Iñaki Williams. Athleticeko jokalaria

«Ausardiak, kendu baino gehiago, eman egingo digu»

Iñaki Williamsek argi du zaleek ilusioa berreskura dezaten lortu behar dutela, eta horretarako egin direla aldaketak taldean. Aurreratu du Athletic «ezberdin bat» ikusiko dela, «estilo erasokorragokoa» eta «Europan sartzea helburu» izango duena.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 16
Leher eginda dago Iñaki Williams (Barakaldo, Bizkaia, 1994). Eduardo Berizzok, arratsaldeko lan saioa bertan behera utzi, eta asko luzatu du goizekoa. Halere, bazkaldu aurretik egin du solasaldia, gaztelaniaz. «Euskara ulertzen dut, dena, baina kostatzen zait hitz egitea. Twiarekin antzera pasatzen zait: guraso eta familiakoek twiz hitz egiten didate, baina kostatzen zait hitz egitea. Aduk [Aduriz] esaten dit: 'Elkarrizketa bat euskaraz ematen duzunean, sekulakoa izango da'. Ea posible den inoiz».

Astelehenean hasiko duzue liga. Zirrara berezia sortzen al dizu oraindik liga hasteak?

Bai, noski. Ikusmin handia sortzen digu, guri eta zaleei. Entrenatzaile berria, jokalari berriak... Sentipen oso onekin bukatu dugu denboraldi-aurrea, eta hirunaka batu nahi ditugu puntuak. Jendeak ikus dezala aldaketa egon dela iragan sasoitik, eta Europan sartzeko borrokan egon nahi dugula.

Zuk erabili duzu «aldaketa» hitza. Badakizue aurreko denboraldia ez zela ona izan.

Bai, gauzak ondo ez doazenean, jendeak aldaketak eskatzen ditu, eta sasoi honetan egon dira. Iragan sasoian ez genuen pozik bukatu. Honetan, berriz, dinamika ezberdina dela dirudi.

Berriz ere zuk aipatu duzu hitz gakoa: «ilusioa». Zaleei berriz piztea lortu behar duzue. Iragan sasoian jende gutxi joan zen San Mamesera, txistuak entzun ziren...

Jendeak eskatu egiten du. Ohitu egin da gu Europan ikustera, partidak beste modu batean jokatzera... Hori egin du Athleticek beti. Eta iragan sasoian ez zen halakorik egon, eta zaleek ilusio pixka bat galdu zuten. Baina sasoi honetan Athletic ezberdin bat ikusiko da: asko mugitzen dena goian, aurkariari itxarongo ez dioten eta hozka egitera joango diren jokalariak dituena. Eta San Mamesek duen esentzia hori berreskuratu behar dugu, iragan sasoian ez baikenuen lortu.

Erraza da gauza onetara ohitzea. Eta, agian, Athleticen zaleak ere ohitu egin dira.

Ni ere ohitu egin naiz. Lehen taldean eginiko urte guztietan jokatu dut Europan. Baina taldekide beteranoek, Adurizek, Susaetak, esaten digute hau ez dela beti horrela izan. Haiek mailaz ez jaisteko borroka egindakoak dira. Zaleek hori ere gogoratu behar dute, ez dela erraza, eta aurkariek ere estutzen dutela.

Aspertu egingo zara ostegunetan jokatu gabe.

Europan zaudenean, ia ez duzu atseden hartzeko denborarik; dena oso bizkor joaten da. Orain, asteak oso luzeak egingo zaizkit.

Zuk esana da: «Helburua lehen seien artean sartzea da».

Ni pertsona anbizioduna naiz, eta lehen seien artean sartzeko eta gauza handiak lortzeko borrokatzeko moduko taldea dugu.

Taldea iragan sasoikoa baino hobea al da?

Ez dakit. Jokalari oso onak fitxatu ditugu, eta postu berean dauden jokalariak erne jartzen ditu. Entrenatzaile berriak ere piztu egiten du jendea.

Nolakoa da Berizzo tratuan?

Oso gertukoa. Bere burua ulertarazteko duen erraztasunak harritu nau. Oso garbi azaltzen du zein jokamolde nahi duen. Gainera, iruditzen zait haren jokamoldea ondo egokitzen dela gure ezaugarrietara. Itsu-itsuan egin dugu bat haren ideiarekin.

Zer dio haren koadernoak?

Oso goian estutu dezagun nahi du, aurkaria ito dezagun. San Mames aurkariarentzat zelai oso zaila izatea nahi du. Korner eta falta bakoitzean aurkariak beldurra izatea nahi du. Gol bat sartzen dugunean ere hozka jarraituko dugula suma dezala nahi du, ez dugula espekulatuko.

Horrela jokatu eta kale egiten duzunean, baina, hutsa oso agerian gelditzen da.

Bai, argi dago. Guk arriskatu egiten dugu, 11 jokalarirekin goaz beste zelaira. Atzelariak buruz buruko egoeretan utziko ditugun uneak egongo dira, baina hori zuzentzeko ariketak egin ditugu.

Alegia, atzeraka ere korrika egin beharko duzula.

Bai, baina espero dezagun gutxitan ibiliko naizela hegalekoaren atzetik, eta gehiagotan bera nire atzetik. Sinetsita nago ausardiak, kendu baino gehiago, eman egingo digula.

Aldaketak egon dira: azkenekoa, Kepa Arrizabalagak taldea utzi izana. Nola hartu duzue? Ba al zenekiten zerbait?

Ezta arrastorik ere: ez genekien ezer. Egun batetik besterakoa izan zen. Egun batean zurrumurrua sortu, eta hurrengo egunean Londresen zen. Kepa nire laguna da, harreman oso ona dut harekin, eta adin berekoak gara. Oporretara ere elkarrekin joandakoak gara. Harritu egin gintuen. Baina taldean atezain oso onak ditugu. Dena den, hutsune garrantzitsua da, munduko atezain onenetakoa izango dela uste baitut.

80 milioi eurorekin gauza asko egin daitezke.

Bai, baina badakigu Athleticen merkatua oso mugatua dela.

Munduan arazo asko konpondu ditzakezu 80 milioi eurorekin.

Bai, egia da. Futbola orbitaz kanpo dago. Lehen, hogei milioi ordaintzen zenituen, eta mundua bukatuko zela zirudien, eta, orain, 80 ordaintzen dituzu, eta badirudi ez dela ezer. Futbolak proportzioa galdu du. Jendea dago jatekorik ez duena, eta guk 80 milioi ordaintzen ditugu. Baina tira, hau futbola da, gauzak horrela daude, eta guri mesede egiten digu.

Zuk ere 80 milioi euroko etete klausula duzu. Balio duzu?

Tira, klausula hori jarri zidan taldeak. Akordio bat egin genuen, eta ni oso pozik nago hemen.

Eskaintzarik izan al duzu udan?

Ez. Ordezkariak ez dit ezer esan. Ni lasai eta pozik nago hemen: nahi dudan tokian nago. Taldekideak lagunak dira, familia hemen dut... Urte askorako hemen egotea espero dut.

Berizzok zer eskatu dizu?

Bertikala izateko. Badaki arean asko ibiltzen naizela aukera garbiak izateko, eta sartzen ez badut ez dela ezer pasatzen. Nik badakit aurrelariei golak exijitzen zaizkiela, eta hamar golen langa pasatzea espero dut.

Huts egiten duzunean, ernegatzen al zara?

Bai, asko. Aukeraren bat huts egin ondoren etxera iristen naizenean, ezin zait hitz egin ere. Asko ibiltzen naiz burujanean. Gogorra zait ikustea jendeak espero duela nik gola sartzea eta kale egitea. Huts egindako gol bakoitza porrot bat da, horrek agian hiru puntu gutxiago esan nahi baitu.

Huts egindako aukera hori askotan agertzen al da buruan?

Bai, jokaldia hamabost edo hogei aldiz ikusteko gai naiz, eta askotan absurdoa da, ezin baituzu ezer egin. Baina zuzentzeko balio dizu, berriz ere huts hori ez egiteko eta antzeko jokaldi batean beste zerbait egiteko.

Arean sartzean urduri jartzen al zara oraindik?

Ez, dagoeneko ez, baina lehen bai. Golak sartu nahi baditut, arean lasai egon behar dut, pazientzia eduki, beti segundo bat gehiago dagoela jakin. Hori esaten dit Adurizek, segundo bateko lasaitasuna behar dudala, zenbat eta lasaiago egon orduan eta argiago ikusiko ditudalako gauzak.

Zer moduz dago Aduriz? Hura ere adinean gora doa.

Ondo, ikusgarri. Borrokalaria da. Ume bat balitz bezala entrenatzen da. Lan gogorra egiten ari gara, eta ondo barneratu du. Primeran lehiatuko da sasoi honetan ere.

Ehun partidatik gora daramatzazu Lehen Mailan. Zertan hobetu duzu?

Hasi berritan, beti erakutsi nahi duzu zer egiteko gai zaren. Orain, are garbiago dut nolako jokalaria naizen. Aurkariari izkin egiten hobetu dut. Lehen, askotan egoten nintzen jokoz kanpo. Orain, ikasi dut nire abiadurarekin ez dudala marran egon behar: metro bat atzerago egonda ere, bizkarra har diezaioket atzelariari.

Bizkorragoa al zara orain?

Ez dakit, baina argi dut hobeto erabiltzen dudala abiadura. Lehen, 70. minutuan leher eginda nengoen. Ezinezko baloietara iristen saiatu, eta jota bukatzen nuen. Orain, ez naiz joaten baloi horien bila, eta 70. minutuan aurrezten dudan indarra 90.ean erabil dezaket. Duela hiru urte, ez nintzen iritsiko Betisen aurka kontrolatu nuen baloi hartara, ordurako leher eginda nengokeelako.

Abiadura neurtu al duzu?

Ez. Sentsore batzuk daramatzagu partidetan, eta teknikariek esaten didate fisikoki oso ondo nagoela. Bizkorrena naizela esaten didate, eta Jainkoak eman didan bertute hori baliatu behar dudala.

Abiadura noizbait txikitzeak beldurra ematen dizu? Urteekin apaldu egiten da.

Ez dut horretan inoiz pentsatu. Noizbait hori pasatzen bada, beste modu batean jokatu beharko dut, eta atzelariarengandik metro batera irten beharrean haren paretik irten beharko dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna