Departamendu eta eskualde bozak. Korsika

Gilles Simeoniren bideek garaipenera daramate

Aurten zatituta aurkeztu diren arren, Korsikako nazionalistek babes handiagoa lortu dute bozen lehen itzulian. Bigarrenerako, galdera bakarra dago mahai gainean: mugimendua berriz elkartuko al da garaipenerako?

Simeoni kanpaina amaierako mitinean, Bastian. ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Bastia
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Korsikako mugimendu nazionalistak bozen lehen itzuli arrakastatsua izan du. Emaitzak egonkortu eta irlako paisaia politikoan sendotzeaz gain, autonomistek eta independentistek handitu egin dute babesa —2017an baino 5,65 puntu gehiago—, eta indartuta egingo diote aurre datorren igandeari; porrot bakarra Jean-Guy Talamoni Asanbleako presidente ohiaren Corsica Liberarena izan da, gutxigatik ez baita bigarren itzulirako sailkatu. Orain, duela hiru urte eta erdi lorturiko gehiengo osoari eustea izango dute helburu —63 aulkitik 41—, eta horretarako elkarrizketak ez dira errazak izango, bai edukiagatik, baita duten denbora eskasagatik ere; Gilles Simeoni boto gehien bildu duen zerrendaburuari dagokio ekimena hartzea, eta ikusteko dago zer bide lehenetsiko duen: aliatu ohiekin berriz elkartzea, mugimendu nazionalistatik kanpo daudenengana jotzea, edo bakarrik jarraitzea. Kasua edozein dela ere, gaurko 18:00ak aurretik hartu beharko du erabakia.

Simeoni Ajaccioko auzapez Laurent Marcangeliren kontra, edota mugimendu nazionalista eskuinaren aurka. Korsikako bozen lehen itzuliak politika egiteko bi ikuspunturen arteko lehia diseinatu du bigarrenerako, eta hamarretik lau zerrenda sailkatu ditu datorren iganderako: Simeoni autonomistarena (%29,19), Marcangeli eskuindarrarena (%24,86), Jean-Christophe Angelini autonomistarena (%13,22) eta Paul-Felix Benedetti independentistarena (%8,39). Hiru nazionalista, eskuinaren kontra.

Finean, Korsikako bozen lehen itzulia lehiakideen arteko indar orekak berriz definitzeko baliatu dute herritarrek, eta zalantzarik ez da emaitzek nazionalisten buruzagi nagusi bilakarazi dutela Simeoni, orain arteko joerek aurreikusi bezala.

Mugimenduak, oro har, orain arteko arrakastari eutsi dio, eta irlako indar garrantzitsuena bilakatzear da aurten Pe a Corsica koalizioa —Simeoniren, Angeliniren eta Talamoniren alderdiek osatu zuten— zatituta aurkeztu den arren; izan ere, batasunik ezak ez die kalterik egin nazionalistei, aldeko boto gehiago eskuratu baitituzte.

Baina, horretaz haratago, iragan agintaldian Korsikako presidentea izandakoa bilakatu da igandeko protagonista. Andre Fazi politologoak BERRIAri adierazi dionez, argi geratu da Simeonik ez duela «sufritu» agintean pasaturiko sei urteengatik, eta, nahiz eta ez den iritsi botoen %30eko «kopuru eta helburu sinbolikora» , «garaipen ontzat» jo dezake herenegun gauekoa, «nahiko aurretik» izan baita babes handiena bildu duen hautagaia: «Bigarren itzulian, bakarrik aurkeztuta ere irabaz lezake, baina oso zail du gehiengo osoa horrela lortzea, gutxienez %40ra iritsi behar baita».

Hain justu, zerrenden bat egiteak dira bi itzulien arteko eztabaidagai nagusiak, eta Simeoni horri begirako kalkuluak eta elkarrizketak egiten ari da lehen itzuliaren emaitzak jakin zituenetik. Faziren ustetan, bada aukerarik Pe a Corsica osatu zutenekin berriz elkartzeko, baina Korsikako presidente izandakoak «zail izango du justifikatzea» soilik bietako bati egitea eskaintza: Angeliniri edo Talamoniri.

Azken hori ez da datorren iganderako sailkatu (%6,9), baina zerrendak elkartzeko aukera izango du, eta baliteke hori egitea, hurrengo legealdian Asanbleatik kanpo ez geratzeko; Corsica Liberaren buruzagia izan da, hain justu, kanpainan batasunaren aldeko jarrera sutsuena izan duena, jakitun baitzegoen sailkapena kolokan zutela: «Talamoni posiziorik ahulenean zegoen, eta horregatik nahi zuen batasuna. Ikusteko dago negoziaziorik izango den; kanpainaren aurreko elkarrizketetan ez zuten azalpen argirik eman zatiketaren arrazoiez», azaldu du politologoak.

Corsica Liberakoek, behintzat, ez dute adierazpen argirik egin auzi horren inguruan, eta Talamonik herenegun gauean adierazi zuen jasotzen duten eskaintzaren araberakoa izango dela beren estrategia eta erantzuna.

Angelini eta Benedetti

Kanpainan egin bezala, nazionalisten arteko aliantza bati atea ireki diona Angelini autonomista izan da, herenegun gaueko zundaketen emaitzak jakin ostean adierazi baitzuen koalizio bat osatzeko bidean direla autonomistak eta independentistak: «Ez dakit zer forma izango duen, baina hori gertatuko da. Emaitza ona lortu dugu, eta korsikarrek argi utzi dute aniztasuna nahi dutela, eta ez hegemonia. Halere, batasuna ez da gauzatu behar iraganean ezagutu ditugun oinarrietan».

Buruzagi autonomistak atzo ere mezu bera helarazi zuen, arratsaldean emandako prentsaurreko batean, eta bere mugimenduko beste hiru indar politikoei negoziazioak abiatzeko deia egin zien; hori bai, zehaztu zuen ez zuela «oraindik» eskaintzarik jaso negoziazioetarako: «Elkarrizketarako deia egiten du, baina ez forcepsaren batasunerakoa».

Benedetti independentistaren kasuan, hasieratik argi utzi du ez duela aliantzarik egingo bigarren itzulian, Pe a Corsica koalizioa osatu zutenekin oso kritiko agertu baita. Herenegun gauean, ordea, atea ireki zion Simeoniren alde bozkatzeari hirugarren itzulia delakoan, Asanblean Korsikako presidentea aukeratzeko egingo duten saioan —printzipioz, uztailaren 1ean—: «Ate handitik bueltatu gara».

Lehen itzuliko emaitza deigarrietako bi izan dira haren mugimendu Core in Frontek Corsica Liberari aurrea hartu izana sektore independentistan, eta, bien babesa gehituta, Frantziatik ateratzearen aldekoak botoen %15era iritsi direla: «Inoizko babesik handiena da haientzat», zehaztu du Fazik.

Gauza bera autonomisten artean, Simeoniren eta Angeliniren botoak gehituta %42,41 bildu baitituzte; politologoaren ustetan, emaitzok frogatzen dute «nazionalismoa politikoki normalizatu egin» dela irlako paisaia politikoan, horren erakusle ere izanik, noski, igandeko lau zerrendetako hiru mugimendu horretakoak direla.

Bigarren itzulian izateko, alderdiek gutxienez botoen %7 bildu behar zituzten, eta horien artean bat egiteko, gutxienez %5; hortaz, Talamonirenaz gain, Bonifacioko auzapez Jean-Charles Orsucciren zerrendak —Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdi Errepublika Martxan-en babesa du— bigarren itzulirako elkarrizketetan parte hartu ahalko du, botoen %5,92 lortu baititu. «Erabaki bat hartu beharra dago», adierazi zuen Orsuccik herenegun gauean.

Egoera labainean da Bonifacioko auzapeza. PS Alderdi Sozialistakoa izan zen, eta hark ordezkatu nahi izan zuen 2010etik 2015era irlako agintean egon zen ezkerra, Macronen babesa jasota; aurten, ordea, atzera egin du—2017an sei aulki lortu zituen—, eta ez da ezta bigarren itzulirako sailkatu ere.

Horri begira, Orsuccik Simeonirekiko gertutasuna erakutsi du hainbatetan, baina bientzat zaila izan liteke beren zerrendek bat egitea, batez ere Bonifaciokoarenean «hautagai unitarista batzuk» daudelako, Faziren arabera.

Marcangelik, aukera urri

Marcangeli eskuindarraren emaitzak izan dira herenegungo hauteskundeetako beste eztabaidagaietako bat, Ajaccioko auzapezak espero baino babes txikiagoa bildu baitu.

Marcangeliri, printzipioz, ez zaio ongi atera eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa zerrenda berean elkartzeko estrategia, banatuta aurkeztuta %27,74ra iritsi baitziren 2017an; hortaz, soilik Orsucciren oinarri elektorala izan lezake balizko aliatu, baita bigarren itzulitik kanpo geratuko liratekeen bi zerrenda ultraeskuindarrenak ere —%4 lortu du Marine Le Penek babesten duenak, eta %0,59 besteak—, nahiz eta horiekin ez duen nahikoa izango garaipena lortzeko.

Hala, Ajaccioko auzapezak bide berean jarraituko duela jakinarazi zuen atzo, beste zerrendekin bat ez egitea erabaki baitu: «Alternatiba bakarra gara, eta korsikarrei esan nahi diegu beste ahots bat existitzen dela».

Marcangelik, beraz, aukera gutxi ditu igandean boto gehien bilduko duen zerrenda bilakatzeko, baina, aldi berean, ahalik eta emaitzarik onena lortu beharko du, hura izango baita mugimendu nazionalistak izango duen kanpoko oposizio bakarra.

Horiek horrela, argi dago bozen bigarren itzulia Simeoniren eta Marcangeliren arteko lehia izango dela, eta bigarren itzulian babesik handiena bilduko duen zerrenda izatea garaipen bikoitza izango dela: lorturiko eserlekuez gain beste 11 ematen baitizkiote horri.

Dela aliatu ohiekin berriz elkartuta, dela beste batzuekin aliantzak eginda, dela bidean bakarrik jarraituta, Korsikako presidente izandakoari komeni zaio berriz ere lehen postuan amaitzea, kargu horretara itzultze aldera. Simeoni, behintzat, «pozik» agertu da herenegungo emaitzekin: «Lehen itzuli oso gogobetegarria izan da, korsikarrek alde handiz jarri baikaituzte lehen postuan».

Iragan agintaldian Korsikako presidente izandakoa arrakastaz arrakasta ari da mugimendu nazionalistaren aroa 2014an abiatu zuenetik; urte hartan, ipar-ekialdeko Bastiako auzapez aukeratu zuten, eta urtebete geroago egindako Asanblearako bozetan garaipena lortu zuen, Talamonirekin eta Angelinirekin batera; 2017an, Pe a Corsica koalizioak eserlekuen gehiengo osoa eskuratu zuen, eta Korsikatik Frantziako Asanblea Nazionalera bidaltzen dituzten lau aulkietatik hiru. 2020an, berriz, lehen aldiz lortu zuten senatari bat.

Simeonik garaipenak baizik ez ditu ezagutu bere ibilbide politikoan, eta badirudi joera berean jarraituko duela datorren igandekoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.