Grezia. Hauteskundeak

Gerrak, diktadurak eta oraina

Krisia hasi zenetik, Grezian areagotu egin da eskuinaren eta ezkerraren arteko polarizazioa. 1920ko hamarkadan hasi zen ereiten polarizazio hori, eta XX. mendeko garapen politikoaren ikurra izan zen.
ELAS Greziako Herria Askatzeko Armadako gerrillariak, II. Mundu Gerran. Alderdi Komunista zen ELASeko indar nagusia.
ELAS Greziako Herria Askatzeko Armadako gerrillariak, II. Mundu Gerran. Alderdi Komunista zen ELASeko indar nagusia. -- / EZEZAGUNA

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 25
Makis Voridis Greziako Osasun ministroak kanpainaren azken astean egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte. «Gure aitatxi-amatxiek armekin adoretsu defendatu zutena, guk gure botoekin defendatuko dugu igandean. Denok dakigu zertaz ari garen». Gerra zibilaz ari zen Voridis, 1946-1949 arteko gatazka odoltsuaz. Eta ez zen hori izan Aspropirgos hiriko ekitaldian aipatu zuen erreferentzia historiko bakarra. «Talka ideologiko handi bat da bi munduren artean. Askatasunaren eta aberriaren [...], erlijioaren eta familiaren artean, eta hori dena suntsitu nahi duenaren artean. Ezkerrak ez du irabaziko igandean». Voridisek «aberria, erlijioa eta familia» aipatu zituen, diktadura militarraren leloa (1967-1974). XX. mendeko pasarte horien memoria bizirik dago Grezian, eta azken urteotan, krisiaren testuinguruan areagotutako gatazka sozialarengatik, politikari batek baino gehiagok gogora ekarri ditu. Syrizaren eta Egunsenti Urrekara alderdi neonaziaren hazkundeak ezkerraren eta eskuinaren arteko polarizazioaren sintomak dira, baina banaketa horrek erro sakon bat du Greziaren XX. mendeko historian.

Syriza da bozak irabazteko faboritoa gaur. Urteetan, ordea, aginteko elitearen aurkako ezkerraren ikurra KKE Greziako Alderdi Komunista izan da. II. Mundu Gerra eta jarraian sortu zen gerra zibila erabakigarriak dira Greziaren banaketa politikoa ulertzeko, baina oinarriak lehenago hasi ziren gorpuzten.

1912-1922 artean Grezia gerretan murgilduta egon zen. Nazionalismoak sustatutako gerrak ziren, eta Greziak XIX. mendean sortutako Megali Idea (Ideia Handia, grezieraz) gauzatzea nahi zuen: greziar etniako biztanleak zeuzkaten lurralde guztiak estatu bakarrean biltzea. 1912an, Greziak gaur egungoa baino eremu txikiagoa hartzen zuen. 1923an zehaztu ziren ia erabat gaur egungo mugak, Lausanako Itunarekin, baina Grezian porrotaren sentipena nagusitu zen, Ideia Handiak huts egin baitzuen.

Izan ere, gerren aroaren azken gatazkan, Anatoliako penintsulako greziarren lurraldeak hartzen saiatu zen Atenas. 1919an, I. Mundu Gerraren ondoren, Otomandar Inperioa desagertzeko bidean zegoela, Europa mendebaldeko potentzia kolonialek (Erresuma Batuak, Frantziak eta Italiak) eta Balkanetako herrialdeek inperioko lurraldeak beraien artean banatzeko lehia hasi zuten. Londresek eta Parisek Atenasi proposatu zioten greziar biztanleak zituzten lurraldeak hartzea. Espedizioa, ordea, hondamendi hutsa izan zen Greziako armadarentzat, eta 1922an Anatoliatik erretiratu zen. Gerra horren ondorioz, greziarrek milaka urtetan Anatolian izandako presentzia hutsaren hurrengora murriztu zen. Greziak eta jada Turkiako Errepublika zenak populazio trukaketa bat egin zuten: Turkian bizi ziren milioitik goiti greziar bidali zituzten Greziara, eta otomandarren arotik Grezian bizi ziren turkiarrak (300.000tik goiti) Turkiara bidali zituzten.

Gertakari horiek aldaketa sakonak eragin zituzten Grezian. Sukar nazionalista trauma handi batekin bukatu zen, eta barne ezegonkortasun aldi bat hasi zen. Sektore politiko batzuek Konstantino I.a erregea egin zuten Anatoliako hondamendiaren errudun, eta, armadaren presiopean, tronua Jurgi semeari utzi zion. Monarkiaren prestigioa hagitz kaltetuta zegoen, ordea, eta 1923ko hauteskundeak irabazi ondoren, liberalek errepublika ezarri zuten. Giro horretan hasi zen hedatzen Greziako mugimendu komunista, gehienbat industria guneetan.

KKE eta nazionalismoa

Hasieratik, ordea, zailtasun handiei aurre egin behar izan zien KKEk, eta ez soilik sistema sozioekonomikoa irauli nahi zuelako. Izan ere, garai hartako joera nazionalistari aurre egin zion. Alde batetik, Turkiarekin bakea sinatzearen alde agertu zen; bertzetik, gutxiengo etnikoen auzia zegoen. Greziako bertze indarren artean uniformizazio etnikorako joera zen nagusi, baina KKEk, Vladimir Lenin SESB Sobietar Batasuneko Errepublika Sozialisten buruzagiaren printzipioekin bat egin, eta gutxiengo etnikoen autodeterminazioa babestu zuen. Lurralde egiturari buruz, ordea, ez zuen irizpide zehatzik teorizatu, eta, horregatik, gainerako indarrek Grezia zatitu nahi zuen atzerriko eragiletzat aurkeztu zuten KKE.

Baina atzerriko eragileen eragina zen, hain zuzen, KKEren salaketetako bat. Izan ere, independentziatik bertatik (1824), Errusiak (iraultza sozialistara arte), Frantziak eta batez ere Erresuma Batuak nabarmenki baldintzatu zuten herrialdearen politika, bai barnean, bai atzerrian —1865 arte, hiru alderdi politiko nagusiek halaxe izena zuten: Errusiarra, Frantziarra eta Ingelesa—. 1926an, KKE parlamentuan sartu zen lehenbiziko aldiz, botoen %4,37rekin —hamar diputatu—.

Ideia Handiaren zapuzteak sortutako krisi politikoaren aroa 1936ko estatu kolpearekin bukatu zen, baina bertzelako gatazka dinamika batean sartu zen Grezia, aitzineko belaunaldietakoa ez bezalakoa. 1935ean, plebiszitu ilun baten bidez, monarkiazaleek Jurgi II.a tronura itzultzea lortu zuten. Hurrengo urteko hauteskundeetan, eskuinaren eta zentro-ezkerraren arteko berdinketa hausteko komunistek lortu zuten giltza, baina Jurgi II.ak hori saihesteko Ioannis Metaxas jenerala hautatu zuen behin-behineko lehen ministro. Grebak eta istiluak hedatu ziren, gehienbat industria guneetan. Lau hilabeteren buruan, Metaxasek, erregearen oniritziarekin, larrialdi legea ezarri zuen: parlamentuari boterea kendu zion eta konstituzioa praktikan bertan behera utzi zuen.

1930eko hamarkada zen; Alemanian eta Italian erregimen nazia eta faxista indar betean zeuden, eta aste batzuk igaroak ziren Espainian gerra hasi zenetik. Grezian ere, kutsu faxistako diktadura ezarri berri zuen Metaxasek. KKE ia desagerrarazi zuen, milaka atxiloketa eta erbesteratzeekin; gainerako alderdi politikoak ere debekatu zituen.

Ordutik, Greziako eskuin muturrarentzat eta eskuindar batzuentzat ere erreferentziazko pertsonaia izan da Metaxas. Halakotzat dauka Egunsenti Urrekara alderdi neonaziak gaur egun, eta «heroi» eta «abertzale» izendatu ohi du. 2013ko azaroaren 1ean, ezkerreko talde armatu batek Egunsenti Urrekarako bi kide hil zituen alderdiaren Atenasko egoitza baten parean. Greziako zenbait hedabidek egun hartako kroniketan aipatu zutenez, Egunsenti Urrekarak pankarta bat zeukan eskegita: Metaxas bat behar da «ez» errateko. Hilketak baino lau egun lehenago ospatu zuten Grezian Ezetzaren eguna, besta nazionala. 1940ko urriaren 28an, Italia faxistak Greziako diktadurari ultimatum bat eman zion, herrialdean «kokapen estrategikoak» okupatzen utz ziezaion; erraten denez, Metaxasek eman zion erantzuna solas bakarra izan zen: «Ez». Besta nazionala nagusiki diktadoreari erreferentziarik egin gabe ospatu izan da, baina Egunsenti Urrekarak hura goraipatzeko baliatzen du.

Hain zuzen, Metaxasen berezitasun bat izan zen ez zela Alemaniarekin eta Italiarekin lerratu; Greziaren patroi tradizionalarekin, Erresuma Batuarekin, harremanean jarraitu zuen, gainera. 1940an, Italiak Albaniatik eraso zion Greziari, baina inbasorea bidaltzea lortu zuen. Ez zen gauza bera gertatu 1941eko apirilean. Italia berriz itzuli zen, baina Alemania boteretsua ekarri zuen berekin —eta Bulgaria, Mazedoniaren ekialdera—. Herrialde osoa hartu zuten atzerriko diktadurek. Metaxas hilda zegoen ordurako, eta naziek aldeko gobernu bat ezarri zuten, Metaxasen erregimeneko eta komunisten aurkako bertze sektore batzuekin.

Inbaditzaileek, ordea, Europa osoko erresistentzia mugimendu handi eta eraginkorrenetako bati aurre egin behar izan zioten; eta erresistentzia horretan, Metaxasen aroan ahuldutako komunistak izan ziren sektore politiko arrakastatsuena. ELAS Greziako Herria Askatzeko Armadan dozenaka milaka gerrillari elkartu ziren, eta 1944ko udaberrian, inbaditzaileak bidalitakoan, Grezia gehiena kontrolpean zuen. Gerra bukatu aitzinetik, ordea, elkarrekin borrokan hasi ziren ELAS eta bertze gerrilla nagusia, EOEA Gerrilla Greziarren Talde Nazionala. Bakoitzak gobernu alternatibo bat zuen —komunistek zuzendutakoa ELASek, Euritaniako mendietan (Grezia erdian); Mendebaldearen aldeko indarrek zuzendutakoa EOEAk, Kairon—.

Gerra zibila, Gerra Hotzean

II. Mundu Gerra bukatutakoan, erabateko gerra zibila hasi zen bi aldeen artean. Gerra Hotzeko lehenbiziko gatazkatzat jotzen da. Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministroak Grezia kosta ahala kosta Mendebaldearen esferan mantendu nahi zuen, eta Yaltako Konferentzian Josiv Stalin SESBeko buruzagiak hitzeman zion ez zuela Grezian esku hartuko. Horrela, indar eskuindarrek Erresuma Batuaren eta AEBen laguntza izan zuten, eta komunistek, berriz, nagusiki Jugoslaviarena. Ez zen nahikoa izan, eta ezkerrak erabateko porrota izan zuen. Hiru urtean 160.000 lagun inguru hil ziren.

Gerra zibilak zeharo markatu zuen Greziaren bidea. Alde batetik, errepresioaren eta sarraskien zauriek haustura sortu zuten —kopuruetan, bereziki galtzaileek pairatu zituzten gehienak—. Mendebaldearen irudiko sistema liberal-parlamentarioa ezarri zen, eta komunismoaren aurka legedi berezi bat egin zuten. KKE legez kanpo utzi zuten, baina horrek ez zuen alderdia desegin. KKEk EDA Ezker Demokratiko Batuari eman zion babesa; 1958an, EDAk bigarren indarra izatea lortu zuen, botoen %24rekin. KKEk bakarka lortutako emaitzarik onena 1981ekoa da, botoen %11rekin.

Gerra zibilak utzi zuen ezker-eskuin polarizazio sakon horren bigarren inflexio puntua 1967ko kolpeak eragin zuen. Ezegonkortasun politiko baten testuinguruan, espero zen Georgios Papandreu zentro-ezkerreko hautagaiak hauteskundeak irabaziko zituela, baina ez bakarrik gobernatzeko behar bertzeko aldearekin; eskuinak beldurra haizatu zuen, Papandreuk EDArekin, —hortaz, «komunistekin»— aliantza bat eginen zuela. Hori aitzakiatzat hartuta, armadak estatu kolpe bat eman, eta diktadura militarra ezarri zuen. Zazpi urteko errepresio aldia izan zen; kartzelak milaka preso politikorekin bete zituzten, eta tortura sistematikoa erabili zuten, etsai «anarko-komunistaren» aurka. Gaur egun, Metaxas eredu historiko bat da Egunsenti Urrekararentzat; 1967ko diktadura, historikoaz gain, eredu hurbila da —Nikos Mikhaloliakos alderdiko buruzagiak espetxean ezagutu zituen kolpistak—.

Diktadura 1974an erori zen, hainbat faktorek ahuldu zutelako. Urte horretan bertan legeztatu zuten KKE, eta sistema politiko berriaren oinarriak ezarri ziren, ND Demokrazia Berria alderdi eskuindarraren eta Pasok sozialdemokrataren botere txandaketan oinarrituta. KKE sendo integratu zen legearen barruan. Langile eta ikasle mugimenduetan eragin handia lortu zuen sindikatuen eta elkarteen bidez. Europako mendebaldeko alderdi komunista gehienen aldean, gainera, irmoago eutsi zien printzipio marxista-leninistei. 1974tik aitzinera borroka armatuari ekin zioten ezkerreko taldeak ere sortu ziren, ezagunena Azaroak 17 Erakunde Iraultzailea (2003an desegintzat jo zuen gobernuak), baina ez zaie loturarik ezagutu KKErekin.

2008an piztu zen krisialdi ekonomikoak bidea ireki zien ND baino eskuinerago eta Pasok baino ezkerrerago zeuden indarrei. Egunsenti Urrekarak, marjinalitatetik ateratzeko baliatu zuen, eta alternatiba faxista erreal bat bihurtu da. KKEk 2012an lortutako emaitza 1981z geroztiko onena izan zen, baina azken hiru urteotan, egoera aldatu da. Lehenbiziko aldiz, Greziako polarizazioaren ikurra ezkerrean KKE ez den bertze indar batek hartuko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna