Bilboko Aste Nagusia

Hiru bider Aste Nagusiago

Festa egarriz da Bilbo, eta konpartsek antolatutako kalejiran zein jaiei hasiera emateko txupinazoan izandako giroa izan dira horren froga. Urtebeteko ohiko itxaroaldia, aurten 1.051.200 minutu luzeagoa izan dela zehaztu du Itziar Lazkano aktoreak pregoian, eta Iratxe Palaciosek piztu du suziria.

Hiru bider Aste Nagusiago.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Kaosari matematika tanta bat jarri nahi izan zion atzo Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko irakurritako pregoian Itziar Lazkano aktoreak. «Kontuak egiten dakitenek diote, bi urte ez direla ezer, baina 730 egun txupinazoko alaitasun garrasizale hau sentitu gabe... luze egiten da». Eta milaka pertsonak oihu, Arriaga plazan. «17.520 ordu, txosnetan hartutako kalimotxo katxi baten freskurarik gabe, ez al da oihu egiteko modukoa?». Eta garrasiak berriz. «1.051.200 minutu, Gargantua potolo horren ahotzarra zabaltzen eta aste oso batez pottokiak libratzen ikusi gabe pasatu, eta ez al dugu oihu egingo?!». Oihuak eta oihuak. «Eta ez dut segundotan kontatzen, ez zaituztedalako izutu nahi». Eta bost desira, azkenik, amaitzeko. «Izan dadila hirukoitz balio duen festa bat!». Eta jendeak oihu. «Erasorik gabea!». Oihuak. «Distiratsua!». Oihu gehiago. «Dotorea!». Deiadarrak. «Eta zoriontsua». Eta horren ostean bai, horren ostean entzun zen jendetzaren benetako garrasia. Bost minutu baino gehixeagoko hitzaldiaren ostean, Iratxe Palacios Tintigorri konpartsako kideak suziria piztu, eta, bat, bi, hiru, lau... bederatzi segundora leherketa entzun zenean. 2019ko Bilboko Aste Nagusiaren ostean, azkenik, atzo hasi zen 2022koa.

Jendetza bildu zuen txupinazoak atzokoan, eta hamaika aldarrikapen biltzen zituzten kartelak eta pankartak ikus zitezkeen, elkarrengandik metro gutxira.

Euskal presoen etxeratzea eskatzen zuen bat poste batean, independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen zituen letra ilara bat eskaileretan, «Antolakuntza komunista hedatu» zioen pankarta gorri erraldoia plaza erdialdean, eta Ernai gazte erakundeak sinatutako antzeko beste beltz bat independentzia, sozialismoa, eta feminismoa aldarrikatzen, hamar urrats eskaseko distantziara. Konpartsen banderak han-hemenka. Sexu erasotzaileen aurkako abisuak. Gazte talde batzuk elkarri irina jaurtitzen. Palestinako banderak. Ur pistolak zein iturri bihurtutako kalimotxo botilak. Eta denak jauzika eta kantuan suziria lehertu eta bozgorailuek Marijaiaren abestia zabaldu zuten lehen momentutik.

Eta izan zen, txupinazoaren ostean, beroaren eraginez, Ibaizabalera jauzi egin zuen jenderik ere. Suhiltzaileen txalupa zuten ondoan, eta ertzetik oihuak. «Suhiltzaile, suhiltzaile, oe, oe, oe!». Festei ohiko zaien antolakuntza eta inprobisazio nahaste hori.

Festa, bere hasieraren zain

Eguerditik igartzen zen festa, halere. Hor. Hiriaren bazter ia guztietan. Festa, arratsaldeko zazpietan, ofizialki hasteko esperoan bezala. Harrabots moduko bat metroan. Kale saltzaileak zapi urdinekin. Zentroko tabernak beteta. Eta konpartsek txupinazoaren aurretik antolatutako kalejiran igar zitekeen argien egarri hori. Bakoitzak bere txosnan bazkaria egin ondoren egin zuten zita Bilbo Zaharrean, eta, kasik, han hasi zen Aste Nagusia, Marijaiaren faltan.

Beroa. Ur pistolak. Urez betetako globoak. Pa Ya eta Kaskagorrikoak blai, eta aurrez aurre. Konpartsen kamiseta koloretsuak plaza betetzen, eta nor bere bozgorailu eta musika hautaketaren bueltan bilduta, airean, halako punk, tekno, metal, pop, rap zein udako hit nahas-mahas bat utziz.

«Sekulako gogoa dugu, eta espero dugu jendeak ere Bilboko konpartsen aldeko apustua egingo duela». Aylen Marinerok 15 urterekin eman zuen izena Txomin Barullo konpartsan eta 20 ditu egun. Gogotsu mintzo zen horregatik atzo, bi urteko parentesia gainditu ostean. Eta antzera Lara Alis ere. Lau urte daramatza berak Aixeberri konpartsan, eta Aste Nagusirik gabe pasatu ditu azken biak. «Sekulako kolaboratzaile piloa izan dugu aurten prestakuntza lanetarako. Gogo handia du jendeak».

Ohiko urtebeteko itxaronaldiari, gehitu bi urte gehiago, eta, hala, 1.051.200 minutuko atzerapenarekin, beraz, kostata,baina, azkenerako, kantuak berriz ere egia dio atzoz geroztik. «Aste Nagusia/ bakarra dago/ hamar gauekoa/ munduan./ Abuztuan Bilbon/ denok batera/ katuak eurak be/ jaietan./ Mari, Mari,/ Marijaia dator./ Mari, Mari,/ Marijaia dator».

Hurrengo igandera arte ibiliko da hirian orain, horri dagozkion minutu eta segundo bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.