VILLAREJO ETA BBVA

Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
BBVAren eta Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren espioitza sarea lotu dituzten informazioak kaleratu dira azkenaldian.

Zer leporatzen diote BBVAri?

El Confidencial eta Moncloa.com agerkari digitalek urtarrilean kaleratutakoaren arabera, Francisco Gonzalez BBVAko aurreko presidenteak (2000-2018) Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren Cenyt agentzia kontratatu zuen 2004. urtean, legez kanpoko entzuketak egiteko Espainiako orduko gobernu sozialistako kideei, eta enpresaburu eta kazetari batzuei. Uste denez, milioi erdi euro jaso zituen Cenytek espioitza horregatik. Ordainketak izan zirela onartu du bankuak, baina ez, oraingoz, legez kanpoko ekintzetarako zenik. Gonzalezen —FG ezizenez ezaguna— eta Villarejoren arteko lotura Julio Corrochano izango litzateke, BBVAko segurtasun burua, iazko apirilean erretiratua. Grabaketa batzuetan, Corrochano entzun daiteke Villarejorekin hizketan, FGren aurkarien kontrako informazioak eskatzen.

Zergatik nahi zituen espiatu?

Garai horretan, Sacyr eraikuntza enpresak BBVAren kontrola hartu nahi zuen, eta Gonzalez kargutik bota. Urte horietan, gorakada betean, kutxak diruz beteak zituzten Espainiako eraikuntza enpresek, eta beste sektore batzuetan inbertsio handiak egin zituzten. Florentino Perezen ACSk Iberdrolaren %20 erosi zuen, Accionak Endesaren %25, eta Sacyrrek BBVAren %5. Bankuaren kapitala oso sakabanatuta dagoenez, Sacyrreko burua, Luis del Rivero, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren babesa lortzen saiatu zen Gonzalez BBVAtik botatzeko. Atzo, bankuaren batzarrean, Riverok ukatu egin zuen operazio politiko bat zela eta PSOEk babestutakoa zela.

Zer interes izan zezakeen PSOEk Gonzalez botatzeko?

Jose Maria Aznarren gertukoa zen Francisco Gonzalez. Aznarrek izendatu zuen Argentaria banku publikoko buru, eta hura pribatizatu eta BBV Banco Bilbao Vizcayarekin elkartzeko operazioa bideratu zuen ondoren. Argentaria batasun horretako kide txikiena zen arren, Gonzalezen taldeak bankuaren erabateko kontrola lortu zuen 2001ean, zabaldu zenean BBVko buruzagiek dirua zutela Jersey uharteko kontu ezkutuetan. Afera horrengatik aurkeztu zuten dimisioa Emilio Ibarra BBVAko beste presidenteak eta Bizkaiko bankutik iritsitako beste burukideek. Funtsean, orduan utzi zioten Neguriko familiek BBVA kontrolatzeari. Madrilen bildu zen boterea, eta, urratsez urrats, BBVAren erabakigune guztiak Bilbotik Madrilera joan ziren. Izena eta urteroko batzarra dira BBVAren bizkaitartasunaren azken ikurrak.

Zergatik Villarejo?

Hainbat urtez politikak eta enpresaburuak espiatzeko legez kanpoko sare bat osatu zuen Villarejok. Estortsioa eta xantaia ere leporatzen diote. Uste denez, Espainiako Barne Ministerioak ere erabili zituen Villarejoren zerbitzuak, Kataluniako buruzagi independentistak zikintzeko arrastoen bila. Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku dago Villarejoren nondik norakoen ikerketa. Maiatzean zabaldu zuen BBVAri dagokion atala.

Zergatik aipatzen dute Windsor hotelaren sutea?

Beste operazio batzuen artean, Auzitegi Nazionala ikertzen ari da zer lotura duen Villarejok Madrilgo Windsor dorrea txikitu zuen sutearekin—2005eko otsailean—. Bertsio ofizialak dio gaizki itzalitako zigarrokin batek piztu zuela sua, baina, hedabide batzuek ziurtatu dutenez, komisario ohiaren taldeak eragin zuen, FG iruzur kasu batean nahas zezaketen agiriak desagerrarazteko. Erretako bulegoen artean zegoen Deloitte aholkularitza etxearena, eta hark bazuen informazioa FG Valores burtsako artekaritza enpresa Merrill Lynch AEBetako bankuaren esku uzteko operazioari buruz. Salmenta horrek aberastu egin zuen Gonzalez, baina ustelkeriaren aurkako fiskaltzak ikertu egin zuen, kontabilitatean zenbait iruzur agertu zirelako. Windsor dorrearen sutetik lau egunera, Sacyrrek amore eman zuen.

Zer jakin nahi zuen FGk?

Salaketen arabera, BBVAtik kanporatzeko operazioaren xehetasunak jakin nahi zituen, konspiratzaileei aurrea hartzeko. Uler daiteke etekina atera ziola jasotako informazioari, Gonzalez gai izan baitzen Sacyrren mugimenduei aurre egiteko, eta operazioa trabatzeko. Beste hamalau urte egin zituen FGk BBVAko buruzagitzan, 2018ko abenduan Carlos Torresek ordezkatu zuen arte. Bankuko ohorezko lehendakaritza eta bankuaren fundazioko buruzagitza jaso zituen Gonzalezek erretiroan. Herenegun arratsaldean, bi kargu horiek aldi baterako utziko zituela iragarri zuen, BBVAri kalte ez egiteko. Edonola ere, akusazioak bere aurkako kanpaina mediatiko eta politiko baten ondorio direla aldarrikatu zuen, eta ziurtatu zuen berak ez zuela inor espiatzea agindu.

Beste kasurik?

Bai. Berez, Sacyrren operazioa ez zen FG-Villarejo harremanari buruzko lehen notizia. Iazko maiatzean, Público egunkariak kaleratu zuen bankuak komisario ohia kontratatu zuela Ausbanc elkartea espiatzeko. Espainiako Auzitegi Nazionala afera hori ikertzen ari da, Ausbanceko buruzagien aurkako ikerketaren barruan. Bere burua bankuen erabiltzaileen babesle gisa aurkeztu zuen Ausbancek, baina 2016an Luis Pineda elkarteko burua atxilotu zuten, bankuei xantaia egiteaz akusatuta. Auziaren epaiketa artean ez da egin, baina Pineda eta beste hamar lagun akusatuta daude.

Zer ari da egiten BBVA?

Barne ikerketa batzuk iragarri ditu. Ekainean zabaldu zuen lehenengoa, artean Gonzalez presidente zela. Haren buru bere gertuko bat jarri zuen BBVAko presidenteak, Joaquin Gortari haren kabineteburua. Urtarrilean, eskandalua jendaurrean ezagutu zenean, Carlos Torresek PwC aholkularitza enpresa eta Uria y Menendez, eta Garrigues abokatu taldeak kontratatu zituen, beste ikerketa zabalago bat egiteko. Oraingoz, esan dute ez dutela irregulartasunik aurkitu. Torresek, hori bai, onartu du Villarejoren Cenyt agentzia kontratatu zuela BBVAk.

Aferak ba al du loturarik Gonzalezen agurrarekin?

Agian bai. Duela urtebeteko batzarrean iragarri zuen Gonzalezek BBVAren presidentetza utziko zuela, jada 75 urte zituelako, eta ez zuelako nahi —edo ezin zuelako— erretiro adina hirugarren aldiz luzatu. Asmoa zen 2019ko batzarraren atarian uztea kargua, baina hilabete batzuk aurreratu zuen, 2018ko abenduaren 31rako, eta azalpen handirik gabe joan zen. Patrika ongi berotuta joan ere: urtero bost milioitik gora jaso ditu soldatetan eta beste sarietan, eta 80 milioi euroren pentsio planarekin hartu du erretiroa. Dirutza hori justifikaezina dela uste dute askok, batez ere ikusita FGren agintaldia gazi-gozoa izan dela BBVArentzat. Banku sendoa da egun BBVA, mundura zabaldua, baina ongi irten diren operazioez gain(Mexiko, Argentina), izan dira gaizki ateratakoak (Txina) eta zalantzazkoak ere (Turkia). Bankuak digitalizazioaren alde egindako apustu handiaren emaitzak ez dira ageri oraindik: burtsan Santander lehiakidearen erdia balio du orain BBVAk, nahiz eta FGk hartu zuenean baliotsuagoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.