Kalea irabazten jarraituko dute

«Harrotasuna». Hitza ezpainetatik kendu ezinik dabiltza Irungo alarde mistoko partaideak; aurten hogei urte betetzen dira estreinakoz hirian desfile parekidea antolatu zenetik. Giro zailean jaio ziren, eta arrastoa oraindik agerikoa da: udalarekin, esaterako, harremanik ez dute; azken bilera, 2003an.

Irungo alarde parekideko kideak, aste honetan egindako entsegu batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Irun
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Txilibitu hotsa bazter askotan atzeman daiteke egunotan Irunen (Gipuzkoa); larunbatean da jaietako ekitaldi nagusia —alardea; arma desfile bat, hirian jazotako bataila bat gogoratzen duena—, eta entseguetan eta prestaketa lanetan murgilduta daude herritar asko. Ederki baretu dira bazterrak garai batetik: izan ere, 1996an, andreek estreinakoz desfilean gizonen pareko partaidetza lortu nahi izan zutenean, hirian liskar larriak izan ziren aldarri horren aurka —aurrerago ondoko herrian berritu ziren, Hondarribian—, eta halako larritasunik ez da antzematen egun. Baina banatuta dago herria oraindik. Bi desfile izango dira aurten ere Irunen, eta, aurreko urteetako ildoari lotuta, pentsatzekoa da jendetsuena izango dela berriz ere soldadu gizonak bakarrik onartzen dituena: tradizionala deitua. Ezusterik ezean, horrexek bakarrik jasoko du, gainera, Irungo alkatearen olesa. Alarde parekidearen aldeko aldarriak bizirik dirau, ordea; aurten, lehen aldiz antolatu zela hogei urte betetzen dira, eta harro gogoratu nahi dute nor diren, nora doazen. Txaro Arribas izan zen, orain 22 urte, Irungo Udalera emakumeen aldarria eraman zuen andrea; irmo jarraitu du ordutik, lehen lerroan. «Oso pozik gaude honaino iritsi garelako; luzea izan da, eta gogorra. Baina momentu apartak ere egon dira, hunkigarriak. Ni oso harro nago egindako bideaz; oso harro nago, irauteaz, iristeaz».

Inma Landa da desfile parekideko jenerala. Espaloian egin zituen lehen urteak, alarde parekidearen alde zihardutenei babesa erakusten: irainak txaloekin tapatzeko ahaleginean. «Aldarrikatu nahi dugu lehen emakume haien borroka; haiei esker dugugure alardea. Oso hunkituta nago aurten; une oso nahigabetsuak oroitzea tokatzen ari zaigu. Oso ederra da, ordea, gazteak ikustea; bi alardeen aroan jaioak dira horietako asko, eta gurekin ateratzea hautatu dute. Hori pozarekin desfilatzen dutena! Eta ez dute lehenengo urteetako zama».

Hogeigarren urtemugaren harira, ospakizun ekitaldi ugari izan dituzte. Jendeak desfilean parte hartzeko aparteko deia ere egin dute, eta alarde jendetsua espero dute etzi. Entseguetan-eta itxura ona hartzen ari zaizkio. Landa: «Jendea oso hunkituta dago; harro gaude egin dugunaz». Iruditzen zaie, gainera, gero eta errazagoa dela gazte jendearentzat alarde parekidearen gaia ahotan hartzea. Hautua egin beharrak itaunen aurrean jartzen baititu, nerabetatik. Arribas: «Nik ez dut uste Euskal Herrian egongo denik beste herri bat zeinetan gazteek horrenbeste hitz egiten duten berdintasunaz». Elkarrizketa horiek oraindik ere ez daude gizartean behar bezala «artikulatuta», ordea. «Beste aldearekin hitz egiteko ate guztiak itxita daude oraindik», aitortu du Landak. «Maila pertsonalera mugatzen dira elkarrizketa asko».

Maiz agertzen da tabu hitza ere gaiaz mintzatzean. Pentsatzekoa da horretan zerikusia duela Irungo Udalaren jarrerak. Paradoxa dirudi —izan ere, lehenbiziko alarde parekidea Irungo Udalak antolatu zuen 1998an, Alberto Buen alkate zela (PSE-EE), emakumeen parte hartzearen aldeko sententzia batek behartuta—, baina desfile horren etenaldi baten ostean, babesa ukatu zion 2003an alkate berriak, Jose Antonio Santanok (PSE-EE). Hark jarraitzen du alkate, baina ez du gehiago harremanik izan jai mistoaren aldekoekin. Arribas: «Bilera bat ere ez: deus ez». Keinurik ere ez du egin. Kontraesana berritzen da urtero: Arartekoa eta Emakunde alarde mistoa txalotzera agertzen dira; udaletxeko balkoian, alkatea falta. PSEko eta EAJko zinegotziak ere ez dira egon izan orain arte bederen. Eta ez dute aldaketa handirik sumatu; hilaren 21ean, festa bat egin zuten Irunen desfile parekidearen urtemuga ospatzeko, eta hiriko talde politiko guztiak gonbidatu bazituzten ere, orain arte sostengua erakutsi izan dietenak bakarrik agertu ziren. Arribas: «Guk udalbatza guztia gonbidatu dugu: EH Bildukoek, Ahal Dugu-koek eta Ezker Anitzakoek erantzun digute». Berririk ez. Herenegun, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hizpide izan zuten gaia, eta EAJk, PSEk eta PPk uko egin zioten aldundiak alarde mistora ordezkaritza bidaltzeari.

Paretak apurtu ezinik

Hogeigarren urteurrenaren atariko mezuak Euskal Herri osoan zabaldu dira, eta manifestu bat ere plazaratu dute 500 emakumek baino gehiagok, jai parekideari atxikimendua erakusteko. «Kanpoko» babesa sentitzen dutela onartu du Landak, baina esan du konponbideak «barrura» begirakoa izan behar duela. Hortxe mamitzen da, berriro, kontraesana. «Izan ere, herri mailan konpondu ahal izateko gu ez gara aski: beste aldea ere behar da». Beste aldea; beste alardearen antolatzaileak dira, erakunde pribatu bat. Bada harremanik? «Ez. Harreman pertsonalak, bai; Irun, azken batean, herri bat da, eta harreman pertsonalak badira, familia barrukoak ere bai. Baina beste alardearen juntarekin ez dago inolako harremanik». Batere ez? Zorion mezurik ere ez da heldu aurten, hogei urteren ostean? «Keinu bakar bat ere ez». Horma horiek apurtzeko udalaren esku hartzea ezinbestekoa dela uste du alarde parekideko arduradunak. «Horrexek jarri beharko lituzke elkarrizketarako baliabideak».

Hain justu, erakunde horren jarrerari egozten diote, hein handian, auziaren iraupena: bi hamarkada pasatxokoa. Arribas: «Hemen ez gara beste herri batzuetan baino ergelagoak edo matxistagoak. Halako ikuskerak arbuiatu behar direla iruditzen zait... Baina zuztar sakonak dituen jaia da, eta udalaren eta politikarien lidergoa behar zen. Aldiz, haiek beste aldera begira jartzen direnean, oso zaila da. Eta, gainera, aintzat hartzen bada nolako estigmatizazioa jasan behar izan genuen lehen urteetan; hau guztia luzatzea ekarri zuen horrek, zailtzea». Izan ere, gotortuta daude hainbat uste eta iritzi. «'Gure alardeak ez du diskriminatzen', esaten didate oraindik. 'A bai? Beraz, zure ondoan joan naiteke, ezta?'. Eufemismo bat da beste alardea diskriminatzailea ez dela esatea; andreok ezin dugu parte hartu. Nola esaten zaio horri?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.