FERMIN 'EZ-DEUNA'

Geltokian konfinaturik

Iker Tubia.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Azkenaldian lagun bereizezin bihurtu zaion koadernoan idatzi du kopetilun: «Beste hiru lagun maskara jantzi gabe geltokiko zelaian botilatik edaten». Twitter piztu, eta Nabarreriako bideo bat birtxiokatu du barnean zuen guzia goitikatzen: «Arduragabe hutsak zarete! Horrela ez gara inoiz aterako!». Etxekoentzat ere badu: «Garbitu al dituzu eskuak?». «Utziko diozu zarata egiteari, behingoz?». Denbora gehiegi darama lau paretaren artean konfinaturik. Ohatzearen ondoan marratxoz osaturiko lerro batek iragartzen du itxialdiaren luzera.

Ozpindurik dabil Caravinagre, ohi baino haserreago. Ez diote askotan ateratzen uzten, eta orain sanferminak ere etxean! Erotuko dela uste du. Are gehiago, egokitu zaizkion pisukideekin. Konfinamendua hasi zenetik, Braulia ez da geldirik egon. Jira eta bira egun osoan: «Aizue, zuei ere ongi etorriko zaizue kirol pixka bat egitea». Garbitzailearen sindromeak jota dago Selimpia Elcalzao, mandarra jantzita izkin guziei dirdira atera nahian.

Bada onik atera dionik. Josepamundak Josemigelericorekin hautsi du azkenean. Harreman hori beti izan da itxura hutsa, baina Larantxalaren laguntzarekin ahaldundu da erregina europarra. Uste baino gehiago lagundu dio, afrikar erreginarekin dagoenean lotan ziren tximeletak dantzan sumatzen baititu sabelean.

Asiako errege-erregina ez dira batere kezkatu, Netflixeko harpidetzari sua atera diote. Toko-toko erosketez arduratzen da, eskaintzen ehiztari trebea baita. Astean behin, hori bai, bestela garesti ateratzen baita Caravinagreren errieta. Ozpin aurpegidunak dio Coletasen errua dela dena, japoniarrekin egindako bidaiatik ekarriko zuela birusa. Noraezean dabiltza, geltokian konfinaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.