HILBERRIA. Louis Joinet

Bakegintzaren eragile Frantzian

IÑIGO URIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bakegintzak Frantzian zuen eragilerik garrantzitsuenetako bat galdu du: Louis Joinet legelaria. ETAk 2011n jardun armatua bukatutzat eman ondotik, gatazkaren ondorioen konponbidearen alde inplikatu zen. Herenegun zendu zen, 85 urte zituela. Gaixorik zegoen. Neversen jaio zen, Frantzia erdialdean; Parisen bizi zen.

Azkeneko aldiz joan den ekainaren 19an adierazi zuen konpromisoa jendaurrean, Parisen: Dei Auzitegiko saio batean, prest azaldu zen Josu Urrutikoetxea euskal preso eta ETA zeneko ordezkari historikoa etxean hartzeko, epaileek baldintzapean aske utziz gero. «Nire askatasuna onartzeko eskatzen dizuet», esan zien Urrutikoetxeak epaileei, «Louis Joinetek bere bermea eman baitu. Frantzian oso pertsona ezaguna eta errespetatua da».

Curriculum handia zeukan, izan ere. Esaterako, 1981-1995 aldian François Mitterrand Frantziako Errepublikako orduko presidentearen aholkularia izan zen, eta sasoi hartako bost lehen ministroren aholkulari ere bai. Frantziako Gorte Goreneko magistratu izan zen, eta, giza eskubideen alorrean, Nazio Batuen Erakundeko ordezkaria munduko hainbat gatazkatan.

ETAk borroka armatua utzi ostean, Paris eta Madril ikusten zituen oztopo Joinetek. «Badirudi Frantzia bake prozesuan sartzeko prest litzatekeela egun, baina, Espainiaren argi berderik gabe, terrorismoaren aurka elkarlanean aritzeko akordioak bertan behera geldituko lirateke», adierazi zuen 2016ko ekainean, Baionan, Bake Bideak antolatutako mintegi batean. Ordurako ari zen lanean Ipar Euskal Herriko ordezkariekin gatazkaren ondorioen konponbidearen alde: beste legelari frantziar batzuekin batera, 2014an eta 2015ean egin zituen mugimendu batzuk, Parisen ateren bat ireki zedin, baina, gobernua mugitzen ez, eta 2015eko ekainean Bake Konferentzia antolatu zuten askoren artean, Asanblea Nazionalean.

Segitu zuen babesa ematen, eta ETAren armagabetze egunean Baionan izan zen —2017ko apirilaren 8an—. Hark irakurri zuen eragileen adierazpenaren frantsesezko bertsioa. Eta segitu zuen ohartarazpenak egiten: «Momentu kritiko batean gaude», zioen desarmatzetik egun gutxira, Libération-en. Euskal presoen egoeraz ari zen; bi-hiru urteko epea eman zuen «gauza zehatzak» gertatzeko. Paris duela urte eta erdi hasi zen espetxe arloan pauso batzuk ematen, baina berriki ikusi da Urrutikoetxearen eta beste preso batzuen aferan oraindik badela trabarik, eta Joinetek, berriro, urratsa.

Frantziar legelariak Euskal Herriko bakegintzan erakutsitako «etengabeko engaiamendua» goretsi dute Bakegileek eta Bake Bideak heriotzaren ondorengo erreakzioetan. Frederique Espagnac Frantziako senatariak «bakegiletzat» jo du. Foro Sozialak bake eta elkarbizitza prozesuaren«gertuko pertsona» modura definitu du. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eskerrak eman dizkiote azkeneko urteetan egindako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.