Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Ekotopaketak: egiturazko makur bat zuzentzeko

Kapitalismoaren dinamikaren ondorio ekologiko eta ekonomikoak elkarrekin aztertu dituzte Ekotopaketen bigarren eguneko goizeko mahai inguruan.
Atzo goizean antolatutako bi mahai inguruetako bat.
Atzo goizean antolatutako bi mahai inguruetako bat. MONIKA DEL VALLE/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko urriak 2 - Portugalete

Zazpigarren solairutik jauzi egin du pertsona batek, eta erori ahala esaldi bakarra errepikatzen dio bere buruari behin eta berriz. Badoa erortzen seigarren solairuaren parean, eta dio: «Orain arte dena ongi doa». Bosgarren solairu parean: «Orain arte dena ongi doa». Hirugarrenean: «Orain arte dena ongi doa». Eta horrela, azkenean, bere burua konbentzitzen duen arte arazoa ez dela zazpigarren solairutik egindako jauzia, baizik eta lur hartzea. La Haine filmetik hartutako pasadizo hori baliatu zuen atzo Andrea Bartolo AZET etxebizitza sindikatuko kideak, Portugaleteko Sastraka gaztetxean (Bizkaia), klima larrialdiaren ondorioz egun bizi dugun egoera deskribatzeko. Haren hitzetan, maiz, koiunturaltzat aurkeztu ohi diren arazoak benetan egiturazko arazo baten agerpenak direlako. «Krisi ekologikoak zibilizazio krisi bat ekartzen du. Benetan kolapsatzen ari dena zibilizazio kapitalista da; horixe daukagu aurrean».

Egunotan antolatzen ari diren Ekotopaketetako goizeko bi mahai inguruetako batean aritu zen Bartolo hizketan —Bizitzaren garestitzea: jatorria eta ondorioak izenburukoan, zehazki—, eta harekin egon ziren Etxaldeko Emakumeak taldeko Gotzone Sestorain, Argilan-ESK plataformako Iñigo Antepara, Ernaiko Ainhoa Bueno eta Asier Pradera Bilboko Kontseilu Sozialistako kidea. Aurrean aretoa bete jende zutela hitz egin zuten guztiek. Izan ziren ñabardura esanguratsu batzuk haien diskurtsoen artean, baina gutxi-asko guztiek egin zuten bat klima larrialdiaren izaera estruktural horri buruzko irakurketarekin.

«Niri ez zait gustatzen kolapso hitza erabiltzea», onartu zuen Anteparak. «Pobrezia energetikoa da nik lantzen dudan gauzetako bat, eta elektrizitatearen garestitzea aspalditik dator, baina guk kolapso hitza erabiltzen badugu, ematen du orain arte gauzak ondo joan direla, eta ez da egia. Orain, kontua da gero eta jende gehiago dagoela faktura ordaindu eta etxea berotu ezin duena».

Bartoloren hitzetan zuhaitz bereko adarrak baino ez dira krisi ekonomikoa, joera inperialistak eta krisi ekologikoa. Horri nola erantzungo zaion da gakoa, haren hitzetan, eta bi norabide daudela dio berak. «Italian ikusi dugun faxismoaren gorakada; hori da kapitalaren destinoa, bi bide bakarrik har ditzake bidegurutze honek: edo faxismoa edo iraultza».

Lotuta deskribatu zituen krisi guztiak Buenok ere, eta egiturazko makur bera deskribatu zuen bizitzaren garestitzearen eta pobretze orokortuaren atzean. «Ez da egun batetik bestera agertzen zaigun gertakari bat, baizik eta dinamika oso baten ondorio bat». Haren hitzetan, gobernu eta erakundeek ez dute proposamenik «fase historiko honi modu antolatu eta egituratu batean aurre egiteko», ez eta horretarako borondaterik ere.

Eredu kapitalista atzean utzi, eta eredu ekosozialista eta feminista batera pasatzeko beharra nabarmendu zuen horregatik. «Ezin dugu utzi garai historiko hau merkatu kapitalistak gida dezan, eta herriaren beharren mesedetan arituko den proiektu bat garatu behar dugu, bizitzak erdigunean kokatuko dituena». Eta ekologismoa zehar lerro izan dadin ere defendatu zuen Buenok. «Hau ezin da izan soilik mugimendu ekologistari dagokion motxila bat: herri mugimendu osoak hartu behar du propiotzat borroka hau».

Trantsizioaren «amua»

Trantsizio ekologikoaren ideiarekin kritiko azaldu zen Pradera. Haren hitzetan, orain arteko errentagarritasun tarteari eusteko bakarrik baitabiltza gobernu eta enpresak bandera hori astintzen. «Kontu handia izan behar dugu amu hori irenstearekin».

Atzo gogoratu zuenez, 2005. eta 2006. urteen inguruan heldu zen petrolioa erauzpen puntu gorenera, eta, agortze horri aurre hartzeko, bestelako energia iturri errentagarriagoen bila hasi ziren energia enpresak orduan. «Jokaldiaren helburua irabazi pribatuak metatzea da, baina klima larrialdiaren mozorropean ari dira hori aurrera eramaten, horretarako baldintza kulturalak prestatuta dauden momentu batean. Horrek ez du esan nahi krisi ekologikoa existitzen ez denik, hainbat faktore daude hori erakusten dutenak, baina trantsizio ekologikoa burgesiaren eskuetan dagoen bitartean, sekula ez da izango kontzientzia ekologiko baten ondoriozkoa, baizik eta errentagarritasun maila handitzeko egindakoa».

Sistema errotik eraldatzeko programa batekin batera heldu ezean, horregatik, Bilboko Kontseilu Sozialistako kidea mesfidati azaldu zen desazkundearekin zein kontsumo arduratsurako deiekin ere. «Burgesiaren eredu produktiboa da arazoaren muina, ez langile klasearen kontsumo eredua».

Nekazaria da Sestorain, eta elikadura sistema izan zuen nagusiki mintzagai atzo. Aukera bakarra aipatu zuen irtenbidetzat: «Elikadura burujabetza da eraldaketarako dagoen bide bakarra».

Orain arte indarrean izan den ekoizpen eredua kritikatu zuen lehenik. «Erregai fosilak mugatuak dira, ura ere mugatua da, lur emankorra ere mugatua da. Baina azken 70 urteetan nekazaritza eta abeltzaintza ereduak funtzionatu du errekurtsoak sekula bukatuko ez balira bezala, eta beti merkeak izango balira bezala, eta gu gure larruan ikusten ari gara hori ez dela horrela, eta dugun sistema honen oinarriak lokatzezkoak direla».

Burujabetzarako bidea landu ezean, desagerpenaren kinkan deskribatu zituen Euskal Herriko nekazari eta abeltzainak Sestorainek. «Esplotazioak hasten badira erortzen, kapitala hor zain dago lur horiek erosteko, eta hor esklabotza etorriko da. Garai oso delikatuan gaude».

2006an kokatu zuen gainbeheraren hasiera. Europako Batasunak orduan liberalizatu baitzuen zerealaren merkatua, eta espekulazioari bide eman zion horrek, Sestorainen hitzetan. «Arazo estrukturala denez, soluzio estrukturalak eman behar zaizkio. Eta lehenengo egin behar den gauza da merkatuetan esku hartzea, atzera egitea eta hastea merkatuak mugatzen».

Kaosa ordenatu beharra

Sestorainek «posible» ikusten du elikadura burujabetza. «Euskal Herria marko ikaragarri egokia da. Itsasoa dago, lurra dago eta klima asko ere baditugu. Horrek dibertsitate handia eskaintzen du, baina eskatzen du tokiko beharretara egokitu beharra».

Nafarroako datu bat jarri du horren adibidetzat. «Herritar baino txerri gehiago hazten da Nafarroan, baina esportaziorako bideratzen da parterik handiena. Eta gauza bera gertatzen da hegazti haztegiekin. Gure errekurtsoak erabiltzen ari gara, baina ez gure beharrak asetzeko, baizik eta hara eta hona eramateko. Horretaz kontzientzia hartu beharra dugu, eta desordena kaotiko hau pixka bat ordenatuko duten politika publikoak behar ditugu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk bandera moreak astintzen, Bulebarrean. ©JON URBE / FOKU

Ozen berriz: «Aski da!»

A. Iraola - I. Orzaiz - M. Asensio Lozano

Mugimendu feministak kaleak bete ditu bortxa matxistaren aurkako mezuekin. Justizia «feminista» aldarrikatu dute. Instituzioen elkarretaratzeak ere izan dira

Ikastetxe bateko korridorea eta ikasgela, artxiboko irudi batean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Hezkuntza Legeari eginiko ekarriak, murgiltzetik «laikotasun positibora»

Irati Urdalleta Lete

35 eragilek eta norbanakok egin dizkiote zuzenketak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroari; euskarak eduki beharreko garrantzia da ardatzetako bat

<b>Txapa.</b> 'Ahobizi' txapa andre baten paparrean (artxiboko irudia). ©J.U. / FOKU

Euskarak, maitale asko eta etsai gutxi

Irati Urdalleta Lete

Nolako jarrera dute euskal herritarrek euskararen inguruan? EHUko NIK ikerketa taldearen esanetan, jarrerak onak dira orokorrean, baina badaude ahulguneak: zenbaitek mundu tradizionalarekin lotzen du oraindik ere euskara; ez, ordea, gai espezifikoekin edo lagunartean erabiltzearekin.
Grebalariek astelehnean egindako protesta, Basaurin. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.