Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail ofiziala. Kritika

Min amaigabea (edo 'off', 'off', 'off')

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'La douleur'



Zuzendaria: Emmanuel Finkiel.Aktoreak: Melanie Thierry, Benjamin Biolay, Emmanuel Bourdieu. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 126 min.

Oharra: ez dut Marguerite Duras idazlearen liburu bat bera ere irakurri. Erreferentzia garrantzitsu honen gabeziak akaso nire ikuspuntua murriztu dezake, eta esklusiboki obra zinematografikoan oinarrituko da nire iritzia.

La douleur oso frantsesa da, frantsesegia agian. Zinema klasikoaren kadentzia elegantea senti dezakegu bere fotograma guztietan, hitz eta manera orotan. Frantseskeriaren maitaleak zorionekoak dira. Dena delako itxurosoa, dotorea eta sentikorra. Baita jelatua ere.

Filma ideia ahaltsu eta erakargarri ugariz josita dago, eta batez nagusiki: Parisko liberazioaren kaosaren erdian, idazle unibertsalaren samin agonikoa bere hitz eder propioetan azaltzea. Baina nahiz eta Melanie Thierry aktoreak bere begitartean min jasanezinaren zimurrak primeran antzeztu, zuzendariaren obsesioak beste bat dirudi: maisulan klasiko batez erditu. Horretarako, produkzio diseinu liluragarria erabiliko du. Argazki zoragarria, musika indartsua, jantziak, dekoratuak... Guztiak dira bikainak, baina, oro har, posta-txartel itxurakoa gerta daiteke emaitza, batez ere halako pasarte historiko latza eta barneko sentimendu mingarriak irudikatzeko. Ez dirudi Durasen ikuspuntu subjektiboaren begirada bizi dugunik, baizik eta filmaren zuzendariarena, nor bere baitan bilduta, handikerietan.

Zaila egin zait bere etengabeko minarekin bat egitea, eta multzoak erakusten duen hoztasunak ez du erru guztia. Alde batetik, istorioak azaltzen duen informazio mordoa off-ean dago —hau da, pantailaren koadrotik kanpo—, eta hitzekin soilik esplikatzen da. Ongi erabilita, errekurtso ederra izaten da, baina kasu, nekagarria izan daiteke. Bestetik, off-ahotsa-ren baliabide labainkorra etengabe erabiltzen da, astuna izateraino. Sentimenduak gehiegi azpimarratzen ditu, lirikotasuna begi bistakoa bilakatu arte.

Ziur nago Durasen zaleek ez ezik beste askok ere gozatuko dutela filmak dituen osagarri ederrekin. Agian, hain gogor kritikatu ditudanak berez ez direlako txarrak. Eta arazo bakar bat dago gainontzekoak kondenatzen dituena: filmaren iraupen amaigabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.