UDAKO SERIEA. Iragana, harrietan irarrita (V). Ansot.

Ansoteko bazter zingiratsua

Baionatik hurbil, Ansot ordokia dago, Errobi ibaiaren bihotz barruak alaituta. Inguru hori Natura 2000 sareko babes bereziko eremu izendatu berri dute.

Ansoteko bazter zingiratsua.
Josean Gil-Garcia.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
N atura ondarearen kontserbazioaren beharrak interes handia arrapizten du gizartean. Ez da hain arraroa ere. Garapenari, osasunari eta ongizateari begira jarrita, inor gutxik jartzen baitu ezbaian ondasun biologikoaren eginkizuna. Baina, salbuespenak salbuespen, bigarren mailara baztertuta egon izan da substratu inorganikoaren eta lehorrekoaren dibertsitatea. A zer nolako paradoxa! Geologoek, ordea, haren garrantziaz ohartarazi dute; izan ere, lur eremuaren erabilera jasangarrian oinarritzen da espezieen eta ekosistema guztien iraupena. Horren jakitun, makina bat ikerlan egin dira Euskal Herrian altxor geologikoari argi ematearen kariaz. Hala, XXI. mendea hasteaz batera, geoparkeak saretzeko ahaleginean aritu dira adituak, atsedenik hartu gabe. Euskal Kostaldeko Geoparkea, esaterako, Europako eta munduko parkeen sareko kidea da 2010az geroztik, eta balio bereziko toki eta paisaia geologikoen garrantzia azpimarratzeko helburua du.

Baionak eta bere inguraldeak, haatik, bestelako paisaia umilagoa azaleratzen dute. Bistan da. Aturri handiak eta Errobi emaritsuak bat egiten duten eremu zabalaren gainean, Baiona galanta garatuz joan da, mendeen poderioz. Haren lur emankorrak iparralderantz ez ezik, hegoalderantz ere barreiatzen dira, eta eremu otzanok bezain samurrok ezin egokiagoak gertatu dira Lapurdiko hiriaren garapenerako. Jakina denez, Baionako ordokia Kuaternarioko detritu jakinen gainean ezartzen da, eta Errobi ibaiak berebiziko garrantzia hartu du estratuen terrazak sortzeko. Aturri eta Errobi ibaietako uberkak egokitu ostean, uholde eremuetan inguru zingiratsuak sortu ziren handik eta hemendik; hein handi batean, drainatze sistema makalaren ondorioz izan zen.

Laua eta etxaldea

Errobi ibaiaren magalean istingak edo zingirak daude, hots, berritzen ez diren sakonera txikiko ur eremuak, non landare bereziak hazten baitira, eta biodibertsitatea handia baita. Barta izena hartzen dute lur zingiratsuok. Errobi eta Aturri ibaien paraleloan, asko eta asko ikus daitezke. Bartetan ura pilatzen bada ere, ez da horrela gertatzen toki guztietan, Herbehereetako ingeniariek lan hidraulikoak egin baitzituzten XVIII. mendean; alde batetik, uraren jarioari egonkortasuna emateko eta ur korrontea mugatzeko gogo biziz, eta, bestetik, ur emariaren higadura samurtzeko eta belardietan pilatutako urak ibai aldera bideratzeko xedez. Lan hidraulikoak baliatuta, hortaz, lur eremuak nekazaritzaren mesedetan jarri zituzten aspaldian, betiere uholdeei ihes eginda.

Ansoteko ordokia Baionatik oso gertu dago, Errobi ibaiaren ondo-ondoan. Guztira, 55 hektarea larre heze daude han. Eremu osoaren erdia natura oparoaren menpe dagoela ikusiko du ibiltariak. Ibaia eta ordokia babes bereziko eremu izendatuak izan dira oraindik orain, eta Europako Natura 2000 sareari lotuta daude dagoeneko. Ansoteko bihotzean, Bartetako etxea dago. Berez, XVIII. mendeko etxalde bat da, 1970. urtera arte laborantza lanetarako erabilia izan zena. XX. mendera arte, larreak eta labore soro ugari sailetan zatituta zeuden Ansotekoan, eta partzelazio hark nekazaritza askotarikoa eta intentsiboa ekarriko ditu gogora. Egun, haatik, ordokiari buruzko informazioa jasotzeko eta inguru zingiratsuan barrena egin daitezkeen ibilbideen nondik norakoen berri izateko tokia da. Natura agerian jartzeko xedez, gainera, berariaz jarritako museo bat dago lehen eraikinaren ondoan, eta aldi baterako erakusketak aurkeztu ohi dituzte bertan. Atondutako azkenekoak hezeguneak ditu hizpide. Argazkiez eta dokumentu oparoez goza daiteke barnean, behin erakusketa aretora sartuta. Ibiltariak bisitan jakin dezake, besteak beste, Ansoteko belakiak milioi bat kubo ur geldiarazi ditzakeela Errobiko emariak, brastakoan, hortzak erakusten dituenean. Behiala eraikitako dikeek eta ubide sare korapilatsuak lotura hidraulikoari mugak jarri dizkiotenez, Ansoteko natura eremuko arduradunak lanean aritu dira tokiko korridore ekologikoari segida emateko, baita uraren presentzia une oro bermatzeko ere.

Errobi ibaiaren altzoan

Baionako Reduit plazatik abiatuko da bidaiaria. Errobi eta Aturri ibaiek bat egiten duten lekua da. Ondo-ondoan, Mayou zubia dago. Azpian, Errobi ibaiaren ur emari isila, apal-apal. Udaletxea eta antzokia hartzen dituen XIX. mendeko eraikin dotorea atzean utzi, eta Errobi ibaian gora hasiko da. Amuari ihes egin ezinik, zubirik zubi jarraituko du, ibaia zeharkatu gabe. Genie zubira iritsitakoan, harresia eskuinaldean utzi, eta aitzina joko du zaleak. Baionako Aviron kirol instalazioetan, Donejakue bideko seinaleak ikusiko ditu. Errobi zeharkatzen duen etorbidearen azpitik igaro eta berehala, platanondo ilara eder batek beztituko du bidea. Txirrindulariak eta lasterkariak abiadan igaroko dira ondotik, nork bere erritmoari eutsiz.

Florida gimnasioko instalazioak bistan direlarik, Basusarriko udalerrian sartuko da oinezkoa. Zaldain Zuriak Ansot hezegunearen gertutasuna iragarriko digu. Baionako Ingurumen Zuzendaritzapean, ehunka hektarea kudeatzen dira han. Zubia gurutzatu eta ertzaz beste aldean, Ansoteko ordoki zingiratsura doan sarrera ikusiko du oinezkoak. Lizarrek, haltzek, ereinotzek, zumarrek eta gaztainondoek osaturiko galerian aurrera egingo du, tipi-tapa. Bideak 180 graduko bira bat egiten duenean, eskuinera jo, eta, Aitatxuri errekastoaren gainetik igarota, porlan bideari ekingo dio ibiltariak. Sekuoia handi bat atzean utzi eta berehala, Borde errekastoa igaroko du bidaztiak, eta antzina egin, ondo-ondoan erinotzak eta platano sendoak gogaide dituela. Aintzirako kanala gurutzatuta, Ansoteko etxera helduko da. Informazioa bertan hartuta, Landare edota Uraren xendaz goza daiteke, zidorrak oso ondo markatuta baitaude. Aurrerago, dokumentazio etxetik hurbil-hurbil, bi solairuko behatoki bat dago. Talaia ezin hobea da hezegunearen dinamika ulertzeko, baita larre bustiak bisitatzen dituen fauna bertatik bertara ezagutzeko ere.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (eta VI): Iturrieta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.