PSEk Alberto Lopez Basaguren jarriko du adituen taldean

Berria -

2018ko irailak 7
Eusko Legebiltzarreko talde politiko gehienek gaur jakinaraziko dute nor proposatuko duten estatutu proiektua idazteko ardura izango duen aditu taldean parte hartzeko. PSE-EEk, ordea, atzo eman zuen bere proposamenaren berri: Alberto Lopez Basaguren Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna (Basauri, Bizkaia, 1957). Espainiako sistema politikoa eta federalismoa ditu ikergai, besteak beste, eta behin baino gehiagotan mintzatu da autogobernu lantaldeak adostutako oinarrien aurka. Atzo, Radio Euskadin, ohartarazi zuen oinarriek «sistema konfederal bat» proposatzen dutela «legearen ikuspuntua kontuan izanda», eta hori «onartezina» dela. 2014an eta 2017an Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean parte hartu zuen, taldeek eskatutako agerraldi sortan.

Ohar batean, PSEk adierazi du espero duela adituen taldeak egingo duen lanak bide ematea «pertsonen eskubideak zabaltzeko, eskumenak errealitate sozialera egokitzeko eta botere publikoen arteko harremanak berrantolatzeko, eraginkortasuna irabazte aldera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna