«Inork ez du kalean saldu nahi»

Kaleko saltzaileak ohikoak bihurtu dira Euskal Herriko kaleetan. Beren lan baldintzak hobetzeko sindikatua sortu zuten Bartzelonan iaz, eta Bilbon halako bat sortzeko lehen urratsak egiten ari dira.

Bilboko Zazpikaleetan, kaleko saltzaileak lanean. SOS ARRAZAKERIA.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Larunbata da; Zazpikaleak borborka daude. Jendea gora eta behera dabil, pasieran, poteoan, erosketetan... Eromenezko joan-etorrien erdian, hainbat izara daude lurrean zabalduta. Haien gainean, era guztietako produktuak: CDak, eguzkitako betaurrekoak, pelikulak, poltsak... Eta bat-batean, hots bat. Konturatzerako, izaren jabeek, produktuak zaku batean bezala bildu eta sorbaldan hartuta, ospa egin dute ziztu bizian. Polizia agertu da, baina inor ez da harritu. Mukurubetetako kaleetan ezer gertatu ez dela dirudi. Handik ordu erdira, berriz agertu dira izara ibiltariak. Herritarrak ez dira ohartu ere egin, baina izara batean bilduta daramate bizia kaleko saltzaileek.

Korrika atera diren horietako bat izan liteke Pape (Senegal). Zortzi urte daramatza Bilbon. Hala ere, oraindik ez du paperik lortu, eta, beste hamaika etorkinek bezala, horiek lortzeko esperantza ere galdua du aspaldian. Eta kexu da: «Pertsonak gara, eta, paperik gabe, ez dugu inolako eskubiderik».

Paperak lortzea, Papek dioenez, Olinpora heltzeko Herkulesek bete beharreko proben pare egon liteke: hiru urte eman behar dituzte erroldatuta lan merkatura sartu ahal izateko, eta, hori lortutakoan, urte beteko kontratua lortu. «Gurpil zoro bat da, hiru urte horietan ezin dugu lanik egin. Beraz, zer beste aukera dugu kalean saltzea baino? Gainera,mozal legearekin eta kaleko salmentaren kriminalizazioarekin, isunez josita gaude, eta, aurrekari penalak izanda, ezinezkoa da paperak lortzea». Alokairua, janaria... ezer ez da doan. «Nola lortuko dugu dirua bestela? Lapurtzen? Droga saltzen? Gu ez gaude prest hori egiteko. Inork ez du kalean egun osoa eman nahi, baina ez dugu beste erremediorik», arbuiatu du.

Horregatik ikusten du antolatzeko beharra. Bartzelonan sortua dute kaleko saltzaileen sindikatua, eta Pape haien urratsei jarraitzeko prest ageri da. Legearen oztopoen gainetik, eguneroko bizimodu latza hobetzeko modu bat ere izan daitekeela uste du.

Kalean ematen du eguna Papek, bere herrikideekin batera. Azaldu duenez, egunero-egunero ibiltzen dira kalean gora eta behera, izara sorbaldan hartuta, bizirik irauteko behar adina diru lortzeko esperantzarekin. Toki apropos bat aurkitzean, izarak zabaldu, eta erositako produktuak jartzen dituzte gainean. «Ez da lan makala, Polizia edozein unetan ager daiteke; beraz, erne ibili behar gara beti». Bi aukera dituzte: gutxi irabazi edo dena galdu. Izan ere, batzuetan ez dute ezer saltzen, eta beste batzuetan Poliziak harrapatzen ditu, eta salgai guztiak kentzen dizkie.

Momentu latz horietan, ordea, ez daude bakarrik. Oso komunitate sendoa osatzen dutela dio: «Norbaiti zerbait falta bazaio, edozer, utzi egiten diogu». Poliziarekin kexu da, haien eskutik , «oso tratu txarra» jasotzen dutelako. «Ulertezina da guretzat; ez gara lapurrak, ezta droga saltzaileak ere; bizitzeko diru pixka bat atera nahi dugu, besterik ez».

Itzulerarik gabeko bidaia

Hamaika istorio eta pasadizo daude kaleko saltzaile horien atzean. Urteak ematen dituzte bizimodu hobe baten bila bidaiatzen, eta, oztopoz beteriko bidea gainditu ondoren, trabak besterik ez dituzte izaten helmugara iristean: hizkuntza bera, etxebizitza topatu arteko gurutze bidea.... Pape Dakartik (Senegal) abiatu zen. Handik Mauritaniara, eta Mauritaniatik Marokora egin zuen. Marokora heltzerako, baina, dirurik gabe zegoen. Hiru urte igaro zituen han lanean, eta, muga zeharkatzeko behar adina diru eskuratu ostean, Algeciraseraino (Espainia) heldu zen. Zortea izan zuen, ordea, eta hango CIE atzerritarrentzako zentro itxian egon ostean, libre utzi zuten. Orduan, Sevillara joan zen (Espainia), gero Valentziara (Herrialde Katalanak) eta, azkenik, Bilbora.

«Heldu bezain laster galdetu nion neure buruari: 'Zer egiten dut nik hemen?'. Lagun batekin saltzera joan nintzen lehen egunean, mundua jauzi zitzaidan gainera... Ni ez nintzen hain txarto bizi, negozio bat neukan. Orain, ez dut ezer», dio, damututa. Baina berandu da jada. Jaioterritik irten orduko, dituzten ondasun guztiak saltzen dituzte. Itzulerarik gabeko bidaia da.

Eskubideak lortzeko bidean

Bizi duten egoera ikusarazteko, jasaten duten poliza jazarpena salatzeko eta pairatzen duten arrazismoari aurre egiteko erabaki dute sindikatu bat sortzea. Bartzelonako esperientzia dute ipar. Orain dela urtebete sortu zuten Bartzelonako Kaleko Saltzaileen Herri Sindikatua. Udalak hainbat enplegu plan egin zituen, baina ez ziren aski izan kaleko saltzaile guztientzat. Maria Jose Lecha (Bartzelona, 1957) Bartzelonako CUPeko udal taldeko presidenteak adierazi duenez, «enplegu plan gehienak prestakuntza saioak baino ez ziren, eta, gaiari buruz eztabaidatzen ari ginen bitartean, saltzaileak izugarrizko jazarpena jasaten ari ziren». Sindikatuak, legezko ordezkaritza sortzeaz harago, gizartearen errekonozimendua lortu nahi du, arrazismoaren eta jazarpenaren aurka, migratu duten pertsonak batu eta haien eskubideak defendatzeko.

Haien azken asmakuntza, Top Manta marka sortzea izan da. Bi helburu dituzte: batetik, langileak esplotatzen dituzten markak saltzeari uztea, eta, bestetik, herritarrek mafiekin eta legez kontrako elkarteekin ez lotzea. «Marka hau etikoa eta solidarioa da, eta arrazakeriaren eta bazterketaren kontra borrokatzea du helburu». Era kolektiboan lan eginez, ekonomia sozial eta solidarioa indartzea espero dute sindikatuko kideek. Lecharen ustez, esperientzia horrek garrantziitzela du, beren eskubideen alde borrokatzeko antolatu eta «klase kontzientzia» barneratu dutelako.

Batasuna da sindikatuaren oinarri, eta, beren jarduera zabaltzeko, hainbat hitzaldi egin dituzte azken urtean; besteak beste, Bilbon. Top Manta marka hedatzeko asmoa dutela ere iragarri dute. Sindikatuaren barruan ogibide anitzeko jendea dago, eta gai dira gauza asko egiteko. Lechak aurreratu duenez, beren hurrengo proiektuetako bat izango da umeentzako sortuko duten liburu sorta bat. Horren bidez, kaleko saltzaileen egoera eta kulturaren berri eman nahi dute; txikitatik egon daitezkeen aurreiritziei aurre egiteko.

Itxaropentsu mintzo da Pape. Bera bezalako saltzaileentzat eredu bilakatu baita Bartzelonako egitasmoa. «Beren eskubideak defendatzeko antolatu dira. Ez dute paperik, ezta lanik ere, etahelburu bakarra dute: bizimodu duin bat izatea. Han antolatzen ari badira, zergatik hemen ez?». Kalean saltzen egotea baino zerbait gehiago nahi dutela dio. Mbolo Moy Doole Bilboko kaleko saltzaileen plataformak indar egingo du Bartzelonako esperientzia Bizkaian txertatzeko. «Gazte saltzaile asko dago beste hainbat tokitan: Sestao, Barakaldo, Basauri... Prest gaudenean, sindikatua Bizkaia osora hedatuko dugu». Kooperatiba bat eratzea da buruan duten ideietako bat, Mugarik Gabeko Ekonomialarien laguntzarekin. «Nahi bada, lor daiteke».

Horretarako, beste hainbat elkarte eta erakunderen artean, SOS Arrazakeria izan dute beti alboan. Elena Bezanilla (Bilbo, 1961) elkarteko kideak gaur egungo erakunde «arrazistari» atxikitzen dio kaleko saltzaileen egoera latza: «Jendeak kalean saldu behar izatea, izugarrizko poliziajazarpena jasoz eta hamaika oztopori aurre eginez, sistema arrazista baten sintoma da». Atzerritarrei buruzko legeek eta udal ordenantzek eskubideak kentzen dizkietela uste du. «Poliziak jipoitu egiten dituzte, baina, duten legez kanpoko egoeragatik, ezin dute salaketarik jarri».

Dendariak, larrituta

Hala ere, bada kaleko salmentaren ondorioz kalteak pairatzen dituen sektore handi bat: dendariak. Gero eta kezkatuago daudela azaldu du Pedro Campok, Cecobiko zuzendariak. «Guk lokalen alokairua eta zergak ordaintzen ditugu, eta ez dugu ulertzen nola baimentzen den saltzaile horiek kalean egotea zalantzazko jatorria duten produktuak saltzen». Legez kontrakoa dela dio. «Bizikidetza eta ekintza ekonomikorako legeak daude, eta denok bete behar ditugu». Etaerakartze efektuaren beldur direla gehitu du. «Ez dago jende horren gaineko inolako kontrolik. Anekdota gisa hasi zen CDekin,eta egun denetarik saltzen dute. Gure negozioei kalte handia egiten diete». Alta, kontsumitzaileari dei egiten diote,«legez kontrako konpetentziaz» jabetzera.

Lechak ez du hain argi ikusten. «Dendari txikiei min handiagoa egiten diete Inditex eta antzeko multinazionalek, kaleko saltzaileek baino». Horregatik, Bartzelonako Herri Sindikatuak elkartasuna adierazi die dendariei. «Arazoa sistema da; kaleko saltzaileak, dendariak bezala, kaltetuak baino ez dira».

Papek azaldu du, bestalde, erosten dituzten produktuak edonork eros ditzakeela: «Legea betez erosten dizkiogu multinazional handiei, eta horiek ez ditu inork salatzen. Ez diegu merkatariei konpetentziarik egin nahi; lan egin nahi dugu, eta kaletik irten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.