Yuri Berchiche. Athleticeko jokalaria

«Garesti ordaindu nituen gaztetako okerrak. Berriz ez egiten saiatzen naiz»

Futbolean jokatzeko dohain handiak izan arren, kosta egin zaio Yuri Berchicheri maila gorenean toki bat egitea. Paris Saint-Germainen izarren itzalean bizi ostean, Athleticen garrantzi handia izango du ezker hegaleko atzelari zarauztarrak.
ARITZ LOIOLA / FOKU

Haritz Gallastegi -

2018ko irailak 5
Yuri Berchiche da Athleticek denboraldi honetarako egin duen apustu nagusia. Klub zuri-gorriak taldea indartu gura zuen, aurreko sasoi txarra hobetzen ahalegintzeko. Horretarako, 20 milioi euro gastatu ditu ezker hegaleko atzelari zarauztarra fitxatzeko. Gaztetan zuen grina baretuta, Athleticek eman dion bigarren aukera aprobetxatu gura du. Okerrik ezean, futbolari garrantzitsua izango da hurrengo denboraldietan.

Lau puntu eskuratu dituzue ligako lehen bi partidetan. Ontzat ematen duzu jaso duzuen uzta?

Ez. Uste dut taldeak sei puntuak merezi izan dituela.

Taldeari luze egin zaizkio lehen bi partidak. Nekatuta amaitu duzue, erregai gutxirekin.

Talde guztien gabezia da hori. Sasoiaren hasieran gaude. Arlo fisikoan nabarmen egingo dugu gora hurrengo asteetan. Teknikariek egoki antolatu dute denboraldi-aurrea, eta bide onetik goazela iritzi diot. Ni, esate baterako, askoz hobeto sentitu nintzen bigarren partidan aurrenekoan baino. Taldekide guztiak antzeko egoeran daude. Pazientzia behar da.

Lehen bi partidetan, eman dezakeenaren zertzelada batzuk erakutsi ditu taldeak. Baina, era berean, ikusi da hobetu egin behar duela. Zaleek baikor egon behar dute? Ez da gertatuko aurreko sasoikoa?

Jarraitzaileek baikor egon behar dute. Gainera, baikor egonez gero, helburuak lortzeko aukera handiagoa izaten da. Athleticen helburua Europarako sailkatzea da, baina ez da erraza izango. Aurreko sasoia txarraren ostean, klubak futbolari interesgarriak fitxatu dituela iritzi diot. Lehendik zeuden taldekideekin batera zaleen artean ilusioa sortzen ahaleginduko gara. Jokalariok gure esku dagoen guztia emateko gertu gaude.

Fitxaketak aipatuta, zu zeu zara Athleticek denboraldi honetarako egin duen apustu nagusia. Ardura handia da hori?

Ez dut aparteko zamarik. Nik presioa behin baino ez dut nabaritu nire kirol ibilbidean, Paris Saint- Germainekin Txapeldunen Ligan Real Madrilen kontra jokatu nuenean. Presioa da kluben arteko lehiaketa nagusia irabazteko premia izan eta munduko talderik indartsuena gainditu behar izatea. Athleticek nigan erakutsi duen konfiantza zelaian lan ona eginda bueltatzea baino ez daukat buruan. Klubak ahalegin ekonomiko handia egin du ni fitxatzeko.

Zer eskatzen dizu Berizzok?

Azken denboraldietako bideari jarraitzeko. Realean eta PSGn erakutsi dudan mailari jarraipena emateko. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Elkarren aurka sarri aritu gara. Konfiantza handia erakutsi dit lehen egunetik. Jokalariok eskertzen dugu babesa. Erasoan aurkaria ezustean harrapatzeko eskatzen dit, atzelaria naizela ahaztu barik. Athleticera etorri nintzenetik, gozatzen ari naiz.

Athletic lehendik ere ezagutzen zenuen. Gazte mailan aritu zinen. Lezama eta inguruak oso aldatuta aurkitu al dituzu?

Lezama asko aldatu da. Urte gutxian asko hobetu dituzte instalazioak. Oso leku egokia da lan egiteko. PSGk ere ez du horrelako gune ederrik. Bestalde, taldekide batzuk aspalditik ezagutzen nituen, eta beste askoren kontra sarri jokatu dut. Taldea uste nuen bezain ona da.

Gaztetan bihurria omen zinen. Noiz aldatu zenuen jarrera?

Egindako okerretatik ikasi egin dut. Heldu egin naiz, eta eskarmentuak ere laguntzen du gauzak hobeto ulertzen. Adinean aurrera egin ahala, zer ez den egin behar ikasten da. Gaztetan egindako okerrak garesti ordaindu nituen, eta berriz ez egiten ahalegintzen naiz. Futbolaz gozatzea dut xede.

Zure ibilbidea eten egingo zen beldurrik izan al zenuen?

Bai. Real Unionen jokatu nuen lehen urtean futbola uztea pentsatu nuen. Valladolidekin Lehen Mailan jokatu ostean, Irungo taldeak fitxatu ninduen. Lehen bi partidak jokatu nituen, baina lehen itzuliko gainerako neurketetan ez nintzen aritu. Une latza izan zen. Egunerokoa oso gogorra izan zen niretzat. Futbola uztea pentsatu nuen, baina Real Unionek Miguel Sola fitxatu zuen, eta, haren laguntzari esker, egoerari buelta eman nion. Mugarria izan zen. Ordutik gauzak asko aldatu dira niretzat.

Reala, Athletic, Tottenham, Valladolid, Real Union, Eibar, PSG…Klub asko ezagutu dituzu. Guztiak dira ezberdinak, beraz, denetatik ikasiko zenuen zerbait.

Bai. Era guztietako taldeak ezagutu ditut: 2. B Mailako talde apalak, Eibarren hazkundea barrutik bizi izan nuen, Parisen mundu mailako izarrekin jokatu dut... Talde bakoitzean ikasten ahalegindu naiz. Han eta hemen erakutsi didaten dena hobetzeko baliatzen dut.

Oso gazte utzi zenuen etxea. Erraz egokitu zinen?

Jokalariaren izaeraren arabera, errazagoa edo gaitzagoa izaten da horrelako egoerei aurre egitea. Niretzat aberasgarria izan zen. 16 urterekin joan nintzen Londresera. Etxetik kanpo bizitzea zer den orduan ikasi nuen. Ez da erraza adin horretan gurasoen altzotik atera eta aurrera egitea. Kirol arloan ez nuen zorte handirik izan, baina gainerakoan esperientzia ederra izan zen. Bakarrik moldatzen ikasteaz gain, beste hizkuntza bat ikasi nuen.

Eredurik izan al duzu futbolean?

Jokalari bat baino gehiago dut gustuko. Sergio Ramos da haietako bat. Daukan guztia ematen du bere taldearen alde. Ez da inoiz ezkutatzen. Nire postuan, berriz, Filipe Luis nabarmenduko nuke. Jokalari osoa da. Erasoan zein defentsan bikaina da. Nire erreferentzia nagusia izan da.

Bada, hura zuk PSGn utzitako lekua betetzear egon da.

Bai. Futbolak horrelako gauzak ditu.

28 urte dituzu. Ez zara hasiberria. Heldutasunean zaudela esan daiteke. Hala ere, zer hobetu badaukazu?

Bai. Beti dago zer hobetu. Nik defentsako lanean daukat lanik handiena. Inguruan eskarmentu handiko jokalariak izateaz gain, teknikarien lantaldetik ere asko ikas daitekeela iritzi diot.

PSG aipatu berri duzu. Denboraldi bat jokatu zenuen Parisen. Zer erakutsi zizun goi mailako talde baten jokatzeak?

Talde horietan aritzen diren futbolariak miretsi egiten ditut. Partida guztiak irabazteko beharra izatea nekagarria da. Talde horietan ezin da txarto jokatu. Maila eman ezean, lekua galtzen da. Norberaren kirol bizitzako urte guztiak presio horrekin jokatzea oso gogorra da. Sekulako meritua dute. Hala ere, esperientzia ederra izan zen. Klub handi bat ezagutzeko aukera izan nuen. Txapelketa asko irabazi genituen. Esperientzia bikaina izan zen. Baina ez da samurra. Horretaz gain, taldekide izan nituen izar guztiak une oro laguntzeko prest agertu ziren. Lagun asko egin nituen Parisen. Erretiroa hartzen dugunean elkarrekin egoteko denbora gehiago izango dugu.

Irabazten jarraitzeko aukerak ez zizun Parisen jarraitzeko tentazioa eman?

Ez. Hasierarik ikusi nuen Athleticen jokatzea oso aukera ona zela. Klubak eskaintza oso ona egin zidan. Une egokian etorri zitzaidan aukera. Gainera, Parisen gertuen nituen futbolari gehienek ere beste bide bat hartzea erabaki zuten, eta, Parisko babesa galduta, beste bide bat hartzea erabaki nuen.

Athleticeko presidentea klub zuri-gorrian hazitakoa da. Jokalaria izan zen urte askoan, eta orain bere bizitzako taldea zuzentzen du. Parisen, berriz, Europan nabarmentzeko klub bat erosi zuten kudeatzaileen aginduetara bizi zinen. Alde handia al dago agintarien artean?

Josu [Urrutia] ezagutzen ari naiz. Ailegatu berria naiz. PSGkoa hobeto ezagutzen dut. Nasser Al-Khelaifi serioa eta profesionala da. Neurketaren aurretik eta egonaldietan jokalariokin elkartzen zen. Oso gertutik jarraitzen du taldearen egunerokoa. Tenislari profesionala izan zen, eta ondo ezagutzen du goi mailako kirola. Kanpotik bestelakoa pentsa daitekeen arren, oso atsegina da.

Donostiatik Parisera eta Paristik Bilbora egin duzu. Donostiatik Bilbora zuzenean joatea posible izango zela iritzi diozu?

Ufa! Ez dakit. Ez da gertatu. Ezin diot galdera horri erantzun.

Reala aipatuta, lesioek futbol profesionaletik kanpo utzi dute Imanol Agirretxe. Gogor egin du lan, baina urte askoan zure taldekide izan zen aurrelariak ezin izan du jarraitu. Ez da agur esateko modurik onena.

Bere kirol ibilbideko unerik gozoenean zegoenean hartu zuen min. Pena izan da. Realean urtero fitxatzen zuten aurrelari bat harekin lehiatzeko, eta denei hartzen zien aurrea. Bere kirol ibilbidea oso ona izan da. Mutil bikaina da.

Aste Nagusian gertutakoez badaukazu zerbait esateko?

Ez. Ez nintzen egon. Akatsetatik ikasten da. Lehen ere esan dizut. Guztiok egiten ditugu okerrak.

Kontua da egun kontu handiz ibili behar duzuela. Lupaz begiratzen zaituztete, eta egiten duzuen guztia grabatzen dute.

Bai. Lotsagarria iruditzen zait. Inori ez zaio gustatzen horrela ibiltzea. Jokalariok kontu handiz ibili behar dugu. Iñakik [Williams] bere konfiantzako taldearengan utzi du kontua.

Futbolarion alde txarra azaleratzeko joera dago, baina gauza on asko ere egiten dituzue. Adibidez, Oskar de Marcos sarri joaten da minbizia duten haurrak bisitatzera.

Askotan ez da jokalariaren alde hori erakusten. Oskar mutil bikaina da. Beti dago laguntzeko gertu. Ekinaldi bikaina da.

Espainiako Ligako partidaren bat Estatu Batuetan jokatzearen aldekoa zara?

Ez da erraza. Jokalariontzat eta zaleentzat ez da erabakirik onena, baina gure futbola munduan erakustea interesgarria izan daiteke. Egin behar bada, egingo dugu.

Azken asteburuan ez duzue partidarik jokatu. Vallecas ez dago jarraitzaileak hartzeko moduan. Eta munduko ligarik onena dela esaten dute, izarrena.

Ligarik onena izateko asko falta zaio. Ingalaterrako Premier League da ispilua. Han ez dira horrelako kontuak gertatzen. Espainiakoan pasatzen dira Vallecasen edo Zorrillan gertatukoak.

Ia hiru astez egongo zarete jokatu barik. Sasoi-aurre txiki bat egiteko aukera daukazue.

Hobetzeko aprobetxatuko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Haritz Gallastegi

Informazio osagarria