Etorkin familia bat atxikitze zentrotik askatua da, baina etorkizunik gabe

Baionan epaitu ostean, Kuwaitetik etorritako sendia aske utzi dute. Hiru adingabe zentroan zeuden La Rochelleko prefetaren aginduz
Familiako aita, atzo, auzitegitik ateratzean, poliziekin.
Familiako aita, atzo, auzitegitik ateratzean, poliziekin. IMANOL EPPHERRE

Imanol Eppherre -

2018ko uztailak 10
Uztailaren 6an, goizeko ordu batean, Kuwaiteko familia oso bat atxilotu zuen Frantziako Poliziak La Rochelleko aireportuan: senar-emazte batzuk eta haien hiru umeak, 12 eta 8 urte eta 18 hilabetekoak. Alemaniatik pasatu ondoren, frantses aireportuan Ingalaterrako bidea hartzeko hegaldiaren beha ziren. Han, greziar pasaporte faltsuekin identifikatuak izan ziren, eta Charente-Maritime Departamenduko prefetak familia osoa atxikitzeko agindua eman zuen. Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentrora eraman zituzten; urte pare batez itxia izan ondoren, Euskal Herrian dagoen etorkinendako atxikitze zentro bakarra iragan apirilean ireki zuten berriz. Atzo arratsaldean Baionako Auzitegiaren aurrean pasatu ziren bostak. Aske utzi zituzten, baina kanporatze agindua ezarri zieten.

Hala ere, sendiaren atxikitzea 28 egunez luzatzeko eskaera egina zuen prefetak. Errekurtsoa aurkeztu zuen Laurence Hardouin familiaren abokatuak. Defenditzaileak adierazi zuen moduan, prefetaren erabakia ez da «zilegi», horren ordez bizileku zitazio bat egin zitekeelako. «Haurren lekua ez da preso egotea», esan zion Hardouinek epaileari. Medikuaren dosierra eskuetan, atxikiak direnetik haurrek lo egiteko eta elikatzeko arazoak dituztela berretsi zuen. Familia Hendaiako zentroko egongelan jarri zutela gehitu zuen, eta urte bat eta erdiko umearen ama esnearentzat hozkailurik ez zela salatu du. Auzibide akatsak ere aipatu zituen abokatuak, eta prozedura «murduskatua» gaitzetsi.

Azkenean, epaileak libre utzi zuen familia atzo, baina zazpi eguneko epea dute Frantziako Estatuko lurraldetik alde egiteko. Gainera, aste honetan bizitzeko lekurik ez daukate aseguraturik; Cimade errefuxiatuak laguntzeko elkarteak laguntza eskaini die.

Ipar Euskal Herrian adingabeekin atxikita egondako familia baten azken kasua 2011n izan zen. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak behin baino gehiagotan auzipetu du Frantzia, guraso migratzaileekin dauden umeak atxilotzeagatik. Baina Frantziako legediak horrelakoak baimentzen ditu: 2015ean, 172 haur izan ziren egoera horretan; 2016an, 305; eta aurten, jada, 300 baino gehiago atxikiak izan dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna