Isabel Alvarez Lopez. Mediku onkologoa

«Bularreko minbizia ez, baizik minbiziak daude; aurre egiteko era aldatu egiten da»

«Doitzen» ari dira bularreko minbizia tratatzeko irizpideak. Populazioa adinean gora doan heinean, kasuak ugaritzen ari dira, oraino zahardadera heldu gabeko andreetan usu. Alvarezek giltzarritzat du «ikerketa», jarduna hobetzeko.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Bularreko minbiziaren ikerketan espezializatutako ikertzaileak batzen ditu Geicam elkarteak. Topaketa bat egin dute egunotan Donostian. Solaskideen artean, Isabel Alvarez Lopez (1961, Zornotza, Bizkaia); Osakidetzako onkologoa da Donostiako ESI Erakunde Sanitario Integratuan, eta Geicam elkarteko sortzaile eta gidarietako bat. Datu bat nabarmendu dute, gaitzaren zabalkundeaz abisu emateko; egungo datuen arabera, zortzi andretik batek bularreko minbizia izango du noizbait. Adinean aurrera egin ahala, normalean. «60 urteren bueltan izaten dira kasu gehienak, baina gero ere jarraitu egiten dute». Gizonetan ere izaten dira kasuak, baina oso gutxi: ehunetik bat.

Minbizi gehienak bezala, adinarekin estu lotuta dago bularreko minbizia ere. Populazioa zahartzen ari den heinean, gaitza gero eta arazo larriagoa da?

Bai, eta egun dauden erronketako bat da nola tratatu behar diren minbizia duten pertsona oso edadekoak. 70 urteren bueltako pertsona bat ez dugu zahartzat hartzen. Baina adin batetik gora edadearekin lotutako beste patologia batzuk ere agertzen dira sarri askotan, eta onkologiaren barruan azpitaldeak sortzen ari dira paziente adintsu horien premiei erantzuteko: onkogeriatria da.

Zahartzearekin lotuta dago gaitza. Diagnosi gehienak oraino «gazteak» diren andreei egiten zaizkiela nabarmendu duzue, ordea. Ez da paradoxa bat?

Oro har, 35 urtetik gora hasten dira kasuak agertzen; izaten dira bakanen batzuk aurretik ere, baina salbuespenak izaten dira. Intzidentziak gora egiten du hortik aurrera; 60 urteren bueltan jotzen du goia. Gaitza atzemateko baheketak horregatik hasten dira 50 urterekin, edade horretan hasten direlako kasurik gehienak.

Adinarekin arriskua handitu egiten da. Hala ere, urtetsuenei ez zaizkie egiten baheketak; gazteenak ere at geratzen dira...

50-70 urte artean egiten ditugu guk probak. Lehenago hasi beharko lirateke? Baloratu beharko lirateke horrek dakartzan onurak eta arriskuak. Denbora gehiagoan egin beharko lirateke? Baloratu egin beharko litzateke hori ere. Optimizatu egin behar da, arrisku faktoreak-eta aintzat hartuta betiere. Horretarako, ikasi egin behar dugu, eta ikerketa ezinbestekoa da hor. Gauzak ezin ditugu egin orain dela berrogei urteko eran. Dena aldatzen ari da.

Pazienteen ezaugarriak ere bai, ezta? Bizimodu aski aktiboa dutela harrapatzen ditu andre asko.

Hain justu, mundua aldatu egin da. Orain, diagnosia egiten diegun emakume asko lanean ari dira. Garai batean ere lan egiten zuten, baina etxean, etxekoandre, ordainean dirurik jaso gabe. Gaur egun, erretiroa hartu aurreko urteetan heltzen dira diagnosi asko, edo ja erretiroa hartuta, baina oso bizimodu aktiboekin.

Bularreko minbiziaz jardun beharrean, bularreko minbiziez ari zarete orain. Zer dela eta?

Bai, bularreko minbiziak daude; tratamendua eta gaitzari aurre egiteko era aldatu egiten dira. Betiere, oso garrantzitsua da diziplina anitzeko ikuskera. Lantalde batek jardun behar du beti, era koordinatuan, eta denok mintzaira bera erabili behar dugu. Onkologoak, zirujauak, erradioterapeutak, diagnosia egiten duen patologoa... Astero elkartzen gara gu, esate baterako, eta dena berrikusten dugu. Diziplina anitzeko taldeak behar dira eguneroko praktikarako, eta ikerketan aurrera egiteko ere bai.

Sendatzen al da gaitza?

Fase lokalizatuan diagnostikatzen bada, proportzio handi batean sendatu egiten da bularreko minbizia. Baina pazienteak jakin behar du berriz eritzeko arriskua dagoela. Adi egon behar da beti; apur bat, baina adi. Arrisku hori badago; gehienak ez dira berriz eritzen, baina arriskua hor dago. Bularrak, gainera, bi dira, eta horrek arriskua handitzen du. Horrek ez du esan nahi bularrak erauzi behar direnik eta horrelakorik; horrek ez dakar deus berririk. Hor oso garrantzitsua da pazientearekin komunikatzea, pazientea eroso sentitzea, eta behar dituen galderak egitea, jori. Ez dakit beti asmatzen dugun, baina ahalegintzen gara. Eta pazienteak sentitu behar du galdera bat duenean guregana jo dezakeela, eta, esaterako, dagokion kontrola baino lehen deus ezohikoa antzematen badu, baduela nora jo.

Ehuneko zenbat osatzen dira?

Lokalizatua denean, kasuen %80 osatu egiten dira. %20, ordea, berriz eritzen dira, eta gaixotasun aurreratua izaten dute horiek. Hori bai, berriz eritzeko arriskua ez da berdina denontzat. Hasierako egoerari begiratu behar zaio, tumorearen ezaugarri biologikoei... Eta gaur egun guk esan diezaiokegu paziente bati, gutxi asko, zer arrisku duen berriz eritzeko; %5ekoa den, edo %30ekoa. Bada jendea pronostiko hobea duena, eta beste batzuek arrisku oso handia dute berriz eritzeko; hor eragin nahi dugu bereziki. Arrisku txikia duten horiekin, berriz, helburua da tratamenduak ahalik eta gehien minimizatzea. Oreka bilatu behar da.

Erronkak bi alde ditu, beraz. Gaitza ja aurreratua dutenen arta eta iraupena hobetzea eta gainerakoen tratamenduak arinduz joatea?

Bai, hori da. Egia da bularreko minbiziak, fase aurreratuan, hilkortasun arazo bat dakarrela, eta hor lanean jarraitu behar da. Lokalizatuak direnetan, helburuetako bat da, baita ere, tratamendua; kontua da behar dena baino gehiago ez ematea, baina gutxiago ere ez. Bakoitzari berea. Tratamenduek ahalik eta eraginkorrenak izan behar dute, eta ahalik eta tratamendu doiena jarri behar diogu paziente bakoitzari. Arlo horretan asko aurreratu dugu, baina asko dago egiteko oraindik ere. Zenbaitetan, jendea eritu egiten da hala ere; beraz, paziente horiek tratamendu gehiago beharko lukete; baina bada jendea gutxiago ere beharko lukeena. Tratamenduetan mailak igo eta jaitsi egin behar direla esaten dugu, baina, hori egiteko, ikerketa ezinbestekoa da. Proiektu on bat egin behar da, datuak jaso behar dira, aztertu, eta, era horretan, galderei erantzun. Jakina, hori ondo egin behar da.

Izurriak zer arrasto utzi du? Baheketetan atzerapenak-eta izan dira. Zer ondorio izan du horrek?

Egongo dira apika apur bat aurreratuago helduko diren kasuak, baina, baheketetan, oro har, kasu asintomatikoak atzematen dira, hastapenetan daudenak. Hala ere, jada sintomaren bat zutenei emandako arta ez zen geratu. Kirurgiak ez ziren geratu, kimioterapia ere ez. Tratamendua ematen jarraitu genuen. Egia da pazienteek bakarrik egon behar izan zutela batzuetan erietxean: oso gogorra izan da hori, baina tratamenduak ez ziren geratu. Zaila izan da, baina, kontsultetan-eta, adibidez, beste hainbat arlotan ez bezala, guk era ematen genien pazienteei lagunduta sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.