aurtengo Urrezko Lehoia. Pelikula berezia egin du Phillipsek: gaizkiaren erroak izan ditu hizpide, nola bihurtzen den gaizkile zital komiko alai izan nahi zuen gazte bat. Komikien munduan jaiotako pertsonaiari hurbilpen kritiko eta iluna egiten dio zuzendariak. Joaquin Phoenixek egin ditu protagonista lanak, eta gogor txalotua izan da haren interpretazioa.

Zinemaldiko sari garrantzitsuenetan bigarrena, Epaimahaiaren Sari Nagusia, Roman Polanskirentzat izan zen, J'Accuse filmagatik. Emmanuelle Seigner aktore eta zuzendariaren emazteak jaso zuen saria; Polanski ez baitzen Venezian izan, AEBetaraestraditatzeko arriskuagatik—1977an egindako bortxaketa baten auzia zabalik du oraindik—. Fipresci Nazioarteko Zinema Kritikarien Elkarteak ere Polanskiren azken lana saritu zuen.

Zuzendaririk onenaren saria Roy Anderssonek jaso zuen, About Endlesness lanarekin. Filma aurkezten Venezian izan bazen ere, atzo ez zen sari banaketako ekitaldira joan.

Interpretaziorik onenak saritzen dituzten Volpi sariak Ariane Ascaride aktore frantziarrak eta Luca Marinelli italiarrak eskuratu zituzten; Gloria Mundi (Robert Guediguian) eta Martin Eden (Pietro Marcello) filmetan egindako lanengatik, hurrenez hurren.

Animaziozko lan batentzat izan zen gidoirik onenaren saria: Yonfan txinatarraren No. 7 Cherry Lane filmarentzat. Zazpi urteko epean, fotogramaz fotograma eskuz marraztu du filma. Epaimahaiaren Sari Berezia, bestalde, Franco Marescoren La mafia non è più quella di una vola pelikulak irabazi zuen.

Goizez, fokuak protestan

Garaikur horiez gain, sari gehiago ere banatu ziren atzo Lido uharteko ekitaldian. Sail Ofizialaren ondoren, Orizonti da Veneziako zinemaldiko sail entzutetsuetan bigarren, eta, atal horren barruan, Valentyn Vasyanovychen Atlantis filmak jaso zuen filmik onenaren saria. Sail berean, Theo Courtek irabazi zuen zuzendaririk onenaren saria, Blanco en blanco filmagatik. Aktorerik onenaren sariak Marta Nietok (Madre) eta Sami Bouajillak (Un fils) jaso zituzten.

Zinemaldiko azken ekitaldiaren aurretik, goizean, protesta ekintza batek bereganatu zituen jaialdiko fokuak, 300 lagun inguruk alfonbra gorria hartu baitzuten «klima larrialdia» salatzeko. Mick Jagger bertatik igarotzen ari zen orduan—Giuseppe Capotondien The Burnt Orange Heresy filmean hartu du parte —, eta kausara batzeko baliatu zuen, «zuekin nago» esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.