Astelehenetan ligako partidarik ez dela jokatuko ebatzi du epaileak

Ostiral, larunbat eta igandez jokatu beharko dira. Lehen Maila hurrengo ostiralean hasiko da, Athletic-Bartzelona partidarekin (21:00)

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenetan ez da liga partidarik izango; ostiraletan, berriz, bai. Andres Sanchez Magro merkataritza arloko Madrilgo bigarren epaitegiko epaileak Salomonen erabakia hartu zuen atzo Futbol Liga Profesionala (LFP) eta Espainiako Futbol Federazioaren arteko auzia konpontzeko. Horrenbestez, Lehen Mailako sasoia heldu den ostiralean hasiko da, San Mamesen (21:00), Athletic eta Bartzelonaren arteko partidarekin. Eibarrek, berriz, larunbatean jokatuko du Mallorcaren etxean (20:00). Hasiera batean partida hori astelehenean zen jokatzekoa.

Epailearen ebazpena gertuago da federazioaren eskaeretatik. Hark ostiral eta astelehenetan ez jokatzeko eskatzen zuen, egutegiaren mugak ezartzea berari zegokiola argudiatuz. Epaileak ez du debekatu ostiralean jokatzea, baina baldintza gogorra ezarri dio ligari egun horretan jokatu nahi badu: hamabost milioi euroko bermea. Federazioaren jarduna oztopatu izanak sor ditzakeen balizko kalteei aurre egiteko agindu du epaileak berme hori. Luis Rubiales federazioko presidentea «oso pozik» agertu zen atzo ebazpenarekin: «Astelehenetan futbolik ez egotearren konpromisoa hartu nuen, eta bete egin dut. Epaileak argi utzi du federazioak duela eskuduntza eta ez ligak».

LFPk, berriz, ez zuen erantzun ofizialik eman, baina talde guztien ezohiko batzarrera deitu du astelehenerako. Helegitea jarriko du, besteak beste, haren ustez, ebazpenak «kontraesanak» dituelako. Helegite horrek, dena den, ez luke eraginik izango ligaren lehen jardunaldietan. LFPk aurretik esana zuen astelehenetako partidak kentzen bazituzten kalte ekonomiko larriak izango zituela, hitzarmen ekonomikoak sinatuak baititu telebista enpresa askorekin. Ligak lehen lau jardunaldietako egun eta ordutegiak jakinarazi ditu, eta ez dago partidarik astelehenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.