Ion Orzaiz.
FERMIN 'EZ-DEUNA'

Hesiaren atzetik begira

2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak beste edozein urteko uztailaren 12an egin izan balira, iruindar askok ez genuke jakinen nork irabazi dituen ere. Batzuk gaur jabetuko lirateke, sanferminen osteko biharamunean. Aurten, baina, ez dugu ihesbiderik izan. Irentsi ditugu kanpainaren aurrekoak, kanpainakoak, hauteskunde egunekoak eta bozen ostekoak. Pagotxa: festarik egin ez eta [demokraziaren] bestondoa sufritu. Entzierroko hesiaren atzetik ikusi ditugu Iturgaiz eta Arrimadas Gernikako arbolaren aurrean zutunik, Ikusi mendizaleak entzuten; Abascal, purua ahoan, diskotekako atezainaren plantak egiten; Power Rangers eta Urkutron; EAJko buruak oholtza gainean abesten... Denboraldi osoa, making of-a eta estrak. Eta, telesailetan bezala, azken atalean heldu da argumentu jauzi handiena. Datorren denboraldiaren aurretik ikuslea pantailari lotzea beste helbururik ez duen amua: aulkia lortu du Voxek.

Kredituak amaituta, kezkatuta begiratu diogu elkarri. Hamaika ikusteko jaioak gara, faxisten ordezkari bat legebiltzarrean! Ezin liteke! Hasierako ikara pasatuta, baina, berehala bilatu dugu kontsolamendua: gure foru komunitate bereizian ez da halakorik gertatu. Hemen ez dago eskuin muturrik. Iruñeko Udalean Navarra Sumak du aginte makila, eta eskuindarrak dira, baina «jende normala». Irudikatzen al duzue zer izanen liratekeen sanferminak alkatetza Voxen esku egonen balitz? Euskara zokoratu eta, are, desagerraraziko lukete egitarau ofizialetik eta hiri paisaiatik, Udaltzaingoa jazarri eginen litzaieke kale-saltzaile migratzaileei, herri mugimenduko jai gune alternatiboak debekatuko lituzkete, eta eremu publikoak pribatizatu. Eskerrak hemen ez den inoiz halakorik gertatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.