UDAKO SERIEA. Euskal Herriko ibilbideak (eta IV). Burdin mendien bide berdea.

Historia egin zuen bidea

Meatzaritzara bideratutako antzinako trenbide baten aztarnei jarraikiz, Traslaviña eta Cobaron lotzen ditu 42,5 kilometroko bideak. Oinez zein bizikletaz egiteko modukoa da.

Historia egin zuen bidea.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Meatzeetan ateratzen zen burdina kostaraino eramateko, hainbat trenbide eta azpiegitura eraiki zituzten XIX. eta XX. mendeetan. Mea ustiatzen zuten enpresek trenbidea jarri zuten martxan, inguru horietako burdina itsasadarrera edo itsasora garraiatu ahal izateko. Gaur egun, tarte horietako batzuk birmoldatu, eta burdin mendien bide berde bilakatu dira: Traslaviñatik (Artzentales), Cobaronera (Muskiz) doan 42,5 kilometroko bidea. Natura eta paisaia eraldatu zuten meatze lanen ondoko aztarnak ezagutarazteko ibilbidea da. Antzinako Castro-Traslaviña eta Sestao-Galdames trenbideen ibilbideak lotzen ditu, bost udalerri zeharkatuz: Artzentales, Sopuerta, Galdames, Abanto eta Muskiz.

«Bizikletaz zein oinez egin daiteke, eta ez da zertan osorik egin», azaldu du Nagore Orella Enkarterriko landa garapenerako Enkarterrialde elkarteko komunikazio arduradunak. Zenbait udalerri zeharkatzen dituenez, ibilbidera heltzeko hainbat puntu daudela dio, eta azpimarratu du mota askotako planak egin daitezkeela inguruan dauden meatzaritzari lotutako interes guneei esker: «Ibilbideak natura eta historia uztartzen ditu, eta hori da bere ezaugarririk bereziena».

Ibilbide osoan, meatzeetako lanak utzitako ondarea dago: kargalekuak, estazio zaharrak, labeak, tunelak, meatzeak... Horietako batzuk berritu dituzte, eta bisitak edota erakusketak egiten dituzte. Beste asko, ordea, langileek utzi bezala daude, 1966ko krisiaren ondorioz meatzeetako lan guztia bertan behera geratu zenean. «Naturaz eta ariketa fisikoaz gozatzeaz gain, herri honen garapenean mugarri izan den historiaren zati bat ezagutzeko aukera eskaintzen du ibilbideak», erantsi du Orellak.

Ibilbidea Traslaviñako FEVE Bilbo-Santander geralekutik abiatzen da. Handik, Burdinolen Ibilbidea edota GR-281 ibilbidea ere egin daitezke. Bide berdearen lehen kilometroak Kolitza errekaren bazterretik doaz. Bi tunel zeharkatu beharko ditu bisitariak, eta, gerora, ibaia gurutzatzean, Las Barrietas izeneko antzinako kargalekuarekin egingo du topo. Apur bat aurrerago, bidetik atera, eta Sopuertako Alen meatzari auzoa ezagutzeko aukera ere badago.

Bide berdeari jarraituz, ordea, Sopuertako meategiak goitik zeharkatu eta Castaño auzoa agertzen da. Bagoneta zahar bat eta meatzarien omenezko monumentu bat ikus daitezke auzo horretan. Ezkerrera dagoen bide bat hartuta, Catalina meategira irits daiteke. Meategiko bi kiskaltze labeak zutik jarraitzen dute oraindik, eta, gainera, Los Herreroseko tunela ere han hasten da—Las Muñecaseko portua igarotzeko XX. mendean, pikotx eta pala hutsez eraikitako bi kilometroko tunela—. Horren bidez, Castroraino (Espainia) garraiatzen zuten minerala, baina gaur egun, oraindik ezin da zeharkatu.

Bide berdera itzuliz, Arenaora heldu eta Galdamesko udalerrian sartzen da ibilbidea. Egurrezko zubi bilakatu den trenbide zubi zahar bat igaro ostean, Barbadun ibaiarekin egingo du topo bisitariak. Bideak padura eta fruta arbolen artean jarraitzen du Atxuriagaraino: Sestao-Galdames eta Castro-Trasñaviña trenbideek bat egiten duten tokia. Aurrera eginez gero eta Gallartara heldu arte, aukera dago tunelak, geltoki zahar bat eta kargaleku bat ikusteko.

Behin Gallartan, itsasoraino jarraitu daiteke ibilbidea. Orconera Iron Company enpresak zortzi kilometroko luzera zuen balde lerroaren aztarnei segika, Arena hondartzaren harea gorria agertuko da. Handik, Barbadun ibaia zeharkatzen duen zubia gurutzatu, eta Pobeñatik Cobaronera itsasoari itsatsita doan Itsaslurreko bide berdearekin amaitu egiten da burdin mendien ibilbidea.

«Ezinbestekoa da gure iragana bizirik mantentzea», ohartarazi du Oruellak. Enkarterrin ere meatzeen ondarea bizirik dagoela nabarmendu du, eta hori «berreskuratu, mantendu eta ezagutarazi behar dela», gogorarazi du Oruellak.

Memoria bizirik

«Gure nortasunaren parte da historia hau. Hemen mineralik egon izan ez balitz, gaur egun Bizkaia ez zen ezagutzen dugun modukoa izango». Haizea Uribelarrearen hitzak dira. Ondo baino hobeto ezagutzen du Uribelarreak meatzeen historia. Izan ere, Gallartako Meatzaritza Museoko langilea da, eta Bizkaiaren garapenerako «ezinbestekoa» izan zen garai hori ezagutaraztea du helburu. «Meatzeen ustiaketa intentsiboak izugarrizko aldaketa eragin zuen Bizkaian: ekonomikoa zein soziala», argudiatu du. «Liberalizazioa, globalizazioa, burgesiaren agerpena, langile mugimenduaren sorrera... meatzeak agertzearekin bat, hori guztia gertatu zen Bizkaian».

Burdin mendien ibilbidearekin uztartuta egin daitekeen bisitetako bat da Meatzaritza Museoarena. 2002. urtetik dago martxan, baina askoz lehenago abiatutako egitasmo baten emaitza da: «Herriko langileek beren kabuz objektuak biltzen hasi zirenean», azaldu du Uribelarreak.

Museo «tradizional» bat dela dio, eta nabarmendu du Euskal Herrian dagoen bagoneta eta bagoi bilduma handiena duela. Horretaz gainera, bisita gidatuak eskaintzen dituzte museoan bertan zein inguruan dagoen Kontxako meatzean zehar. Gainera,ostegunero aukera dago objektuak eraberritzen dituzten boluntarioak lanean ikusteko. «Ondare industriala mantendu behar dugu. Inguru honetan sekulako eragina izan zuen, bai naturan eta bai demografian, eta egun ezagutzen dugun gizartearen oinarriak zehaztu zituen: oligarkiaren sorrera eta langileen borrokak, esaterako», erantsi du Uribelarreak.

Ibilbidetik aldenduz, hamaika interesgune topa ditzake bisitariak, eta, horien artean, aipamen berezia merezi du El Pobal burdinolak. Eraberritutako burdinola museo «bizia» bilakatu zen 2014. urtean, makineria zaharra martxan ikusteko aukera ere eskaintzen duelako.

Burdinaz inguratuta

«XVI. mendeko fabrika hidrauliko bat da, momentu honetan Bizkaiko Foru Aldundiko monumentu gisa izendatua», esplikatu du Silvia Rubio museoko langileak. Helburua ondarea erakustea eta historian «hainbesteko» garrantzia izan duen jarduera ekonomiko horren inguruko jakintza zabaltzea dela dio. «Burdinola ez dago edozein tokitan, burdinaz inguratuta dagoen eskualde batean dago. Beste asko daude inguruan, baina hau da museo bihurtu den bakarra». Besteak beste, «bere garaitik kanpo» martxan mantendu zelako da hori. 1965era arte aritu ziren lanean bertan, eta nabarmendu du gaur egun ere hala ikusteko aukera dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.