Pere Pons. Alaveseko jokalaria

«Hobera egin nuen Callejak nigan konfiantza jarri zuenean»

Alavesek taldean aldaketak egin dituen arren, talde sendoa osatu du. Pere Ponsek ahalik eta gehien jokatu nahi du, eta, horretarako, Javier Calleja entrenatzaileak esaten dionaren arabera «egokitzen» saiatuko da.

DEPORTIVO ALAVES.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Lehen Maila hastear dagoela, Alaveseri ez zaio egokitu aurkari samurra: Real Madril. Pere Ponsek (Girona, Herrialde Katalanak, 1993) dio «pizgarria» dela horrelako aurkari baten aurka aritzea.

Zer moduz doa astea?

Ondo, ilusioz hasi dugu astea. Hilabete baino gehiago daramagu sasoia prestatzen, eta gogo handiz gaude. Gainera, pizgarria da Real Madril bezalako aurkari baten aurka hastea. Mendean hartzen zaituen talde bat da: bai baloiarekin, bai baloirik gabe. Gol asko sartzen dituen talde bat da. Saiatu behar dugu atzean sendoak izaten, eta baloiarekin nortasuna izaten; ez dugu ezkutatu behar. Garrantzitsua izango da baloia izatea.

Mendizorrotzan ariko zarete, eta, gainera, zaleak egongo dira.

Bai, zaleak gurekin egotea inportantea da. Iragan denboraldian, igarri zen zalerik gabe maila jaisten genuela, eta, sasoi honetan ikusle gutxi egon arren,garrantzitsua izango da zaleak gertu sentitzea. Ziur nago partida ona egiten lagunduko digutela.

Nola joan da denboraldi-aurrea?

Uztail hasieran ekin genion, eta saio asko izan ditugu, eta deskantsatzeko egun gutxi. Baina uste dut garrantzitsua dela entrenatzaileak helarazi nahi dizkigun balioak eta aginduak barneratzeko. Aste bat egon ginen La Mangan (Espainia) entrenatzen, eta horrek asko lagundu zigun talde moduan hazten: ez bakarrik futbol arloan, baita denok elkar ezagutzeko ere. Ikusiko da larunbat honetan kapazak garen ikasitakoa praktikan jartzeko.

Zer esparrutan jarri du arreta Javi Calleja entrenatzaileak?

Iragan denboraldian etorri zenean, denon pentsamoldea aldatu zuen. Hark zera nahi du, baloia izatea, eta baloirik gabe gaudenean, atzean sendo egotea, eta baloia galtzean, aurkaria estutzea. Beste entrenatzaileekin, agian, joko zuzenagoa egiten genuen; zelaian askatasun gutxiago genuen. Callejak baloia gehiago izatea eskatzen digu, eta paseko aukerak une oro izatea. Denok gustura gaude bai harekin, bai haren ideiekin; hortaz, denok batera goaz. Horrek behar luke izan bidea denboraldi on bat egiteko.

Lagunartekoetan, zazpi partidatan hamabi gol sartu dizkizuete. Larritzeko zerbait da?

Hobetu beharreko alor bat da, eta, lehen lagunartekoetan, Callejak esan zigun gol asko sartu zizkigutela, eta hori ezin zela horrela izan. Hala ere, egin beharreko lan hori talde osoarena da, ez bakarrik atzelariena. Azken lagunartekoetan gol gutxiago sartu dizkigute, eta gol asko sartzen ari gara. Hortaz, egun hauetan esparru hori lantzen ibili gara.

Zortzi jokalari joan dira, eta zazpi etorri. Aldaketa handia da?

Bai, asko aldatu ditugu jokalariak. Hala ere, Callejak eskatzen duena dago taldean. Jokalari gazteak eta talentu handikoak fitxatu ditugu, eta anbizio eta gogo handiz etorri dira. Asko lagunduko digute. Joan den denboraldiarekin alderatuta, bestelako jokalariak dira, eta ahalik eta azkarrena moldatu beharko dute taldera. Gehigarri hori emango digute iragan sasoia baino hobea egiteko.

Bereziki erdiko lerroa indartu dute fitxaketen bitartez.

Maila handiko jokalariak etorri dira: teknikoki oso onak dira, eta gazteak dira. Askok erakutsi nahiko dute Lehenengo Mailan jokatzeko talentua dutela. Entrenamenduetan lehiakorrak bagara, taldearen maila igo egingo da, eta hori positiboa izango da bai taldearentzat, bai niretzat.

4-3-3 edo 4-4-2 eskemak tartekatu dituzue. Nola ariko zarete?

Bi eskema horiek aldatuz joan gara, eta entrenatzaileari hori gustatzen zaio. Ni bietara egokitu naiteke. Hala ere, egia da 4-3-3ko eskeman nire postua erasoko erdilariarena dela; baina 4-2-2koarekin euskarri moduan, edota hegalean jokatzeko moldatu naiteke. Izan ere, joan den sasoian, hegalean aritu nintzen hainbat partidatan. Beraz, entrenatzaileak esaten didanaren arabera egokitzen saiatuko naiz, eta dudan guztia emango dut. Alde horretatik, kokatzeko sistema da gutxienekoa.

Iragan sasoian Callejak konfiantza zugan jarri zuenean, erakutsi zenuen zertarako kapaz zaren. Konfiantza ezinbestekoa da?

Bai, oso garrantzitsua da. Callejak nigan jarri zuenean konfiantza, hobera egin nuen: minutu batzuetan jokatzeko aukera eman zidan, komunikazio ona zegoen gure artean, eta nire jokatzeko modua ulertu zuen. Ikusi zen kalitatezko jauzia eman nuela joan den sasoiaren bukaeran, eta taldeak partida onak egin zituela eta behar genituen emaitzak lortu genituela. Funtsezkoa da entrenatzaile batek entzuten jakitea, eta jokalari guztiei ulertzea; nahiz eta batzuetan ez jokatu, garrantzitsua da babestua sentitzea.

Sasoi honetan, baduzu hamaikakoan egoteko aukerarik?

Ez dakit, eta horrek ez nau itsutzen. Argi dago ahalik eta gehien jokatu nahi dudala, baina ez dut beti hasieratik jokatu behar; nik nahi dudana da taldeari laguntzea. Norgehiagoka batzuetan, nire ezaugarrien arabera hasieratik atera beharko dut; beste batzuetan, aulkian itxaron beharko dut. Entrenatzaileak ideiak argi ditu, eta badaki aurkariaren arabera zer-nolako jokalariak nahi dituen, eta denok bat egin behar dugu haren ideiekin.

Zein da taldearen xedea?

Argi dago: mailari eustea. Ez zen zentzuduna izango gorago begiratuko bagenu. Garrantzitsuena Lehen Mailan jarraitzea da, eta xedea ahalik eta azkarrena lortzea litzateke egokiena. Helburua betetzean, gorago begiratzeko astia izango dugu, baina jakitun izan behar dugu talde xumea garela.

Horretan, garrantzitsua izango da Joselu. Geratuko al da?

Ez dakit zer egingo duen. Guretzat ezinbesteko jokalaria da; ez bakarrik golengatik, baita taldeko giroarengatik ere. Taldeak estimu handia dio Joseluri; langile peto-petoa da, eta jokatzen dugun eranasko laguntzen digu. Hura joatea gogorra litzateke, baina berak bere arrazoiak izango ditu geratzen bada, eta joaten bada berdin, eta gu hor egongo gara hari babesa emateko.

Hirugarren sasoia egingo duzu Gasteizen. Pozik zaude?

Oso gustura nago hirian, eta baita jendearekin ere. Etorri nintzenean, lehenengo sasoian, gehiago kostatu zitzaidan egokitzea; izan ere, inoiz ez nintzen Gironatik atera. Egun, entrenamendu guztietan dena ematen ahalegintzen naiz, eta egunetik egunera kokatuago nago, eta jokalari hobea naiz. Ea sasoi gehiago egiten ditudan Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.