Koronabirusa

Koronabirusaren abiadura azkartu egin da Kenyan

Afrikako herrialdean martxoaz geroztik zenbatu dituzten positiboen herenak azken hilabeteotakoak dira. Gobernuaren azken datuen arabera, 6.816 test eginda 1.216 kasu atzeman dituzte, eta 26 lagun hil dira.

Ol Kokweko barnetegiko eskolan ikasmahai berriak dituzte, distantzia gordetzeko, baina denak ez dira sartzen. O. EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Ol Kokwe
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Urriaren erdialdera, Patrick Amoth Kenyako Osasunerako zuzendari nagusiak iragarri zuen bigarren olatua berehalakoa izango zela prebentzio eta kontrol neurriak zorrotz betetzen ez baziren; halaxe izan da. Martxoaz geroztik Kenyan zenbatu dituzten 65.804 kutsatuen herenak azken hilabetekoak dira: azken egunetako proben %15 positiboak izan dira; halakoak geroz eta gehiago dira, baina osasun zerbitzuak nekez iristen dira egunean 6.000 proba egitera. Gobernuak herenegun emandako azken datuen arabera, 6.816 test eginda 1.216 kasu atzeman dituzte, eta 26 lagun hil dira.

Azaroaren 4an, Kenyako presidente Uhuru Kenyattak neurriak zertxobait zorroztu zituen, baina oraindik ere taberna, bide eta merkatuek 21:00 arte irekita jarraitzen dute, eta BBI egitasmo politikoa plazaratzeko agintari eta, politikoek nonahi egin zituzten manifestazio itzelak ikusi ondoren, are gehiago kosta zaie herritarrei orain maskara janztea. Hildakoen kopuruaren gorakada ere nabarmena da: 1.100 hildakoetatik ehun hilaren lehen astean hil ziren; gehienak, erietxeetan egundoko zorrak utziz.

Pandemiaren kudeaketa konderrietako gobernuen esku utzi berri dute, baina horietako askok osasun egitura eta finantza baliabide eskasak dituzte. Gobernadoreek, azaroaren 4ko kontseilu bilera bereziaren ondoren, irudi iluna zabaldu zuten: hamabi konderri ez dira iristen gutxienez eskatzen diren 300 ospitale oheetara. «Osasun langilerik gabe geratzen ari gara», esan zuen gainera mikrofonoen aurrean Wycliffe Oparanya mendebaldeandagoen Kakamegako gobernadoreak, urriaren bukaeran hango ospitale nagusian izandako kutsatu kopuruaren ondoren.

Gainera, gobernuak esan berri duenez, NHIF osasun aseguru publikoak —kontratua duten langileek bakarrik dute— ez ditu ordainduko COVID-19agatik ospitaleratutakoen gastuak, ikaragarrizkoak direla argudiatuta. Gaixotasun larrien tratamenduak ordaintzeko kostu handiak, jakina, ospitaletik uxatzen ditu hainbat gaixo.

Bestalde, izena eman ezin duen mediku baten arabera, izurritearen hedapena behe diagnostikatuta egon daiteke, oraindik ere pneumoniatzat edo tuberkulositzat hartzen baitira, testik egin gabe.

Egoeraren larriagotzea pandemiak ekonomian eragin dituen askotariko kolpeekin batera dator. Turismoaren bat-bateko gainbehera eta ehunka mila lanposturen galera, esaterako; eta, bitartean, zor publikoaren zama gora doa etenik gabe. Joan den maiatzean Kenyak 626 milioi euroko mailegua eskuratu zuen Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren partetik, baina beste bat eskatu beharko du pandemia kudeatzeko gai izango bada.

Pfizer-Biontech txertoa Osasunaren Mundu Erakundearen Covax prestazioaren eskutik eskatuko dute, dosi bakoitzagatik 254 euroko prezioa ordainduta. Aurreneko dosiak Ameriketako Estatu Batuetara, Europako Batasunera eta beste herri aberatsetara bidaliko dituzte, baina Kenyara urtebete barru, 2021eko abenduan iritsiko direla dio The Star egunkariak.

Eskolak, poliki-poliki

Urriaz geroztik, eskolak pixkanaka ari dira berriz irekitzen; hiru hezkuntza zikloetako azken urteetako klaseak lehendabizi, eta urtarrilean beste guztiak. Gabezia eta erronkak nabarmenak dira, eta, hainbeste hilabetetan itxita egon ondoren, ez da berrikuntzarik egin.

Mendebaldeko Baringo lakuko Ol Kokwe irlako barnetegian, esaterako, aldaketa falta hori sumatu dute. «Klaseei dagozkien azpiegiturena da alderik zailena. Lehen genituen klase berdinak ditugu; nik, adibidez, zortzigarren mailan 46 haur ditut ikasgela berean», dio Wesley Tulia eskolako zuzendariak. Haurren arteko distantzia mantendu behar dute, baina hori bermatzeko gobernuak agindu dien laguntza bakarra ikasmahai berriak dira, hiru ikasleren ordez bi eseri daitezen bakoitzean; halere, ez dute ikasmahai berriak sartzeko adina lekurik. Gainera, klaseak zatitu behar balira, irakasle gehiago beharko lituzkete.

Eskolako zuzendariaren esanetan, erronka nagusia inguruko pobrezia maila da. «Familia askok ezin diote eutsi beren haurren eskolatzeari, ez baitira gai egoerak eskatzen duena ziurtatzeko. Maskarak, adibidez; batzuek badituzte, baina beste batzuek ez».

Absentismo indizea ere oso handia da. Masaien zirkunzisio errituengatik, inguruko mutil gehienak oraindik ez dira agertu, baina askotan etxean duten egoeragatik egiten dute kale: «Gurasoek ez badiete janaria prestatzen, ezin dira etorri, eta beste kasu batzuetan gurasoek eginbeharrak ematen dizkiete», dio Tuliak.

Eskolatik kanpo, ez dute etxetik ikasteko edo lan egiteko inongo aukerarik; batzuek, telebista pizteko argindarrik ere ez. Ohiko ekonomia jardueretan bezala, hezkuntzan ere aurrera egiteko behar gero eta handiagoa sumatzen dute, pandemiaren kurbak gorako bidea hartu badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.