Denbora-pasaren argiak eta ilunak

Tik Tok sare soziala Euskal Herriko nerabeen telefonoetara iritsi da. Txinan sortu eta muga guztiak gainditu ostean, gaztetxoenen denbora-pasa bilakatu da. Kantua eta dantza ditu oinarri, baina, haren harira, eztabaida sortu da adingabeen pribatutasunaren eta intimitatearen inguruan.

BERRIA.
Nagore Arin.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Izen ezaguna da haurren eta nerabeen artean; ez, ordea, gurasoen artean, ez behintzat haurren eta nerabeen neurri berean.Txinakoa da sare sozial hori, eta muga geografiko anitz igaro ditu; azkenaldian, joera global bilakatu da, batez ere adingabeen artean. Tik Tok du izena, eta sare sozialen atmosfera digitalari ate joka iritsi da, bertan gelditzeko asmoz.

Douyin gisa egin zituen lehen urratsak, 2016. urtean, eta lehen urtean ehun milioi erabiltzaile baino gehiago lortu zituen. Urtebete igaro ondoren, 2017. urtean, Tik Tok izena jarri zioten sare sozialari, Txinako mugak gainditu eta nazioarteko merkatura jauzi egiteko. Berehala, zifra harrigarriak lortu zituen, eta herrialde askotan deskarga gehien izan zituen aplikazioa izan zen 2018. urtean. Hala, sare sozial horren aitzindari izango litzatekeen Musical.ly izeneko sare sozialarekin bat egitea erabaki zuten, erabiltzaileen merkatura are gehiago hedatzeko. Ikus-entzunezko laburrak dira Tik Tok sare sozialaren ardatza eta, horrekin batera, arrakastaren oinarria. Ainhoa Arruabarrena Emoki Elkarteko hezkuntza emozionaleko arduraduna da, eta, haren hitzetan, «irudiak oso erakargarriak dira, baina ikus-entzunezkoak, are gehiago». Hain zuzen, ikus-entzunezkoen bilduma zabala eskaintzen du sare sozialak, eta, kontsumitzeko ez ezik, edukiak sortzeko eta zabaltzeko aukera ere ematen du.

Guztiek ezaugarri berbera dute oinarrian; eduki laburrak dira, eta kontsumitzeko arinak: «Edukia oso motza da, eta horrek dakar arreta maila oso txikia eduki behar izatea; erraz ikus daitezke bata bestearen atzetik». Arruabarrenaren esanetan, Instagram eta Youtube plataformen nahasketa moduko bat izango litzateke, eta, berritzailea den arren, sare sozial guztien sistema bera jarraitzen du. Berezitasuna abestien presentzia nabarmena izango litzateke; izan ere, bideoklip modukoak sortzeko aukera ematen du, abestiari mugimendua jarrita eta kantuari dantza edo antzerkia gehituta.

Aitana Etxeberria eta Paula Etxeberria Ordiziako (Gipuzkoa) bikien esanetan, berriz, umorea da aplikazioaren beste bereizgarri bat. Twin Melody bikote artistikoa osatzen dute biek, eta Tik Tok sare sozialean 9,3 milioi jarraitzaile dituzte. Zifra gorantz doa egunetik egunera; izan ere, iazko abuztuan 2,5 milioi jarraitzaile zituzten, eta urtebetean 9,3 jarraitzaile izatera iritsi dira. Paula Etxeberriaren esanetan, sortzailea izateko aukera eman du sare sozialak: «Nahi ditudan ikus-entzunezkoak sortzeko sare sozial bat da, ongi pasatzeko. Beste sare sozialen aldean, umore gehiago dagoela esango nuke, eta sortzailea eta irudimentsua izateko aukera gehiago ematen duela. Talentua erakusteko aukera paregabea da». Aitana Etxeberriaren esanetan ere, umorea da sare soziala izaten ari den harrera onaren gakoa: «Lan handia egin dugu, bideo asko egiten ditugu, eta ahalegintzen gara ahalik eta dibertigarrienak egiten; izan ere, hori da garrantzitsuena, jendea dibertitzea».

Adingabeak nagusi

Joera global bihurtu da sare soziala; milioika erabiltzaile ditu mundu osoan, baina, batez ere, adingabeen artean izan du arrakasta. «Neskek erabiltzen dute gehienbat, oso txikitatik. Kasu batzuetan, 6 edo 7 urterekin hasten dira sare sozial hori erabiltzen», adierazi du Arruabarrenak. Horregatik, garrantzitsutzat jo du gurasoek sare sozialaren inguruko nondik norakoak jakitea: zer den, zertarako balio duen eta, batik bat, zer ondorio edo arrisku izan ditzakeen. Horretarako, garrantzitsua da jakitea fokua non jarri, sarritan ekintza bera baino inportanteagoa baita testuingurua: «Bideoklip bat grabatzea, dantza egitea edo antzerkia egitea, lehen begiradan, ez da arriskutsua, baina ez gara konturatzen hori sarean izateak, Interneten egoteak, zenbateraino eragin dezakeen haurren eta nerabeen irudian, haien pribatutasunean eta abar».

Hezkuntza emozionaleko arduradunaren esanetan, automatizaziotik gertu egon liteke nerabeek sare sozialak erabiltzeko duten era, alde batera utzita erabilera horrek zer zehar kalte ekar ditzakeen: «Sare sozialak hain automatiko bihurtu dira, ezen ez garen konturatzen benetan zergatik edo zertarako igotzen ditugun edukiak, edo zer onura ekar ditzaketen», azaldu du. Erabilera da gakoa, eta, erabilera inertziaz egiten den bitartean, inkontzienteki egiten den heinean, are handiagoak izango dira arriskuak: «Pribatutasuna kolokan dago sare sozialetan; ez gara ohartzen zer ondorio izan ditzaketen igotzen ditugun argazkiek, jartzen ditugun iruzkinek edota zabaltzen ditugun edukiek».

Pribatutasuna kolokan egote hori erabili ohi dute, hain justu, enpresa handiek. «Sare sozial horiei interesatzen zaie ahalik eta erabilera handiena izatea, horrek informazio gehiago ematen duelako», adierazi du Arruabarrenak. Garrantzitsua da klik bakoitza; izan ere, igotzen edo zabaltzen den eduki oro informazioa da, eta, erabiltzaile askok uste duten arren ez duela pisu handirik, informazio iturri hori boterearen eta diruaren iturburu da. «Horrek gero eta arazo gehiago ematen ditu, eta ikusten ari gara gero eta isun gehiago jartzen ari direla», azpimarratu du. Hain justu, adingabeen pribatutasuna behar bezala ez babesteagatik zigortu zuten Tik Tok joan den otsailean. Ia sei milioi euroko isuna ordaindu behar izan dute; izan ere, legearen arabera, 13 urtetik beherakoentzako aplikazioek ezin dute horien daturik bildu gurasoen baimenik gabe.

Informazioari dagokionez ez ezik, sare sozial hori arriskutsua izan liteke nerabeentzat emozio aldetik ere. «Haur eta gazteak ez daude babestuta pribatutasunari dagokionez, eta emozio aldetik ere izugarrizko eragina du atsegin dut bat jasotzeak edo ez jasotzeak», azaldu du Emoki elkarteko kideak. Atsegiteen inguruko buruhauste horiek egungo gizartearen balioen isla dira, Arruabarrenaren esanetan: «Buruan sartu digute besteen gustuko izateko beharra, eta hori nabarmentzen da sare sozialetan». Gainera, neska gazte asko sexualizaturik agertzen dira, eta mutilen kasuan ere gero eta gehiago igartzen da sexualizazio hori. Psikologikoki eragina du horrek guztiak, eta, elkarteko kidearen ustez, egokitasuna erabileraren araberakoa den arren, «ez da egokiena hain gazteek erabiltzea». «Aintzat hartu behar da zer-nolako eragina izango duen sare sozial horren erabilerak nerabeen autokontzeptuan eta autoestimuan», gehitu du. Twin Melody bikiek ere azpimarratu dute atsegiteek izan ohi duten garrantzi hori, Paula Etxeberriaren esanetan: «Atsegin dut batek ez zaitu definitzen, eta janzten dituzun arropek, diruak eta abarrek ere ez ere». Hala erantzun dio bikiak: «Hori da, zuk balioa duzu balioa duzulako».

Gurasoen jarrera ezinbestekoa da aplikazioaren erabilera egokia bermatzeko. «Garrantzitsua da gurasoek sare sozial hori ezagutzea, zer den eta zertarako erabiltzen den jakitea, ideia bat izateko», adierazi du Arruabarrenak. Horretarako, oinarrizkoa da seme-alabekin komunikazio bide bat lantzea: «Komunikazioa eta konfiantza landu egin behar dira, haurrek aintzat har ditzaten gurasoak eta laguntza eska diezaieten. Komunikazio hori txikitatik landu behar da; izan ere, denbora behar du». Hori egiteko, sakelako telefonoa era egokian erabiltzen erakutsi behar zaie, baina haien pribatutasuna eta intimitatea ahalik eta neurri handienean errespetatu behar da.

Amaia Aranburu —ez da benetako izena— 12 urteko neska baten ama da, eta ezaguna egiten zaio Tik Tok sare soziala. Tableta elektronikoan erabiltzen du alabak sare soziala. Family Link izeneko aplikazio bat dute, eta, hala, gaztetxoaren erabilera digitalaren ziurtasuna dute gurasoek: edozein aplikazio jaisteko, pasahitza sartu behar da, eta, gainera, jakin daiteke nerabeak zenbat denbora igaro duen aplikazio bakoitzean. Gerora, telefonoa erosi, eta alabak telefono pertsonalean jarri du Tik Tok, eta «gehien erabiltzen duen aplikazioa» da, baina «ez du asko erabiltzen; etxean dagoen aldi batzuetan soilik». «Ispilu aurrean jarri, eta abestiak interpretatzen hasten da, eta lagunek ere gauza berbera egiten dute», adierazi du Aranburuk.

Komunikazioa, ezinbesteko

Aranburuk azaldu duenez, aplikazioaren aitzakia erabiltzen du beste gai batzuen inguruan ere hitz egiteko: «Sare sozialetan agertzen diren edukiak erabiltzen ditut gai desberdinen inguruan hitz egiteko». Aranbururen esanetan, garrantzitsua da haurren jarduera digitala gainbegiratzea; izan ere, «sarritan ez dira kontziente». Horregatik, komunikazio bide bat lantzen ahalegintzen da: «Gurasoak ez bagara haien jardueraz ohartzen, ezin diegu lagundu; konfiantza eman behar diegu dituzten arazoak kontatzeko. Akatsak egingo dituzte, baina ikasteko daude, eta gurasoen ardura da irakastea eta babestea».

Haurrak babestu egin behar direla nabarmendu du Arruabarrenak ere, baina horrek ez du esan nahi gurasoek nerabeak zelatatzeko eskubiderik dutenik; haren arabera: «Argi dago 16 urteko gazte bati ezin diozula sakelako telefonoa hartu begiratzeko, batez ere baimenik gabe; hori indarkeria erabiltzea da». Horregatik, ezinbestekotzat jo du komunikazio hori txikitatik lantzea: «Oso txikiak direnean, hainbat mekanismo adostu daitezke haurrekin: zenbateraiono erakutsiko dizun telefonoa, argazkiak igo baino lehen erakustea...». Komunikazio hori lantzea ezinbestekoa dela uste dute adituek; izan ere, aro digitala iritsi zen, eta Tik Tok ere ate joka iritsi da, gelditzeko asmoz.

Hala ere, Tik Tok adibide bat besterik ez da; izan ere, Arruabarrenaren esanetan, egoera ahalik eta ondoen kudeatzen jakitea eta nerabeei aurrera egiteko tresnak ahalbidetzea da gakoa, hezkuntza indartuz eta haurrekiko komunikazio bide eraginkorrak sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.